Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Inception, Hastapena, Origen

Inception, Hastapena, Origen

Markos Zapiain 2020/08/13 13:45
Inceptioni buruz José Abadek "Christopher Nolan" liburuan idatzitakoaren bertsioa, film konplikatu hori ulertzeko lagungarri. Amaierari buruzko hiru ikasleren interpretazio interesgarriak. Spoilerrez gainezka.

Inceptionen, ametsak bidegurutzea dira, erdigune geometrikoak: ametsetatik abiatzen dira bide guztiak, eta ametsetara itzuliko dira atzera. Pertsonaiek beren identitatearen bila ametsen espazio prekarioa igaroko dute, baina ametsean arroztasunaren tentsioaren menpean jarriko dira. Ametsetan ez dute ez beren burua ezagutzen, ez besteak. Christopher Nolan zuzendariaren ustez, ametsetan erakargarriena da lo geratzen zarenean mundu oso bat sortzen duzula; baina ez soilik sortu, bizi ere egiten duzu, kontzienteki ohartu gabe. Inception thriller futurista bat da.

Protagonista Dom Cobb da (Leonardo DiCaprio). Erauzle bat da, bere biktimen ametsetan sartu eta haiei informazio delikatua lapurtzen aditua. Cobb erauzlerik onenen artean dago, eta, ondorioz, baita kotizatuenen artean ere; korporazio handiek kontratatu ohi dute, lehiakideei buruzko informazio pribilegiatua eskuratzeko.

Lehen irudietan hondartza bakarti batean agertzen da protagonista, ez dakigu zein ontziko naufrago. Gizon armatu batzuek japoniar diseinuko jauregi baten barrura sartu eta agure baten aurrera gidatuko dute. Saito da agurea (Ken Watanabe). Cobbek eta Saitok elkar ezagutzen dute.

Ustezko flashback batek elkar ezagutu zuten garaira garamatza, itxuraz; Cobb Saitori diru-kutxa batean gordea zegoen gutun misteriotsu bat lapurtzen saiatu zen, baina Cobben emazte Malorieren ezusteko agerpenak operazioa eragotzi zuen, teorian. Marion Cotillardek egiten du Malorierena. Eta “ustezko, “itxuraz” eta “teorian” idatzi dut, flashback delakoa ez delako flaschback bat, sedazioak eragindako amets bat baizik.

Cobb eta Saito honen apartamentu batean esnatzen dira eta ohartzen gara lapurretaren ametsa proba moduko bat izan dela; “audizio” deitzen dio Saitok. Enpresaburu japoniarrak jakin nahi zuen noraino heltzen den Cobben ahalmena. Ustekabeko filigrana berri batean, Cobbek Saitori ohartarazten dio lapurreta hori “amets baten barruko ametsa” izan dela, ez daudela Saitoren apartamentuan, baizik eta Tokiora doan tren batean lotan. Laburbilduz: minutu gutxi batzuetan lau plano ezberdinetan mugitu gara: eszena bat (hondartza ondoko jauregiarena), amaieran bakarrik ulertuko dena; bi amets ezberdin (lapurretarena, gezurrezko esnatzearena); eta errealitate prekario bat, ametsen munduaren ordezko hutsa (treneko bidaia).

Cobb ezin da AEBera itzuli bere emazte Mal hiltzeaz akusatua dagoelako. Cobben aurrean suizidatu zen, bere burua leiho batetik botaz (eta Oscar Wildek esaten zuen bezala, gizarteak kriminalari barkatzen badio, baina inoiz ez ameslariari, sekula santan ez dio barkatuko kriminal ameslariari).

Emaztea bizirik mantentzeko ahalegin desesperatu eta zentzugabe batean, Cobbek oroitzapen pertsonaletan oinarriturik eraiki ditu bere ametsak, eta amets horietan Mal mamu-figura bihurtu da, pasio erreprimiezin batek bultzatua, eta erresumin are jasanezinago batek.

Cobben lasaitasun-nahia lortezina zaion proiektu batean oinarritzen da: bere herrialdera itzuli nahiko luke, bere bi seme-alabekin batera. Seme-alabak orain Cobben aitaginarreba-amaginarrebekin bizi dira, Malen gurasoekin. Haurrek flashen moduan jazartzen dute Cobb, edo bere ametsetan sartzen dira. Ama bezala, mamu-presentziak dira seme-alabak ere, subkontzientearen proiekzioak.

Saito ez dabil Cobben bila lotan dagoen inori ideiak ateratzeko, baizik eta pertsona jakin baten gogamenean ideia bat sartzeko. Horri deitzen zaio erauzleen argotean “inception”: beste baten buruan ideia bat sartu eta erein.

Saitok dirutza ikaragarria du, eta eskaintza bat egiten dio Cobbi, sotilki nabarmentzen duena korporazio handien boterea erabatekoa dela, eta justizia berriz ahula eta aldakorra: aski litzateke Saitoren dei bat AEBeko agintariek Cobben aurkako salaketak bertan behera uzteko. Hori lortzeko, Cobbek azken lan bat egin beharko luke, eta horrela seme-alabekin itzuli ahalko litzateke, bere bizitza berregin: Cobben amets kutun bezain lortezina. Cobbek onartzen du.

Eta zein da plana? Saitok ideia bat inokulatu nahi du Robert Michael Fischer (Cillian Murphy) gaztearen garunean. Fischer merkatua monopolizatzen duen enporio baten oinordekoa da. Aitarekin izan dituen harremanak beti izan dira zailak. Fischerren garunean Saitok sartu nahi duen ideia kaltegabea da itxuraz: aitak, bere heriotza-ohean,  aholkatu edo agindu ziokeen heredatutakoa baztertu eta bere kabuz egiteko zerbait. Asmoa da Fischer merkatutik erretiratu eta Saito lehiakideari dena libre uztea. Dena den, ideia bat sartzea ez da lan erraza; zenbait erauzleren arabera, inception delakoa entelekia bat da: ideiak atera bai, baina ezin dira sartu, erein.

Cobbek ametsen arkitektura beste norbaiten esku utzi behar du, Malen intrusioak saihesteko (Cobbek misioaren agertokia ezagutuko balu, Malek ere ezagutuko luke). Beraz, bere aitaginarrebak, Miles-ek (Michael Caine) iradokita, Ariadne (Ellen Page) kontratatuko du bere taldean sartzeko.

Cobbek jakinaren gainean jarriko du neska eta, bide batez, ikuslea: ametsa bizi denez errealitatea balitz bezala, amesgilea nahas liteke. Horregatik,  erauzle orok talisman bat eskuratu behar du (“totem” deitzen dio Cobbek), objektu berezi eta esklusibo bat, ametsetan ari den ala ez jakitea ahalbidetuko diona.

Cobbek ziba txiki bat darama sakelan, esnatu bezain laster jirarazten duena, errealitatearen lege fisikoek erorarazten duten egiaztatzeko (ametsetan, zibak ab aeternum biratu lezake); Ariadnek xakeko peoi bat aukeratuko du, berak egina. Cobbek, Ariadnerekin mintzo den bitartean, bere gogoetak argitze aldera, Pariseko kale idiliko bat berariaz zapartatuko du. Ariadne ez zen ohartzen ametsetan ari zela. Beste une batean, espazioaren legeak apurtuz, Paris bere buruaren gainean tolesten du. Filma egitean, Escherren lana oso gogoan izan zuen Nolanek.

Inceptionen Ariadne ez da labirintotik irteten laguntzen dizuna, baizik eta labirintoen eraikitzailea. Ariadnek diseinatu beharko ditu Fischerrengan eragingo duten ametseko guneak. Espazio horiek sinesgarriak izan behar dute, eta logikaren aurkako tranpez beteak (Penroseren eskaileraren antzekoak), behar izanez gero erauzleek erabili ahal izango dituztenak.

Ariadnaz gain, honako hauek osatzen dute Cobben taldea: bere ezkutari leial Arthur (Joseph Gordon-Levitt), Eames (Tom Hardy), ametsen nebulosan beste batzuen nortasuna usurpatzen aditua, eta Yusuf (Dileep Rau), anestesikoetan aditua, iraupen luzeko eta egonkortasun goreneko somniferoa egingo duena. Horrela sartu ahalko dira Fischerren gogoan, eta injertoa burutu.

Cobben asmoa da Fischer hiru amets ezberdinetan murgilaraztea, bata bestearen barruan, kutxa txinatarrak bailiran, eta psikearen maila sakonenetara jaistea. Cobbek Fischer lokarrarazteko asmoa du Sidneytik Los Angeleserako hegaldi batean, eta Saitori eskatu dio hegazkineko langileak sobornatzeko; Saito ordea ez da makala, eta airelinea osoa erosiko du. Hegaldian egoten tematuko da, bere inbertsioa babesteko.

Ametsetan gogamena egunez baino lasterrago dabil, eta iruditzen zaigu orduak eta orduak igaro ditugula, benetan minutu gutxi irauten duten eraikuntza mentalen barruan. Hau da, induzitutako lehen ametsean astebete iraungo lukeena, sei hilabete lirateke bigarrenean, eta hirugarrenean hamarkada bat.

Amets bakoitza ameslari batena da, eta hau bere aldetik beheragoko mailara jaitsiko diren ameslarien zaindaria izango da. Behar den unean esnatuko ditu, “ostikoa emanez", erauzleen argotean esaten denez. Azafata bat arduratuko da hegaldi interkontinentalean ameslarien makineria eta bizi-konstanteak kontrolatzeaz; lehenbiziko ametsean Yusuf izango da zaindaria, eta bigarrenean Arthur.

Lehen ametsean, Cobben bandak Fischer bahitu eta biltegi huts batera darama. Biltegian, Fisherri esanarazten saiatuko dira zein den kutxa gotor batean sartzeko zenbaki-konbinazio sekretua. Kutxa gotor hori, dena den, ez da existitzen. Lehenbiziko agertoki honetan segurtasun-agenteak sartuko dira Fischer erreskatatzera. Benetan, Fischerren adimenaren proiekzioak dira, bere gogoan sartu nahi lukeen edozein intrusori aurre egiteko trebatuak. Filmak orduan ohiko akziozko thriller baten itxura hartzen du, irudi surrealista indartsuak erabiliz, hala nola hiriko kaleak zeharkatzen dituen merkantzia-trenarena, autoak aurrean eramanez eta asfaltoan lerro sakonak utziz. Gauzak okertu egiten dira. Saito larriki zauritzen dute, eta horrek ondorio kaltegarriak izan ditzake: amets sakon baten barruan hiltzeak linbo batera bota lezake gizona, eta agian ez litzateke itzuliko. Cobb alferrik legoke lanean. Saitok ez du hil behar.

Bigarren ametsean, protagonistak luxuzko hotel batean daude ostatu hartuta, eta narrazioak beste erritmo bat hartuko du. Fischerren konfiantza bereganatzeko, Cobbek jakinaraziko dio inguratzen duen guztia gezurrezkoa dela.

Ametsen arteko inbrikazioa erabatekoa da: goiko mailetako gertakariek behekoengan dute eragina. Halatan, lehenbiziko ametsean Yusufek gidatzen duen furgoneta errepidetik atera eta txiribuelta batzuk ematen dituenean, bigarren ametseko hotelak bere buruaren inguruan bira egingo du. Horrek filmeko eszenarik gogoratuenetako bati bide ematen dio: Yusufek, lotan daudenak esnatzeko, furgoneta hegaldarazten du, eta, horren ondorioz, hotelean, Arthurrek Fischerren bizkartzainei aurre egin beharko die, grabitaterik gabeko espazio batean.

Hirugarren ametsa mendiartean gertatzen da, Nolani hainbeste gustatzen zaizkion paisaia elurtu horietako batean. Berdinik gabeko birtuosismo narratiboko ariketa batean, Inceptionek hiru klimax erakutsiko ditu segidan, abiadura ezberdinetan garatuko direnak. Gogoratu: hamar segundo lehen ametsean dira hiru minutu bigarrenean, eta ordubete hirugarrenean. Labirinto batean mugitzen ari gara, logika zorrotz eta harrigarriro zehatza daukana.

Ametsa amildegia da hemen, eta indartsua da amildegiaren erakarmena. Hasiera batean, Ariadnek uko egin zion Cobben taldearekin bat egiteko gonbidapenari, baina itzuli egin zen. Zergatik? Amildegiari begiratu ostean, errealitatea eskasa iruditzen zaizu, zozoa.

Yusufek Marokon duen botikara egindako bisitan, protagonistek atzealdean erretoki edo fumadero antzeko bat aurkitzen dute; han, jendeak lo igarotzen ditu egunak, ametsa bilakatu zaielako errealitate bakar.

Cobbek berak somniferoak hartzen ditu lo egiteko eta bere emaztearekin bakean biltzeko, biak bakar-bakarrik, Malen mamua eraman duen munduan. Zer gertatu zen haien artean?

Iraganean, elkarrekin jaitsi ziren subkontzientearen mailarik sakonenetara, eta hamarkadak eman zituzten han behean, beren gustuko mundu bat eraikitzen. Jainkoak bezala bizi izan ziren han. Adimenaren eraikuntza hau uzteko, Cobbek Inception erabili behar izan zuen. (Horregatik daki Cobbek amesgile bati ideia bat sar diezaiokeela: bere emaztearekin praktikan jarri zuen.)

Cobbek emaztea konbentzitu zuen: mundu hura ez omen zen benetakoa, eta soilik hilez lortuko zuten harresirik gabeko kartzela horretatik ihes egitea.

Heriotza izango da bikotea esnatuko duen ostikoa.

Protagonistaren emaztea, Mementon bezala, istripu baten edo akats baten biktima izango da. Ideiak birusak bezain erresistenteak dira, dio Cobbek, eta oso kutsakorrak.

Mundutik kanpoko egonaldi luze horren ostean esnatu ondoren, ideia horrek Malengan irauten du, eta, sinetsita lo daudela eta ametsetan, beren maite-gelaren aurrez aurre dagoen leiho batetik botako du bere burua. Suizidatu egin zen, ez zuen Cobbek hil.

Filmaren azken txanpan Nolanen birtuosismoak zenbait maila igoko ditu. Hirugarren ametsean, Malek Fischerren aurka tiro egin eta zaurituko du. Horrek Cobb eta Ariadne behartuko ditu maitaleek eraikitako mundura jaistera. Cobben eta Malen mundu zoragarri hura itsasoak apurka-apurka irensten du, desegiten ari da.

Azkenik, Cobbek traumari aurre egingo dio, mamuari, eta exorzizatu egingo du. Fischer libre geratuko da. Osatu egingo da. Saito ez ordea.

Bidaiariek amets batetik bestera igotzeari ekingo diote.

Edozelan ere, Cobbek enpresaria bilatu behar du, tratuaren bere zatia bete dezan.

Filmak hemen berriro helduko die hasierako irudiei: Cobb hondartzan naufrago, Cobben eta Saito zaharraren arteko elkarrizketa; amaierak hasierara eraman gaitu, eta itxuraz modu onargarrian konpondu da dena.

Cobb Los Angelesera doan hegazkinean esnatzen da; Fischerren aurpegiak erakusten du kontu garrantzitsu bati bueltak ematen ari zaiola: ideia inokulatua izan da. Aireportuan, Cobbek keinu konplizeak trukatzen ditu Ariadne, Arthur, Eames eta Yusufekin, pasaporteen kontrola pasatu aurretik. Arazorik ez: bertan behera gelditu da beraz Cobb bilatzeko eta atxilotzeko agindua. Aitaginarrebak etxera laguntzen dio...

Cobbek, bizitzen ari den guztia perfektuegia dela jabeturik, bere totemera jotzen du, errealitatean ote dagoen egiaztatzeko. Amaiera zoragarria da: Cobbek ziba sukaldeko mahai gainean birarazten du, baina bere seme-alabek lorategitik deitzen diote eta haiengana doa; zibak bira eta bira egiten du, pixka bat dardaratzen du, erortzeko mehatxua egingo balu bezala, baina biraka jarraitzen du, eta orduan Nolanek tanpez planoa mozten du. Guri dagokigu istorio honi amaiera ematea. Zenbaitek nahiago du Cobb senideen ondoan salbatu eta zahartzea, eta beste batzuek, berriz, kondenatuko dute ametsen amaigabeko lautadan arima erratu gisa ibiltzera. José Abadek zalantzaren alde egiten du: ezin jakin zer gertatu den.

Hiru ikasleren interpretazioak:

IRATI VALBUENA: ametsetan ezin zituen seme-alaben aurpegiak ikusi; amaieran bai; horrenbestez, errealitatean gaude.

FERRAN AMEZAGA: azkeneko eszena da giltzarria. Normalean, DiCapriok zibari bueltak emanarazten dizkionean begira-begira gelditzen da, ea zer gertatuko den. Azkeneko eszenan ez. Zergatik? Zoriontsua delako. Eta hainbeste errealitate subjektibo duen film batean ez dio axola errealitatean edo ametsetan ote dagoen, bera zoriontsu baldin bada.

PEDRO PEÑA: azkenean ez da ikusten ea amets batean dagoen ala ez, nahita uzten du Nolanek airean, hauxe adierazteko: DiCapriorentzat ez du inporta ametsetan edo errealitatean dagoen, berarentzat gauza bera delako. Errealitatea guztiz subjektiboa da, eta errealitatea edozein izan ahal da. Horrela, ez da ikusten zer gertatuko den zibarekin, ez duelako garrantzirik.

Inception euskaraz, bikoiztuta, Euskal Encodingsen. 

Jon Etxabe
Jon Etxabe dio:
2020/08/14 02:07
Filma ikusteko gogoapiztu dit
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2020/08/16 15:47
Jon, ziur aski datorren udazkenean Eibarrera joango naiz. Zure helbidea ematen badidazu DVDa eramango dizut, ez baduzu aurretik Interneten aurkitu.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.