Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Jainkoa, Aberria, Iraultza. Kristauak eta mairuak

Jainkoa, Aberria, Iraultza. Kristauak eta mairuak

Markos Zapiain 2011/07/30 09:10

 

Zerk ematen dio bizitzari zentzua? Batzuetan bizia zeren alde emateko prest zauden, horrek adierazten du zein den zure bizitzaren zentzua. Eta hemen bilakaera bat izan dugu, Europan bai bederen. Aurrena, Jainkoaren alde ematen zuen europarrak bizia, Jainkoa baitzuen bizitzaren zentzu. Gero, pixkanaka, jendearen odola isuriarazteko indarra zuen Jainko hori hiltzen joan zen, itzaltzen, eta europarra Aberriaren alde edo Askatasunaren alde hasi zen bizia ematen, aberriak, askatasunak, justiziak ematen baitzion orain zentzua haren bizitzari. Zuzen zebilen horri dagokionez Nietzsche, adierazi zuelarik ideal horiek Jainkoaren ordezko direla. Joxe Azurmendik bat egiten du Nietzscheren diagnostiko horrekin: aberria, askatasuna, giza eskubideak, demokrazia, sozialismoa, anarkismoa... horiek denak Jainkoaren eta kristautasunaren antzekoegiak dira, zeren, idealaren edukia aldatu dutela onartuta ere, eta nahiko lan, bistan da idealaren egitura gorde eta errepikatu dutela: hots, dagoena, aurrean duguna, oraina, ez dugu onartzen, eta orainak darakutsanaren ordez helburu bat proposatzen dugu, idolo bat, eta horren bila jarduteari ekiten diogu.

 

Aldiz, gaur egun mendebaldean inor gutxi dago ideal horietakoren baten alde odola emateko gertu. Ez dugu sentitzen gure bizitzari zentzua ematen diotenik. Gaur egun, inguruan galdetuz gero, zerbaiten alde baino gehiago norbaiten alde sakrifikatuko luke jendeak bere bizia Europan, maiteen alde emango luke odola, pertsona konkretuen alde.

 

Horrek Europa ahuldu egiten du noski, kulturen arteko norgehiagokan. Alegia, kristauak gure aroan nagusitu ziren milaka fededun zituztelako Jainkoaren alde bizia emateko prest, Jainkoak ematen baitzion zentzua beren bizitzari. Orain ordea inor gutxi gelditzen da Europan ez Jainkoaren eta ez Europa eratu duten balio edo zentzu horietako baten alde bizia sakrifikatzeko gertu, zorionez ia ez zaigu martiririk gelditzen.

 

Non aurki dezakegu gaur egun munduan jarrera hori? Musulmanen artean. Horiek bai, milaka eta milaka lagun dituzte bizia Alaren alde emateko prest, Alak ematen baitio zentzua beren bizitzari.

 

Mugimendu demografikoak aztertuta, jaiotze tasak, herrien zaina eta ganora, ematen du epe ez oso luzera mairuen nagusitasuna munduan kristau zibilizazioak azken bi mila urteotan izan duenaren tamainakoa izango dela.

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.