Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Inurri artistaren eta Azurmendiren arteko zubiak

Inurri artistaren eta Azurmendiren arteko zubiak

Markos Zapiain 2026/11/28 10:29

Esperimentu biak batera hartuta, kritika interesgarria osatzen dute Fodorren konputazionalismoaren aurka. Fodorren iritziz, pentsamendua barneko errepresentazio sinbolikoen manipulazio konputazional gisa uler daiteke. Errepresentazio horiek egitura sintaktikoa dute, eta adimenaren jarduera sinbolo horien gaineko eragiketen bidez azaltzen da.

Bestelako pentsaera darakutsate Putnamen bi adibideek: inurriak forma zuzena sortzen du, baina erreferentzia barik; ontziko garunak, aldiz, barne-esperientzia zuzena du, baina erreferentzia egokirik ez. Esanahia bermatzeko, ez dira aski ez kanpoko forma fisikoa ez barne-egoera psikologikoa.

Horrek ez du esan nahi Putnamek Fodor erabat gezurtatzen duenik. Fodorrek berak ez zuen inoiz defendatu sintaxi hutsa nahikoa dela esanahia sortzeko; aitzitik, edukia naturalizatzeko azalpen kausalak bilatu zituen eta, gainera, gero eta kritikoago bilakatu zen konputazioaren azalpen-ahalmenaren mugekin. Horrenbestez, Putnamen kritika ez da Fodorren teoria osoaren gezurtatzea. Baina bestelako bide bat zabaldu dio arazo nagusiari: nola igarotzen gara sinboloen manipulazio formaletik benetako erreferentziara?

Puntu horretan da kontuan hartzekoa Humboldten eta Azurmendiren ekarpena. Humboldtek egin zuen bereizketa ospetsua: hizkuntza ergon edo ekoizkin bukatu gisa, eta energeia edo tai gabeko jarduera sortzaile gisa. Hizkuntza ez da mundu osatu baten kopia pasiboa, mundua artikulatzeko jarduera baino.

Ikuspegi horretatik, esanahia ez dago hitzetan gordeta. Esanahia hizkuntzaren erabileran mamitzen da: mintzatzean, ulertzean, bereizketak egitean, munduaren berri ematean,  besteekin solastatzean... Ezinbestekoak dira gramatika eta arauak, baina hizkuntza ezin da gramatika-arauen funtzionamendu formalera murriztu.

Azurmendik, bide beretik, elkarri eragiten dioten dimentsio gisa ulertzen ditu hizkuntza, pentsamendua eta jendarteko jarduera. Ez da nahikoa hizkuntzaren eta pentsamenduaren harremana aztertzea; kontuan hartu behar dira halaber gizakiaren bilakaera historikoa eta bizimodu soziala.

Halatan, Putnamen bi esperimentuek zubi bat eskaintzen dute Azurmendirengana heltzeko. Inurriak erakusten du forma hutsa ez dela aski; tangako garunek, barne-esperientzia ere ez dela aski. Eta Humboldtek eta Azurmendik erakusten dute esanahia gizakiak munduarekin, beste gizakiekin eta bere historiarekin duen harremanean eratzen dela.

Barne-errealismotik erlatibismo erlatibora

Putnamen eta Azurmendiren arteko lotura ez du intentzionalitatearen arazoak agortzen. Reason, Truth and History liburuko hirugarren kapituluan, errealismo metafisikoa eta barne-errealismoa bereizten ditu Putnamek. Errealismo metafisikoak suposatzen du munduaren deskribapen bakar eta zeharo egiazkoa posible dela; Putnamek, aldiz, defendatzen du munduari buruz mintzatzeak ez duela zentzurik kontzeptu-sistema edo deskribapen jakin baten barruan baino. Ez dago kontzeptu eta hizkuntza guztietatik kanpo kokaturiko “Jainkoaren begiradarik”.

Bistako lotura du horrek Azurmendiren erlatibismo erlatiboarekin. Hizkuntza bakoitzak mundua artikulatzeko modu berezia duela esateak ez du ezinbesteko ondorio objektibismo absolutua, baina ezta erlatibismo absolutua ere. Putnamek objektibismo absolutua kritikatzeko tresnak eskaintzen ditu; Humboldtek eta Azurmendik, berriz, hizkuntzen aniztasuna eta gizateriaren batasuna batera pentsatzeko aukera. Dena den, Putnamen barne-errealismoa ez da hizkuntza-erlatibismoaren baliokide zuzena: lehenak egia eta erreferentzia ditu ardatz; bigarrenak, hizkuntzaren jarduera historiko eta sortzailea.

AA, nola ez

Putnamen bi esperimentuek indar berezia hartu dute AAri buruzko eztabaidan. AA batek Churchillen erretratu bikaina sor dezake, eta “Churchill”, “zuhaitz” edo “mundua” bezalako hitzak egoki erabil ditzake. Alta, horrek ez du berez frogatzen zinezko erreferentzia edo ulermena duenik.

Egia da AA ez dagoela tangako garuna bezain isolaturik; eta AAren marrazkia ez dela Putnamen inurriarena bezain ausazkoa. Gizakiek munduarekin izaniko harremanetatik sortu testu eta irudiekin entrenatu da AA, eta horregatik badu munduarekin lotura, bitartekariei esker bada ere. Dena den, galdera filosofikoa zabalik dago: nahikoa al da giza hizkuntza-praktiketan zeharka parte hartzea benetako erreferentzia edukitzeko? Eta, Azurmendirengana hurbilduta, hizkuntza bizitzeko nahikoa al da sinboloak manipulatzea, gizakiaren eta munduaren arteko harreman historiko, sozial eta praktikoan parte hartu gabe?

Bukatzeko

Putnamen inurriak Churchillen aurpegia marrazten du, baina ez du Churchill irudikatzen. Ontziko garunak gure gogamenaren esperientzia berdinak izan ditzake, baina ez dituzte erreferentzia berak. Inurri marrazkilariak erakusten du antz fisikoa ez dela aski esanahia sortzeko; ontziko garunak, barne-egoera mentalak ez direla aski esanahia bermatzeko.

Bi esperimentuek agerian uzten dituzte subjektuaren baitan esanahia erabat finkatua dagoela dioen ikuspegi kartesiarraren mugak, eta erronka egiten diote konputazionalismoari, nahiz eta ez duten berez gezurtatzen. Humboldtek eta Azurmendik beste abiapuntu bat eskaintzen dute: pentsamendua ez da mundutik bereizitako adimen baten jarduera hutsa, baizik eta hizkuntzaren bidez munduarekin harremanetan dagoen giza jarduera. Hizkuntza ez da pentsamenduaren kanpoko jantzia, baizik eta pentsamendua eratzen eta mundua artikulatzen duen jarduera historikoa.

Putnamek argudio sendoak eskaintzen dizkio Humboldten edo Azurmendiren ikuspuntuari: esanahia ezin da ulertu gizakia mundutik isolaturik, ezta hizkuntza sinboloen kalkulu formalera murriztuta ere. Dena den, bereizi ere egin daitezke Putnamen eta Azurmendiren kezkak: erreferentziaren baldintzei buruzkoak dira oroz gain Putnamenak; Azurmendirenak, berriz, pentsamenduaren eta hizkuntzaren eraketa osoari buruzkoak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.