Irlandako gaelikoaren berpiztearen zantzu gehiago
Txillardegik biziki miresten zituen Bertrand Russellen tankerako igarleak, 1920rako aurreikusi baitzuen Sobiet Batasunaren bilakaera. Gutxitan, baina antiguarra bera ere ausartu zen igarletzan. Hizkuntza txikituak, iraungo badu, Estatua behar duela zioen. 70eko hamarraldian salbuespentzat jotzen zuen Irlandaren eta gaelikoaren kasua: ia erabat itzali zen Irlandak estatu propioa lortu ondoren.
Euskaldunok kanpoko presioari leporatzen ohi diogu euskararen etengabeko gainbehera. Zama hori gainetik kentzean, berez berpiztuko ei da euskara,
«[...] zapaltzen zuen harri mokorra kenduta, landarea zuzendu eta zutitu egiten den bezalaxe. Irlandan, ordea, horrelakorik ez da gertatu. Londrestik zetorren presio ingelesari, Dublindik datorren presio ingelesa nagusitu zaio: ‘kanpo’tik zetorren diglosiari, ‘bertakoen’ diglosia erantsi zaio».[1]
Gure buruzagi abertzaleen jokabide linguistikoa kontuan hartuz gero, ez omen da makala arriskua, guri ere antzeko zerbait jazo dakigun; hizkuntzak erakundeak behar ditu, noski, baina baita herri-mugimendua ere. Eta Irlanda independenteak bazituen erakundeak, baina herri-borondatearen faltak hizkuntza hil zuen. Horrela azaldu zuen Txillardegik hizkuntza iraunarazteko ardura erakunde hutsetara delegatzeak dakarren arriskua:
«Egia da, gaeliko hizkuntza oso gaizki zegoen 1921ean Eirek independentzia lortu zuenean. Eskala sozialean oso behean aurkitzen ziren txiroek bakarrik hitz egiten zuten, eta eskualde oso mugatuetan, kostaldean bakarrik. Horiek ere elebidunak ziren eta ez zen geratzen kasik elebakarrik. Giro urbanoan ez zegoen gaelikoaren arrastorik ere. Dena den, badago gaelikoaren heriotza-prozesuan aipatzea merezi duen gertakari bat: Douglas Hyde Hezkuntza ministro izendatzea.
Douglas Hyde Liga Gaelikoaren lehendakari izana zen, Irlandako kulturaren alde lan asko egindako gizona eta hura hezkuntza-ministro aukeratzean, jendea desmobilizatu egin zen, pentsatu zuen ez zegoela zertan borrokan segitu beharrik. Jendeak bere borroka delegatu egin zuen eta desmobilizazio horrek sekulako eragin negatiboa izan zuen ondoren. Hitz batez, garbi dago hizkuntza batek unibertsitatea, prentsa, telebista, hau da, erakundeak behar dituela sostengu gisa, eta herri mobilizazioa ere behar duela».[2]
Herri-mobilizazioa ez ezik, ezinbestekoa dute hizkuntza gutxituek Estatua ere, hilko ez badira. Uste baino arrazoi handiagoa zuen Txillardegiren iragarpenak; alegia, Irlandaren salbuespen-izaera desegiten ari da.
Berpizten ari baita aspaldion gaelikoa. Ez bakarrik Estatuari esker, baina Estatuari esker ere bai. Martxoaren 4an, Dublin hiriburuan, lehenbizikoz, gaelikoz joan zen udal-batzar osoa. Ingelesa baizik ez da erabili, udala 1841ean sortu zenez geroztik.
Atxikimendu sentimental itzela zien Txillardegik Irlandari eta gaelikoari. Egundoko errieta egin zien behin batean Sinn Feinekoei, ingeles hutsez egin baitzuten hasi eta buka bilera bat.
Txillardegiren poza, joan den asteko albistea irakurri izan balu!