Jose Azurmendi eta bizitzaren zentzua 4
Azurmendiren esanetan, hiru modu hauetan lotu izan dio nagusiki gure tradizioko gizabereak bere burua bizitzaren zentzuari:
Lehenbizi, estasia: zenbait gertakari zentzuz beteak ageri zaizkigu, perfektuak, goitik behera bereganatzen gaituzte, guztiz bestelakora garamatzate nostalgiazko poz baten hegaletan: emozio sakon bat kontzertuan, ibilian harrapatu zaituen egunsentia, jai zirraragarri hura, amodiozko betegintzarrea.
Bigarrenik, xede pertsonalari ere lotzen dio Azurmendik zentzua. “Pertsonala” esaten dion arren, Azurmendik azpimarratzen du zentzu-molde horrek askotan pertsona partikularraren interes pribatua gainditzen duela. Nire bizialdia mugatua da: zein zentzu eman nahi diot nire denborari, zeri merezi du nire bizitza entregatzea? Azurmendiren ustez, giza bizitzari zentzua ez dio emango helburua erdietsi izanak; aitzitik, mendizalearenean bezala, igotzeak berak hornitzen du ibilaldia zentzuz. Che Guevararen bizitza ez zuen zentzurik gabe utzi bere xedeak erdietsi ez izanak. Kristauen hizkeran, bizitzari zentzua ez dio zeruak ematen; aldiz, zentzuz jantziriko bizitza batean aurkitzen du bere tokia zeruak, itxaropenak; honaindian txertatzen da zeruaren zentzua.
Azurmendik dio, bizitzaren zentzua eta mendira igotzea parekatzen dituelarik, mendira igotzeko benetako arrazoia ez dela izaten mendizaleak berak aipatzen duena: gailurra zapaltzea, egunsentia gozatzea, ikuspegiaren ederra; aitzitik, “arrazoia igotzean bertan datza, bidean. Patarrean eta izerdian, sufrimenduan. Norbere ukoan, norbera gainditzean. Nahian eta ahaleginean. Agian zure burua bilatzen duzu. Zu zeu, zure arima, behartzen duzun gorputz horixe zarela egiaztatu gura duzu. Eta gorputz hori beste zerbait dela eguneroko errutinako norgabea baino. Zure buruaren -ahalaren, ezinaren-, zure mugen esperientzia egin, existentziaren esperientzia: existentziaren kontzientzia mugen kontzientzia baita. Eta, aldi berean, inguratzen zaituen guztiaren mugabakoa sumatu, mugabakoaren baitan ibiltzen sentitu. Izadi immentsoaren adiguri edo anparoan bildua ikusi zure izatea -borroka, inpotentzia. Beste mundu bat bilatzen duzu, bai; baina zeure barnean. Beste zeu bat, diferentea, etortzen, igotzen, inoiz ez ailegatzen, eta beti ailegatua nolabait. Eta agian, gero, izan daiteke egiaren parte bat hori ere, gailurreko argi posiblearen eta bideko txoriak entzuteko ideiaren pozak lagun egiten eta laguntzen diola mendizalearen eginahalari. Baina egintzaren egiazko zentzua egintzaren beraren barruan dago, ez dator kanpotik emanda; zentzua bideak dauka, ez gailurrak. Edo, hobe, zentzua mendizalearen erabaki(men)ak eta ahalegintzak dauka.” (Azken egunak Gandiagarekin, 285)
Hirugarrenik, horizontetzat eta argitzat ere hartu izan da zentzua, gauzak ageri zaizkigun hondotzat, ikustea eta ulergarritasuna ahalbidetzen duena, baina baita bizitza bera ere: zentzua ez da ezer, baina zentzurik gabe ezer ez da ezer. Mitologietan argia mundua baino lehenagokoa izaten ohi da, gauza ororen izatearentzako espazioa, Biblian zehazki eguzkia baino lehenagokoa. Argiari esker gainditzen da hasiera baino lehenagoko kaosa, argian atontzen da kosmosa, hasiera bera baita argia, formen unibertsoaren altzo, edozer ager dakigun beharrezko; gure baitatik atera ere egiten gaitu, gauzetara joan gaitezen. Zentzuan bizi garen bezalaxe, argian bizi baikara ohartu ere gabe argian gabiltzala. Gandiaga argindarrik gabeko baserri batean jaio eta koskortu zen; inoiz ez dugu jakingo zer izan ziren Gandiaga lakoentzat egunsentia eta ilunabarra; badugu bonbilla, baina galdua dugu argiaren eta ilunaren sentiberatasun derrigortu hura, Gandiaga egunero goizean goiz jaikitzera bultzatzen zuena, argiaren betiko etorrera eta zabaltze beti berria bizi ahal izateko.