Jaiki banadi, jaso baneza: ez adiorik
Garai bateko euskaldunak garbi bereizten zituen “jaiki banadi” eta “jaikitzen banaiz”, “jaso badezat” eta “jasotzen badut”, “jaiki banendi” eta “jaikiko banintz”, “jaso baneza” eta “jasoko banu”. Euskalki guztietan, gainera. Haatik, banadi, badezat, banendi, baneza sailak galtzen ari dira, eta “jaikitzen banaiz” eta “jasotzen badut” paradigmak ari dira galtzaileen eremuaz jabetzen. “Banadi” eta “banendi” gorriz azpimarratzen ditu Xuxenek.
Txillardegik Mikoleta zaharraren esaldi hau dakar: “Kontuz! Jaiki banadi ikusiko duzu!”. Gaur horrela esango genuke: “Kontuz! Jaikitzen banaiz ikusiko duzu!»
Desberdinak dira, alabaina. Mikoletaren subjektu etzana jaiki egin daiteke; eta egin dezakeena, noizbait gerta litekeena, mehatxu gisa aipatzen du: “jaiki egin naiteke ni; beraz, kontuz: jaiki banadi berandu izango da, eta jipoi galanta hartuko duzue”. Baldintza subjektiboen mailan gaude, gertaera enpirikoetatik at.
Bestelakoa da “jaikitzen banaiz”. Txillardegiren adibidea: «beti berandu jaikitzen banaiz, ohartu egingo dira azkenik lantegian». Baldintza objektiboa dugu, gertaera enpirikoen munduan gaude.
"Jaiki banadi" puntualagoa da, behin gerta daitekeen zerbaiti buruz egokiagoa; "jaikitzen banaiz", berriz, zabalagoa da, eta behin baino gehiagotan gertatzen direnei buruz erabiltzeko modukoa.[1]
Tamalez, “banadi” eta “baleza” ahalera ederrak gure aditz-paradigmari ematen zioten ñabardura aberasgarria ia erabat galdu da.
“Etorriko zen” eta “etorriko litzateke”rekin gertatzen ari dena dugu hemen ere: “jaikitzen banaiz” eta “jaiki banadi”, biak berdin esaten direla espainolez eta frantsesez: “si me levanto”, “si je me lève”.
Gauza bera gertatzen da “ahal banu” eta “ahal baneza” formekin ere: berdin esaten direnez frantsesez eta espainolez —“si pudiera”, “si je pouvais”—, “ahal baneza” desagertzen ari da.
Horiek ere desberdinak dira euskaraz, aurreko bikotekideen antzeko arrazoiengatik: lehena objektiboa litzateke, kanpotik datorkidan egoera; eta bigarrena subjektiboa, geure esku legoke.[2]
Galera ilustratzeko, “jasoko banu” eta “jaso baneza” bikotea ere erabiltzen du Txillardegik. Bai “jasoko banu” eta bai “jaso baneza”, biak berdin esaten dira espainolez eta frantsesez: “si levantase”, “si je levais”.
Baina desberdinak dira bi adizkera horiek ere: “jaso baneza” subjektiboa da, «ustezko kutsua du, potentziala baita. Alegia, egin daitekeen, edo gertatzea benetan nahi genukeen edo bildur ginatekeen zerbait azaltzeko erabiltzen da, “jaiki banadi” saila bezala».[3]
“Jasoko banu” forma, berriz, objektiboa da, «gure eskuetan ez dagoen zerbait azaltzeko, edo gertatzea berdin zaiguna. Alegia, baldintzaren obratzea ala ez obratzea ez dago gure ahalmenean. Kanpotik edo gainetik datorkigu baldintza: “hilko ez bagina”, “haur inoiz izan ez bagina”, “mundua bihar amaituko balitz”, “Jaungoikorik ez balitz”, eta abar».[4]
Txillardegi: «Ageri den bezala, erdaraz bi aditz-aldi hauek ez dute diferentziarik; eta horretatik heldu da euskaraz gero eta nahasiago egotea, bigarrena lehenengoari nagusituz».[5]
Azkuez eta Lafonez gain, Sapirrek eta Whorfek ere lagundu zioten Txillardegiri ohartzen ezen,
«euskara zaharrak, beste zenbait hizkuntza urrunek bezala, denbora alegiazkoa (mitikoa) eta egiazkoa (kondairakoa) berezten zituela. […] Gure ondoko erdarek ez dute berezketa hori egiten, ordea. Hortaz: euskaldunok ere ez! Horra hor, garbi, estruktura aldaketa bati dagokion pentsakera-aldaketa».[6]
Zer egin?
Txillardegiren ustez, batetik, ondo zehaztu gaurko euskara batuan euskal aditzaren aspektutik «atxiki daitekeen eta atxiki behar litzatekeen partea».[7]
Dena den, «lehen-lehenengo puntua erdara ahaztutzea da. Areago: sasi-logikatzat itsatsi zaizkigun erdal estrukturetatik geure burua zeharo erauztea. Ez bait da batere erraza!».[8]