Berrikuntza handiak antzinateko filosofiaren historian
Pierre Vesperini Parisen jaio zen eta Porton bizi da, Portoko Unibertsitateko Filosofia-Institutuko kide baita. 39 urte baizik ez dituen arren, uste ustez sendo asko irauli egin ditu, besteak beste azken hamarraldietan Epikuroz eta Lukrezioz irakatsi izan duguna Lucrèce. Archéologie d’un classique européen lanean (Fayard, 2017), edota Marko Aureliori dagozkionak Droiture et Mélancolie. Sur les écrits de Marc Aurèle (Verdier, 2016) liburuan, Frantziar Akademiaren La Bruyère saria jaso duena. Azken liburu honen inguruko elkarrizketa bat eskaini zion Philosophie Magazine-ri, eta hemen osorik ageri da, paperean ez bezala.
Ezagugaiaren gainetik etiketak desitsatsi eta haren arroztasun arraroa ikuspuntu zabalduenen inertziatik libre aztertu, horra Pierre Vesperinik Lukrezio, Marko Aurelio eta Antzinateko Filosofia deitu izan denarekin egiten diharduena. “Epikuro”, “Lukrezio”, “Estoikoak”, “Marko Aurelio”, “Antzinateko Filosofia” edo “Filosofia” entzutean berez datozkigun ideiak parentesi artean kokatu eta begirada berri batez ari da Vesperini autore eta kontzeptu horiek interpretatzen, eta egia historikoaren izenean goitik behera aldatu beharra dago funtsean Pierre Hadotek ezarritako doktrina, besteak beste Michel Foucault, André Comte-Sponville, Luc Ferry eta Michel Onfrayk bere egina, eta ondoren espainolek eta geuk. Doktrina hori da nagusi inguruotako irakaskuntzan. Jean Salem aparte samar gelditzen den arren, haren ikuspuntuak ere berraztertu beharko ditugu, zenbaitetan ahaztu.
Vesperiniren esanetan, Hadotek proiekzio anhistorikoak egiten ditu, bere mundu kristau eta existentzialista, erroak idealismo alemanean dauzkana, antzinatean aurrena sartu eta hurrena aurkitzeko. Esaterako, ez da egia antzinateko filosofietan logikak eta fisikak etikan aurkitzen dutela zentzua, pentsaera osoa dagoela etikara eta bizimodu filosofikora bideratua. Vesperinik Epikuroren zein estoikoen logikaren eta fisikaren autonomia aldarrikatzen du. Hadotek bezala antzinako etika hainbeste espiritualizatzeak ere ez du zentzurik. Filosofia hura ulertu eta azaltzeko darabilen giltza, “gogo-jardun” kontzeptua, ez dator bat antzinatean egiten zutenarekin, kontzeptu hori, hitza bera, ez baita inon ageri. Antzeko zerbait gertatzen da "konbertsio" kontzeptuarekin.
Grezian "ortopraxia" zen etikan maizenik zerabilten hitza, alegia, jokabide zuzena. Zuzen jokatzea luke helburu filosofoak, eta ez, Hadotek nahi bezala, norberaren baitan ariketa espiritualak eginez zoriona erdiestea. Ortopraxia gizartean artez portatzea da oroz lehen, gainerako herritarrek ikusteko moduan. Kanpotik begiratuta ikusten da etikoki jokatzen duzun ala penagarriki.
--
Marko Aurelio, Txillardegiren eta Bill Clintonen aholkulari intimo, filosofo estoiko petotzat hartu izan dugu, Seneka eta Epiktetoren ildokoa. Vesperinik zalantzan jartzen ditu enperadorearen filosofo-izaera zein estoiko-izaera, Marko Aurelioren beraren pasarte sarritan zokoratuak aintzat hartu eta betiko testuak bestela irakurririk. Adibidez, ikusgarria da nola berrirakurtzen duen Vesperinik Marko Aureliok bere maisu Frontoni idatzitako gutun ospetsu bat: Foucaultek aurrerapauso gisa ulertu zuen bitartean subjektibotasunean sakontzeko bidean, Vesperinik gutunaren hartzaileari gozamena eragiteko tresnatzat hartu du, baita erakutsi ere Foucaultek bere tesia indartzeko gutuneko zenbait pasarte kendu eta beste zenbait ukitu eta aldatu zituela.
Txillardegi edota Marko Aurelio bera bezalako jende sentiberari kanpoko munduak eragindako sentimenduek hautsi diezaiokete arima, edo barne umoreen arteko desorekak, oroz lehen umore malenkoniatsuaren gailentze bortitzak. Vesperinik dioenez, Marko Aureliok diskurtso filosofikoak (logoi philosophoi), goiari eusteko erabiltzen ditu, pour rester droit, puskatu zaion arimaren zuzentasuna berreskuratzea xede. Egia da Marko Aureliok estoikoen ohiko gaiak darabiltzala, baina, haren sasoian, estoikoen zenbait logoi philosophoi erabiltzeak ez zuen esan nahi estoikoa zinenik, gaur egun psikoanalistarengana joateak Freuden jarraitzaile zarela frogatzen ez duen bezalaxe.
Gorago aipatu ortopraxia horrek, bestalde, bestelako kutsu bat hartuko du Erroman. Bai Grezian eta bai Erroman, praktika etikoek jomuga duten “soi” edo “norbera” hori ez da barrualdekoa, baizik erabat kanpokoari begirakoa, besteen soaz eta iritziaz arduratua. Bestalde, zuzentasun edo goiari euste hori ez da edonori baliagarri litzaiokeen bizimodu bat zeure egitea; aitzitik, zure estatusari dagokion bizimodua behar duzu zeureganatu, jendartearen igurikimenak ahal bezain artez beterik.
Grezian praktika filosofikoa kultu erlijiosoari zegoen lotua; Akademia, Lizeoa edo Lorategia kultuari lotutako elkarteak ziren. Etika ez da erlijiotik bereizten, ongi bizitzea jainkoekin bizitzea den heinean.
Erromatarrek ez zuten filosofia grekoaren zenbait alde onartu, eta horien artean erlijioarekiko lotura zegoen. Errepublikako Erroman, hori bai, filosofia ezingo da edertasunetik eta estetikatik bereizi. Diskurtso filosofikoak edertu egiten ditu aipagaia, hizlaria, entzuleak eta giro orokorra. Vesperiniren tesi hori ere berria da, uste izan baitugu antzinateko filosofiak mamia bilatzen zuela, azalari eta itxurari kontrajarritako mamia. Ordea, Errepublikan ez dago itxuratik aparteko izaterik, giza barrualde misteriotsurik. Bikainak dira Vesperiniren orrialdeak "ornamentum" hitzaren esanahiaz. Filosofoak besteei ahal bezain irudirik ederrena eskaini nahi die.
Marko Aureliori buruzko liburuko zenbait pasarte.
--
Epikuroren dizipulu gisa aurkeztu izan dugu beti Lukrezio, filosofo bertsolari hedonista ilun, baina Vesperinen ustez ez da ez filosofo eta ez epikurozale, baizik eta poeta profesional bat. De Rerum Natura edo Gauzen izaeraz Memmius izeneko bati dago dedikatua, eta uste izan da Lukreziok bere liburua Memmius delako hori Epikuroren doktrinaren bikaintasunaz konbentzitzeko idatzi zuela. Vesperiniren iritziz, aldiz, Memmiusen aginduz idatzi zuen Lukreziok Gauzen izaeraz, eta diru truke.
Lukrezioren garaian Erroman oso zabaldua zegoen lagunen elkarketetan eta zehazki banketeetan testuak ozenki irakurtzeko ohitura. Atsegin-iturritzat zuten. Poeta deitzen zitzaion horrelako topaketetarako testu-bildumak idatzi eta prestatzen zituen autoreari. Halatan, Memmius aberatsari saltzeko osatu zuen Lukreziok Gauzen Izaeraz.
--
Vesperinik ez du metodo berri bat asmatu. Bere ideia eta ikuspuntu berriak zor dizkiogu betiko Antropologia Historikoaren metodoa filosofiari aplikatzeari. Bestelako eremuetan erabili izan da gaurdaino: antzinateko artea, antzerkia eta poesia ulertzeko, besteak beste. Baina antzinateko filosofiaren historia Antropologia Historikotik berex ibili da.
Orain arte testu filosofikoa testuinguru historikoan kokatzen ahalegindu dira antzinateko filosofiaren historialariak; Vesperinik, berriz, testua eta testuingurua bereizten dituen harresia bota nahi izan du eta testua bizitzan zelan dabilen erakutsi. Etekin ederra atera dio Wittgensteinen “hizkuntza-joko” kontzeptuari: bizitza errealean zelan erabiltzen den erabakitzen du hitzaren zentzua, eta ez hiztegiko definizioak. Zerk eraman zituen Lukrezio edo Marko Aurelio beren testuak idaztera, zer harreman zuen jendeak horrelako testuekin... ? Soziologia, antropologia, filosofia eta hizkuntzalaritza pragmatikoa baliatzen ditu Vesperiniren Antzopologia Historikoak, testu filosofikoaren erabilera ulertzen ahalegintzeko.
Webgune honetako beheko aldean, Pierre Vesperiniren hitzaldi bat espiritualtasunaren arkeologiaz.
Hurrengo egunetan, Michel Onfrayk Vesperiniri egin dion elkarrizketa luze bat argitaratuko du, sei zatitan banaturik.