Ingeles bilakatzeko metodoa
Joxe Azurmendik "Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua" liburuko azken zatian, 360. orrialdetik aurrera, "FILOSOFIA (Cassirer, Wittgenstein, Ortega y Gasset, Davidson)" izeneko atalean, aurretik jorratutako eztabaidak hizkuntzaren filosofia garaikidera dakartza.
Influencer espainol petoa duzu Ortega. Dio mintzatzea gestikulatzea dela. Fonemek harrapatu duten arren hizkuntzalarien arreta, gorputz osoak egiten du, Ortegaren iritziz, benetako hizkuntza. Oker ez banago, ez dabil urruti gaur egun "multimodal communication" deritzonetik. Garbi aurreikusi zuen, orain dela ehun urte, zoom-bilera batean kamera itzaltzea ez dela neutroa.
Madrildarrak dioenez, hizkuntzalariek iradoki digute ezen atzerriko hizkuntza bat ikasteko komeni den lehenbiziko gauza dela gorputz-jarrera jakin bat hartzea.
Ingelesa behar bezala ikasteko, matraila aurrerantz botatzen hasi behar duzu, hortzak estutu eta ezpainak ia erabat geldiarazi. Ortegaren metodoa ezartzea aztertzen ari omen da Cambridgeko Unibertsitatea. Imintzio horien bitartez sortzen da, Ortegaren esanetan ingelesen bereizgarria den miau eta marraka karrankari zozo sorta hori.
Frantsesa ganoraz ahoskatzeko, berriz, gorputz osoa ezpainetarantz proiektatu behar da, ezpainak musu emateko moduan aurreratu, eta bata bestearen gainean labainarazi. Keinu horrek frantziarren autoestimu sendoa adieraziko luke sinbolikoki.
Ortegaren iritziz, sudurretik mintzatzea da norbere buruaz ezin ideia bikainagoa izateko beste bide bat. Adibidez, sudurkari-ahoskera nabarmena ezarri dio AEBko jendeak ingelesari. Soinu bat sudurkaritzean, ahoaren atzealdera eta gora eramaten dugu, sudur-hobietan oihartzun eginarazteaz gozatuz, eta hori gure burua indartsuago sentitzeko modua da, geure burua barrutik entzutekoa. Eta hortik dator berriki arte munduko nagusia izan denaren autoestimu neurriz gainekoa.
Nazio-identitateari buruzko hainbat teoria sofistikatu dugu gaur egun; tamalez, ezikusia egiten diogu Ortegak oinarrizkotzat jo zuen anatomia zinetiko konparatuari.
Zoragarria da Ortegaren teoria, eta ziur aski faltsua. Aukera interesgarria planteatzen du, haatik: ez ote da hizkuntza gorputzaren estilo jakin bat, halaber? Kode soila baino gehiago da hizkuntza Humboldtentzat eta Azurmendirentzat ere: mundu-ikuskera eta bizimodua.
