Ilargiaren eta eguzkiaren arteko distantzia egokia
Garbi bereizten dituzte idazketarik gabeko herriek mitoa eta ipuina. Mitoa ez dator inondik. Naturaz gaindikoa luke jatorria, eta ahozko tradizioak transmititzen du. Mitotzat hartua izateko, beharrezkoa du istorioak errepika, mendez mende behin eta berriz kontatua izatea. Mitoaren gaietako bat da unibertsoaren, naturaren eta jendartearen antolaera, eta erakusten du nondik nora heldu garen gizakiok zentzuzko antolaerak sortzera.
Lévi-Straussek nabarmentzen du mitoak zaku berean sartzen dituela guretzat desberdinak liratekeen galderak eta buruhausteak, eta erantzun bakarra ematen diela pentsamendu zientifikoaren argitan gaur egun heterogeneotzat jotzen ditugun arazoei.
Berbarako, mitoek egitura komuna darakutsate kosmosaren, naturaren eta jendartearen hainbat fenomenoren artean. Egitura horren hastapen nagusietakoa da distantzia egokiarena, edo bitarteko neurritsuarena, ordena ahalbidetzen duena, kaosetik zein behin betiko bereizte erabatekotik ekidistantzian.
Adibidez, mitoak azalduko luke zergatik dagoen eguzkia Lurretik distantzia egokira. Zeren eta askoz ere urrutiago egon bailiteke, eta betiereko gaua genuke orduan; baina halaber askoz hurbilago, eta Lurrarekin batera kixkaliko ginateke gu ere.
Aldi berean, mitoak erakutsiko luke zergatik bilatu behar duen gizonak emaztea distantzia egokian: ez urrutiegi, zeren orduan izaki arrotza izan bailiteke, etsaia edo sorgina; baina ezta hurbilegi ere, intzestu-bekatuaren errudun bihurtuko litzatekeelako.
Orobat, azalduko luke zergatik ez diren egunak eta gauak eta urtaroak ziztu bizian edo erritmo ulergaitzez iragaten, baizik eta nolabaiteko erregulartasunarekin.
Mitoak aditzera ematen duenez, ezinbestekoa da eguzkiak eta ilargiak elkarren arteko distantzia egokiari eustea, egunaren eta gauaren alternantzia posible izan dadin; harreman hori, gainera, gizonezkoaren eta emakumearen arteko ezkontza-harremanaren metafora bilakatzen da.
Alegia, mitoak azaltzen dizu zergatik dagoen neurri egoki bat ordena kosmologikoan, ordena meteorologikoan, urtaroen ordenan, natur taxonomian eta gizarte ordenan. Bildu egiten du hori guztia, eta arazo desberdinei erantzun bakarra aurkitzen saiatzen da.
Guk, berriz, ikuspuntu zientifikoarekin bat, Descartesekin ikasi dugu arazoak zatitan bereizten, eta arras bestelakoak zaizkigu kosmologia, ezkontza eta urtaroak, zein bere termino berezien arabera planteatu eta ebatzi beharreko jakintzak.
