ILAIALI (eta V)
Halako batean, emakume bat ezagutzen du. Idazleak, bere golkorako, Ilaiali izen fantastikoaz bataiatzen du. Joko erotiko-sentimentala sortzen da Ilaialiren eta idazlearen artean.
Idazleak emakumea idealizatzen du. Sinetsita dago Ilaialirekiko harremanak beste mundu baterako atea irekiko diola, maitasunez, sexualitatez, intimitatez ondua. Dena den, traban daude hemen ere pobrezia eta harrokeria: idazleak ezin du normal samar jokatu. Bere zinezko egoera ezkutatzen du, gezurrak edo fantasiazko azalpenak asmatzen ditu eta jokabide aldakor gorabeheratsua darakutsa.
Eleberriko pasarte garrantzitsuenetako batean, azkenik Ilaialirekin bakarrik egoteko aukera erdietsi du. Goraka doa orduan erotismoaren beroa, baina idazlearen egoera fisiko-psikologikoak harremana zapuzten du. Agerian geratzen da zer egin dion goseak: idazlea ez da bakarrik gazte pobre bat; gainera, gorputza eta nortasuna bera ere desegiten ari zaizkio.
Ilaiali ere ohartzen da gizon hori ez dela berak imajinatzen zuen pertsona misteriotsu eta erakargarria soilik: ataka itogarrian dago, eta ez da harremanari etorkizuna bermatzeko gai. Gero eta larriagoak dira narratzaileak ostatua ordaintzeko dituen arazoak.
Idazteko gaitasuna ere kolokan dauka. Batzuetan, egundoko inspirazioa sentitzen du, eta hainbat orrialde idazten ditu jarraian; beste batzuetan, hitz bakar bat ere ezin du sortu.
NI BANOA
Azken zatian protagonistak ia ez dauka ezer: ostatua galtzeko arriskuan dago, idaztea gero eta zailagoa egiten zaio eta hirian ez du benetako loturarik. Hamsunek ez dio estualdiari irtenbide erromantikorik ematen: ez du editore zoli batek idazlearen talentua ustekabean deskubritzen, ez du Ilaiali berreskuratzen, ez da aberasten, ez du bere bokazio artistikoaren garaipena lortzen. Beste zerbait gertatzen da, askoz ere arruntagoa.
Kaialdera iristen da idazlea, non hiru mastako itsasontzi bat ikusten duen, errusiar banderakoa; kapitaina, hala ere, suedieraz da mintzo. Idazleak lana eskatzen dio. Ontzi-mutila behar dute. Leedsera joango da lehenbizi “Coéraga” itsasontzia, Cadizera gero. Idazlea ados. Eta Kristiania atzean uzten duela amaitzen da eleberria. Ez dakigu idazle bilakatuko den, Norvegiara itzuliko den, zer gertatuko ote zaion. Itsasoari loturiko bizimodu berri bati ekingo dio menturaz. Litekeena da, halaber, Leedseko harategi batean gelditzea lanean, Pettiren aitzindari. Ziur dakigun bakarra da hiritik alde egin duela. Beraz, amaierak ez dakar inongo konponbiderik; ez da ihesa baizik.
Hilabeteak eman ditu bere buruari errepikatuz idazlea dela eta idaztetik biziko dela. Baina azkenean gorputzak irabazi du: jan egin beharra dago, bizirik iraun. Hainbat euskal sortzaileren gisa berean, artistaren bizimodua aldi baterako behintzat abandonatu eta soldatapeko lanari ekin beharko dio.
