Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Iragana aurrean, geroa bizkarrean

Iragana aurrean, geroa bizkarrean

Markos Zapiain 2026/02/13 14:42
Aimara hizkuntzaren kokagune guretzat harrigarriak

Sapir, Whorf Txillardegi, hainbat hizkuntzalarik eman dizkiote bueltak eta bueltak: nolakoa da hizkuntzak pentsamenduan izan dezakeen eragina, halakorik balego?

Javier ezizeneko batek Trifiniumen jakinarazi digunez, psikologia esperimentalaren metodoak erabiltzen ari dira erantzuna zehazteko. Jakina da, bestalde, euskaraz eta beste hizkuntza askotan espazioa eta denbora uztarturik daudela, edo nahasturik (hemendik aurrera, aitzin-gibel, alde-aldi…).

Zentzu horretan, jakingarria da aimarak metafora tenporalen oinarri espazialari buruz aditzera ematen duena. Hizkuntza gehienetan ez bezala, aimaran ez da etorkizuna aurrean irudikatzen, eta iragana atzean, alderantziz baizik. Blanca Urgellek ere aipatu zuen. Denboraren eta ebidentziaren kategoria gramatikalek elkarri eragiten diotelako gertatzen ei da: ikusi egin duzulako zaizu iraganean gertatua ebidentea, eta hortaz aurrealdean kokatzen duzu, aurrean duzuna bezain bistakoa izan baituzu gertaturikoa. Lotuta daude ebidentzia (videre-tik) eta ikusgarria erakusten dizun aurrealdea. Halatan, hitz berbera darabil aimarak, “nayra” hitza, “begi” eta “aurrealde” adierazteko.

Eta, Javierren esanetan, ez da kontu etimologiko hutsa. Errealitate psikologikoa ere badela erakutsi dute hiztunekin eginiko esperimentu batzuek. Zaharrek, iraganaz mintzo, aurrerantz jotzen dute, aurrera begiratzen dute; eta etorkizunaz hitz egitean, ostera, atzealdea dute erreferentzia. Gaztelaniaz mintzo direlarik ere, horrelaxe jokatzen dute ama hizkuntza aimara dutenek.

Buruan gaztelania nagusi duten gazteek, berriz, guk bezala jokatzen dute: bizkarrean sentitzen dute iragana, aurrealdean geroa.   

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.