Ingelesak, gu eta beste edonor baino gehiago
Jonathan Coe idazleak esan du Brexita ingelesen nagusitasun sentimendutik datorrela. Berezi ikusten dute beren burua, besteok baino gehiago, garaiago. Nire ustez, zuzen daude.
Bistan da gu baino gehiago direla.
Hizkuntza kontuetara mugatuz: normalean, bi pertsona edo herri desberdin elkartzen direnean, biek erakusten dute elkarrenganako jakin-mina, kortesiagatik baino ez bada ere.
Ingelesek ez: Euskal Herrian berrogei urte daramatzaten jatorri ingeleseko ingeles-irakasle gehienek ez dute ahalegin zipitzik ere egiten hemengo kultura bost axola zaiela disimulatzeko. Erabat zentzuzkoa iruditzen zaie zu haiena ikasten saiatzea, haiek zurea existituko ez balitz bezala jokatzen duten bitartean.
Ez hori bakarrik: lortu dute ingelesak ez garenok normal ikustea haiek guri ezikusia egiten diguten bitartean guk haiena ikasteagatik ORDAINTZEA, eta ez gutxi gainera!
Azterketa zailak jartzen dizkigute haien kultura ezagutzen dugula erakuts diezaiegun, eta naturala balitz bezala hartzen dute epaile zorrotzaren jarrera: zuk balio duzu, zuk ez. Zuk ez duzu balio, ez duzu nire hizkuntza behar bezala menderatzen; edonola ere, ez ahaztu niregana hurbiltzeko eginahalaren porrotagatik berdin-berdin behar duzula ordaindu. Sartu lehenbailehen sosa Cambridgeko Unibertsitateko kontu-korrontean.
Ez da harritzekoa ingelesak izatea bigarren hizkuntza bat ikasteko orduan alferrenak munduan. Elebakar-kopuru handiena duen herria omen da.
Orain, Europar Batasunaren Parlamentua, Kontseilua eta erakunde eta ordezkariak oro, Hungariakoak zein Ziprekoak, Lituaniakoak nahiz Bulgariakoak, ingelesez mintzatzen jarri ondoren, alde egin dute.
Ingelesak jenio batzuk dira. Gu baino gehiago dira, inongo dudarik gabe.
Azkeneko adibidea: Stephen Rea Ipar-Irlandako aktore abertzale independentista bat da. Dolours Price IRAko kide ospetsuarekin ezkondu zen.
(Say Nothing bikainaren protagonista da Dolours Price. Gutxi falta zaio Say Nothingi Naparra. Kasu irekia bezain ona izateko.)
Bada, Stephen Reak adierazi du politikan irlandarrek sarritan galdu duten arren britainiarren aurka, hizkuntza-borrokan irlandarrek garbi irabazi dutela, INGELESEZ HITZ EGITEAN IRLANDAR DOINUARI EUSTEN DIOTELAKO.
Txillardegi gizajoa!
1985 inguruan egon nintzen ni estreinako Moskun. Aireportuko pantaila elektronikoak ingelesez zirela-eta, gure artean komentatu genuen, Sobiet Batasunak ez zuela askorik iraungo, “begi bistakoa” baitzen Estatu Batuek irabazia zutela ordurako “gerra hotza”. Berlingo harresia sei urte geroago erori zen. Ez genuen sekula pentsatu ingelesek meriturik izan lezaketenik.
Auskalo, Frantziak Kanada galdu izan ez balu, Napoleonek Luisiana saldu izan ez balu edo Texas eta California nagusitu izan balira… Behar bada oraindik ere frantsesa izango litzateke Errusiako eliteen hizkuntza. Zientzia fikzioa, noski, baina edozein modutan, oso gai polita.