Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Itzulera-operazioa Erdi Arora

Itzulera-operazioa Erdi Arora

Markos Zapiain 2010/09/22 09:40
Giza eskubideen aurkako irainik larrienetakoa da jatetxeetan zerbitzariei soineko etnikoak jantzarazteko ohitura berri samarra, zehazki giza duintasunaren aurkakoa. Emakumea ez dabil gustura sukaldetik jantokira poxpolin edo mexikar jantzirik, edo Erdi Aroko kortesana. Gona zabalduz doa gerritik oinetarako bidean, adatsa zapi zuriz edo txano tipikoz biltzera behartzen dute. Lagunek jatetxeko atera hurbildu eta adarra jotzen diote. Jatetxeko nagusiei jakinarazi behar genieke jantzi arruntek ez dutela horrenbeste trufa eragiten, horrenbeste oinaze.

 

Erdi Aroko azokak ere nabarmen ari dira ugaltzen. Deigarria da orduan zerabiltzaten infusio-belarrak nola birziklatu diren orain pilula gisa, parafarmazietan salgai, eta, gero eta maizago, baita farmazia arruntetan ere. Hileko mingarriak, eztula, psoriasia, sexu-ezintasuna, hilearen erortzea, tripako haizeak... Azoka horietan digestioa ondo egiteko saltzen zuten belar desberdin piloa kontuan hartuta, esan liteke Erdi Aroan benetan obsesionatuta zebiltzala bazkal osteko eragozpenak desagerrarazi nahian.

Aurten Oliten nabarigarriena zerri-eme edo ahardiaren txorizoarena egin zait. Horrela zioen salmahaiko errotuluak: “Chorizo de Cerda”. Saltzaileak azaldu zigun zerri-arraren txorizoari sexu-usaina dariola eta produktu kimikoak erabili behar izaten dituztela keru sarkor hori amatatzearren. Ondorioz, ekologistek zerri-emezko txorizoaren alde egin dute: ez darionez sexu-lurrinik, kimikarik behar ez eta txorizo-pusketa natural ahoratu dezakezu.

 

Erdi Aroko azoken ugaltzeak badu halaber alde etsigarri bat, erregresio psikologiko baten sintomaren kutsua. Zergatik Erdi Aroa? Askeago ginelako, Gaztelak artean konkistatu gabeak, euskara bera ere indartsuago zebilkeen. Erdi Aroan kokaturiko Toti Martinez de Lezearen eleberriak dira arrakastatsuenak Euskal Herrian, eta, Joseba Gabilondok dioenez (“Axolagabekeria terrore gisa: estatu-politika eta euskal literatura globalizazioan”, aurki argitaratzekoa), kausetako bat horixe izan liteke, espainolen inbasioa baino lehenagoko gizartea erakusten digutela, estatu espainol zein frantsesa artean sustraitu gabeko garai historikoa, horien atzaparretatik libre ginenekoa.

Martinez de Lezearen eleberrien euskarazko itzulpenak ikaragarri ondo saltzen dira. Gazteleraz gehi euskaraz, 1.000.000 ale inguru saldu ditu. Koldo Goitia eta biok bestelako salmenta mailan gabiltza, 100 ale edo (zerbait gertatzen zaizu ala?, burlaize hori..., Nietzschek adina saltzen dugu Goitiak eta biok)  eta erdia baino gehiago gure izebek erosiak. Labur: Martinez de Lezearen eleberrien arrakastaren azpian bezalaxe Erdi Aroko azoken inflazioarenean ere, gure gaur egungo ezintasun politikoa zenbait egunez ahazteko nahia legoke, Nafarroa beregain zen sasoira irudimenez itzulirik; eta, oroz lehen, berriro mozkortzeko aitzakia, poxpolinen txorizo emez inguratuta, ahal izatera.


.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.