Irribarrearen etika
Koldo Mitxelenak ez zuen tratatu moralik idatzi, ezta hatsarre moralen katalogorik ere. Are, ez zuen ezein etika-sistemarekin zeharo bat egin. Dena den, haren ohar eta aipuetan badira aztarna eta hari batzuk, elkarren ondoan jarriz gero, haren mundu-ikuskera etikoa berregiten eta osatzen lagungarri lekizkigukeenak. Etxean ikus-entzunikoez gain, ematen du gerra zibilean borrokatu izanak eta espetxealdiek zeresan handia izan zutela Mitxelenaren etika moldatzeko eta zorrozteko orduan. Bizipen gogor haiek ereinikoa baliagarri izan zitzaion eta erabiltzen jakin zuen gerora halaber, bizitza zibil arruntean. Gerra betean ere, Bermeoko egonaldian kasu, ederto pasatzen asmatu baitzuten hainbat gudarik, berehala hilko zituztenak barne.
Mitxelenarentzat, eskakizun moralaren oinarrizko baldintzetako bat da koherentzia. Ez da zilegi inori eskatzea norbera betetzeko prest ez dagoena. Bat egiten dute hemen Mitxelenarenean umiltasun intelektualak eta zintzotasun moralak. Ez da egiaren jabe sentitzen, baina ez du horregatik ekintza saihesten. Mesfidantzaz begiratzen dio egiaren eta absolutuaren izenean mintzo denari; batez ere, argiturriaren bizimoduak haren hitz ederrak gezurtatzen baditu. Kalakan eta aldarrikapenetan baino gehiago, eguneroko bizitzan behar dira hatsarre etikoak mamitu eta egiaztatu.
Edozelan ere, koherentziak ez du esan nahi zalantzarik eza. Alderantziz. Aukera jakin baten alde egin baino lehen, dudak izaten ditu Mitxelenaren ereduak; hori bai, behin aukera eginik, segi bideari tinko, oihanean galdutako Descartesen antzera. Zalantza baldin bada erabaki baino lehen piztu beharreko bertute intelektuala, irmotasuna izango da erabakia hartu osteko bertute praktiko garrantzitsuenetakoa. Dogmatismoaren eta dudaldi amaigabearen artean kokatzen da Mitxelenaren erdiko bidea.
Jarrera horrek badu harremana “amor fati” deitu izan denarekin, patua onartu eta maitatzearekin. Mitxelenarena ez da ordea erresignazio pasiboa: bizitzak dakarkizuna onartzea da, baina jaso duzunaren markoan zintzoro jokaturik, aldi berean. Gertatutakoa ezin da desegin; aldiz, gertatu zaigunaren aurrean zer pentsatu eta nola jokatu, hori gure esku dago, neurri batean bederen
Immanentea da Mitxelenaren etika, giza neurrikoa: ez dago salbaziorik giza mugetatik kanpo. Ez dago azken justiziarik historian, hain gutxi sufrimenduari zentzua emango dion plan ezkuturik. Eskura dituen baliabide urriekin bizi behar du gizakiak, eta hor bilatu behar ditu duintasuna, errukia eta adorea. Mitxelenarena ez da etsipen nihilista, baina ezta itxaropen transzendentea ere.
Ederto baten irudikatzen du gipuzkoarraren jarrera Ingmar Bergmanen “Zazpigarren zigilua” filmeko ezkutariak. Mitxelenak berak idatzi zuenez, ezkutari horrek «federik ez du eta ez du fedearen beharrik sumatzen. Bizitzak irakatsi dion jakinduria mingotsa daki eta horrekin hartu du etsia, horrek gogoa ase ez badio ere». (Denbora bateko zinema paperak, Alberdania, 99)
Gisa berean, arrotza zitzaion Mitxelenari gizakia idealizatzeko joera: «Beti baita gizona, bere nagian eta ustelean, Jainkoari eskerrak, itxura jakinik ez duten ametsen mirabe.» (Ibidem, 96) Gizakia ez da arrazoimen hutsa: inertziak, desirak, beldurrak, amets lausoek ere mugitzen dute. Hori dela-eta, moralaren arabera epaitzeko orduan zuhurtzia eta neurritasuna komeni zaizkigu. Ez du zentzurik gizakiari aingeruen dohainak eskatzeak. Hobe da, eta zilegi, giza ahuleziak ezagututa ere, harengan nolabaiteko duintasuna aurkitzeko itxaropenari eustea.
Mitxelenaren etikaren erdigunean ez dago doktrina, ezpada gizatasuna ulertzeko era jakin bat. Harrigarria egin zitzaion zinemaren historian aurkitu zuen adostasun hau: «Gezurra dirudi, baina egia da zinemak, hain beheratua eta gaitzetsia izan den mintzabide honek, ez duela, mandaturik zuenean, mandatu bat besterik ekarri, behinolako Mendiko Hitzaldi hartako mandatua: zorionekoak gogozko behartsuak, otzanak, urrikaltsuak, bihotz garbikoak, baketsuak… Eta hori fededunengan eta fedegabeengan: Chaplinengan, Caprarengan, Fellinigan, Bardemengan». (Ibidem, 100)
Mendiko Hitzaldiko balioak —apaltasuna, gupida, bakegintza— ez dira soilik kristautasunaren ondare; gizateria zabalaren ondare behar lukete, fededunek nahiz fedegabeek parteka baititzakete. Jokabidean dago Mitxelenaren etika immanentearen eta tradizio kristauaren topagunea, ez sinesmenean. Eta jokabide horrek, bistan da, ez du zerikusirik heroismo ikusgarriarekin; aitzitik, eguneroko ausardia xumeari dagokio.
Nabarmena baitu Mitxelenaren etikak estridentziaren aurkako joera. Ez zituen gehiegikeriak maite: ez ideologikoak, ez sentimentalak, ez estetikoak. Diskrezioaren aldekoa zen, nahiz eta bere nortasun suharrak eta metxa laburrak nahi baino sarriago eraman hatsarre hori zokoan ahaztera.
Heraklito negartia bezain nekagarria zitzaion Demokrito barregilea, baina, aukeratu behar izanez gero, «barregilea hartuko genuke lagun. Aukera duguino, ordea, algara baino nahiago dugu irribarrea. Hori bihotzik nahigabetuenari ere ez zaio ukatzen». (Idazlan guztiak, XIV, 362)
Nahiago beraz barrea negarra baino, eta irribarrea algara baino. Poza ezinezko bihurtu zioten hainbat atakatatik igarotako Mitxelenak ez du inondik inora poza gaitzesten; poz neurritsua da aldezten dizuna. Nagusikeria edo itsukeria adierazten ditu sarritan algarak; irribarreak, berriz, ulermena, ironia eta errukia uztartzen ditu. Horrenbestez, Mitxelenaren jakindurian ez dugu dramatismoa gailen; ezta komikotasun hutsa ere: tragikomikoa da, giza ahuleziak ezagututa ere —oroz gain bere baitakoak—, gai baita samurki irribarre egiteko. Oroitu baino ez dago, nola eman zion Eugenio Ibarzabali gerrako bere balentria bitxien berri.
Irribarrearen etika dela Mitxelenarena esan liteke beharbada, irribarrea baitu jakinduriaren ikur: ez optimismo inozoa, ez etsipen mingotsa, baizik bizitzaren kontraesanez jabetutakoaren irribarrea; giza miseriez oharturik ere, gizatasunari uko egiten ez dionarena.
Estoikoekin bat, pozaren eta saminaren benetako iturria ez dagoela kanpoan idatzi zuen; aitzitik, «poz eta negar-iturria, uste ez badugu ere, bihotz barrenean dago, eta barrengo hutsa ez dezake kanpoko ezerk bete». (Denbora bateko zinema paperak, 50) Dirua, ospea eta boterea ez dira aski gizakiaren hutsunerik sakonena estaltzeko. Jainkoekin saiatzen dira fededunak hutsune hori betetzen, haraindiarekin eta transzendentziarekin; gizakiak berak kudeatu beharreko errealitate immanentetzat du haatik Mitxelenak.
Horregatik ez du Mitxelenaren etikak ez sainduen ez heroien beharrik. Jende arrunta du eredu: jende otzana, urrikaltsua, zintzoa, ez dabilena barruko hutsunea kanpoko distiraz estali nahian; zalantzan egoten dakiena, eta, behin erabakia hartuta, aitzina zuzen egiteko bezain adoretsua dena; patua nolabait maitatzen ikasitakoa (eta gudutik, espetxetik eta heriotza-zigorretik igarotakoak dio); eta, azkenik, algararen errazkeriari uko egin eta irribarrea atxikitzen duena, egoerarik krudelenean bihotzik nahigabetuenari ere ukatzen ez zaion keinua omen baita.
