Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Ilustratzailearen copypasta

Ilustratzailearen copypasta

Markos Zapiain 2013/05/26 11:45

Lanbideak badu eragina langilearen nortasunean. Behin baino gehiagotan esan didate irakasleoi zerbait desorekatua sumatzen zaigula, nerabe taldeen aurrean luzaroegi mintzatu behar antinaturalak markatu egiten gaituela. Zergatik dirudi idazleak gainerako hilkorrak baino ergelagoa, astunagoa, harroagoa? Zenbait idazle euskal kulturaren ordezkari izatera artifizialki goratzeak Espainiako zerbitzu sekretuen operazioa ematen du, euskal mundua desakreditatu eta barregarri uzteko.

 

Epikurok ederki finkatu zituen zoriontsu bizitzeko arauak orain dela 2.500 urte. Horietako bat, diruari, ospeari eta botereari ukoa. Idaztea hasieratik egon da askotariko botere moldeei lotua, eta halaxe jarraitzen du. Boterea maskulinoa izan da ia beti eta orobat idazmena, berriki arte. Gizonok ez gaude ondo prestatuta emakumeek idatziz lor dezaketen boteretxoa artez kudeatzeko.

 

Atzo bazkaria izan genuen UEUko filosofiakook. Literatoen artean ez bezalakoa da giroa filosofian, hotzagoa, dotoreagoa. Zenbaitetan gogora zekarren 50. hamarraldiko batzarra Bukaresteko Polit-Buroan; literatoen elkarketek, ostera, DBHko laugarren mailako ikasketa-bidaia ematen dute: bullynga etengabe egiten diotela sentitzen duen jeremiasa, itxura supermatxinoa duen gaztea erdi biolatzen duen andereño progre amamatua, pribatuan ezin adeitsuago baina jendaurrean gogor eta zitalki zuzentzen zaizun poeta lirikoa, bizitzaren zentzurik eza txarto daraman pajillero melankoliatsua...

 

Filosofoen artean txutxu-mutxuak bai, baina izenik ez. Bazkarian kontatu zuten badela ipuin ilustratzaile gizonezko bat, atzerrian bizi dena eta bereziki andreen ipuinak ilustratu nahi izaten dituena. Dirudienez, bere fantasian haren bateko matxo nagusia da bera, eta idazleak bere huriak. Email beroak idazten dizkie, sentimentalak edo sexualki sutsuak, aldartearen arabera. Euskal Herrira datorrenean bere idazleak bazkaltzera konbokatzen ditu: neskak, bil zaitezte ene zakil itzelaren inguruan, irri karkailaz leherraraziko zaituztet nire txiste berdeekin!

 

Ziur aski jakingo ez duena da gurean ere, mairuen harenetan bezala, konplizitate handia dagoela huri batzuen artean. Margolariaren emailak elkarri birbidaltzen dizkiote, eta horrela ohartu dira artistak mezuak kopiatu eta itsatsi egiten dituela. Zaila zaio, nekeza, maite bakoitzari egokituriko amodio eta beroaldi aitorpenak asmatzea, eta hareneko kide guztiei berdin-berdinak igortzen dizkie. Antzera jokatzen omen zuen Jean-Paul Sartrek ere bere amoranteekin, baina artean copypastik ez eta hitzez hitz kopiatu behar izaten zituen gutunez gutun bere arpoiak.

 

Margolariari emakume idazlez inguraturik egitea gustatzen zaion bazkari horiek, bera ar bakar, horrelaxe antolatzen baititu, interesgarriak izaten dira idazleentzat, beraiek bai baitakite ilustratzaileak ez dakien zerbait; halatan, kasu bitxi bat bailitzan aztertzen dute, bere delirioan bere burua hareneko alfa artzat jotzen duen gizajo gisa, idatzizko lerde-jarioa berritzeko ere ezgai.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.