Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Joan Mari Torrealdairen trikimailu bat

Joan Mari Torrealdairen trikimailu bat

Markos Zapiain 2020/08/02 13:45
Nola atera frankismo betean Herbert Marcuseri buruzko Jakin berezi bat

Joan Mari Torrealdairen lau liburu hauek funtsezkoak dira ezagutzeko euskararen aurkako  eraso zenbaitetan eroxka, baina sarritan helburu suntsitzaile gogor batez zorrozki programatuak: El libro negro del euskera (Ttarttalo), Artaziak (Susa), Asedio al euskera (Txertoa) eta De la hoguera al lápiz rojo (Txertoa).

Mintzoz ere aipatu izan du Torrealdaik han-hemen irrika ezabatzaile hori, eta horri aurre egiteko erabili behar izaten zuten pikareska tristea. Behin batean, Karlos Santamariak Herbert Marcuseri buruzko hitzaldi bat eman behar zuela-eta, Jakinekoek, bultzada hori oinarri, Marcuseri buruzko monografiko bat argitaratzea deliberatu zuten. Santamariaren hitzaldia debekatu zuten, ordea. Jakinekoek pentsatu zuten Marcuseri buruzko dossierra era debekatuko zietela. Halatan, erabaki zuten aldizkariko "Marcuse" guztiak "M."-z ordeztea. Eta horrela bai, pasatu zen. Kontatzen duen moduagatik, ematen du Torrealdairi berari bururatu zitzaiola. Dena den, berehala debekatuko zuten erabat Jakin, "por nacionalistas y progresistas".

Joan Mari Torrealdairen eta Joxe Azurmendiren arteko elkarrizketa honetan, Eusko Ikaskuntzak antolatua, Torrealdaik berak kontatu du Marcuseri buruzkoa 15. eta 16. minutuen artean.

Zentsuraren bultzatzaile indartsuetako bat, frankismoan, puritanismo katolikoa zen. Juan Benet nobelista espainolari "beso" debekatu zioten, "ósculo"z ordeztera behartu; eta  "sobaco" barik "axila" ipini behar izan zuen. Ez gutxitan, duindu egiten da hizkuntza zentsurari esker. Alderatu bestela "Déjame darte un beso en el sobaco, Josetxo" eta "¿Puedo darle un ósculo en la axila, señor Obispo?"   

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.