Igor Aristegi eta ausardia filosofikoa
Igor Aristegik benetan serio hartu du Filosofia, hainbat zentzutan. Gaizkile batzuek hilko zuten beharbada besterik gabe. Baina baliteke Filosofia bizitzara ekartzen ahalegintzeagatik hil izana, Filosofia kalaka akademikotik askatu eta bizitzeko aukera berriak bere gorputzean esperimentatzera ausartzeagatik.
“Gogamenaren Filosofia” esparru akademikoan kokatzen zuen Aristegik bere lana, Zientziaren Filosofian. Dena den, bere artikuluek, iaz berekin izan nituen elkarrizketa batzuek eta bere heriotzak pentsarazten didate Infiltratu bat zela Zientziaren Filosofiaren laborategi zurietan. Anglofilo arrazoitsuaren mozorropean, giza ahalmenen esploratzailearen taupadak entzun zitezkeen, bizimodu berri alternatiboaren asmatzailearenak. Gogamenaren filosofo aseptikoak Etikalari adoretsu bat ezkutatzen zuen, gizakiari biziera indartsuagoak, sakonagoak eta ederragoak erakutsi nahi izan zizkiona. Etikalari, bai, Sokrates, Diogenes, Aristipo eta Epikuroren oinordeko.
Nolanahi ere, Igor Aristegiren aitzindaririk zuzenenak Spinoza eta Nietzsche dira, bata beti ezkutuan eta Unibertsitatetik ihesi eta bestea Unibertsitatetik berehala egotzia. Spinoza, Nietzsche eta Aristegi bezalako esperimentatzaileak ez dira Unibertsitatean kabitzen, ezin dira giro akademikoetan biluzik ibili, nahiago dute Nizako eta Turingo pentsio bakartia Berlingo distira baino, zinez ikasteko nahiago Tijuana Cambridge baino; eta gazte hiltzen dira.
Bestalde, orain dela berrehun urte pasaz geroztik Filosofiaren zeregin garrantzitsuetako bat norberaren garaiaren berezkoa ahal bezain zehazki diagnostikatzea izan da. Horretxek bultzatu zuen Kant 1784an “Zer da Ilustrazioa?” idaztera. Hegel, Nietzsche, Heidegger, Foucault, Deleuze… kezka hori ez da amaitu. Bigarren lerro horretan ere kokatu beharra dago Igor Aristegiren lana.
Norberaren garaiaz jabetzeko bidean, funtsezko ikasgaia duzu giro orokorra kutsatzen duten pozoiez zeure burua toxikatzea, modako eritasunak pairatzea, zure garaia definitzen duten drogak ezagutzea. Gure ahalmenak nabarmen indartzen dituzten pilulak agertu dira. Halaber zoriona dakarkigutenak. Baita geneak eta neuronak manipulatzeko substantziak ere.
Aristegirentzat, gure garaiaren ezaugarri bereizgarria, pilula irentsiz ziplo eta di-da batean geureganatzeko aukera litzateke, gaur arte naturak oparituta edo ahalegin pedagogiko eta moral luze baten bidez baizik lortzerik ez zegoena: ausardia, eskuzabaltasuna, zoriona...
Arrisku filosofiko existentzialei aurre egiteko orduan askoz ere ausartagoa izan da Igor Aristegi Habermas bat baino.
Habermasek, giza askatasunaren ideia ilustratuari eutsi ahal izateko, manipulazio genetiko eta neurologikoek ekar ditzaketen askatasun berriak zanpatu eta debekatu nahi lituzke. Ilustratu progresista omen denak, halatan, bat egiten du katolikoen lema atzerakoi ezagunarekin, hots, “jakin barik, hobeki”. Ilustratua definizioz litzateke ordea jakitearen aldeko.
Habermas tradizionalistak ez bezala, Igor Aristegik auziaren iltzerik arriskutsuenari heldu dio: adore handiz saiatu da bere garunetan artifizialki eragindako aldaketa neurologikoak ekar ditzakeen arriskuak ezagutzen. Aristegik erakutsi digunez, gaur egun kontua ez da neuronen eta geneen manipulazioari ezikusia egitea edo debekatzea, baizik manipulazio-aukera berriak kontuan hartuta giza askatasuna berriro pentsatzea, giza askatasuna goitik behera berrinterpretatzea.
Slavoj Zizeken ustez, hori soilik psikoanalisiaren bidez egin liteke, eta zehazki “heriotza-irrika” kontzeptuaren bidez. Izan ere, ez baita heriotza-irrikaren generik. Geneen akatsa litzateke heriotza-irrika, katea genetikoaren baitako matxura. Zizeken gogoeta hauek distira ilun bat irabazi dute Igor Aristegiren tragediaren argitan. Datorkigun Ilustrazio berriaren aitzindari eta heroi gisa hil zaigu beasaindarra.