Humboldt eta Hegel
1767an jaio zen Humboldt, 1770an Hegel. Elkarren berri izan zuten. 1825ean eta 1826an, Humboldtek Bhagavad-gita-ri buruzko bi hitzaldi eman zituen Berlingo Zientzien Akademian. Ordurako ikasia zuen sanskritoa, eta Indiako pentsamendu filosofikoari balio handia aitortzen zion.
1827an iritsi zen Hegelen erantzuna: Humboldten bi azterketen kritika luze bat argitaratu zuen. Hegelentzat, kontraesanean dabil Bhagavad-gita: ekintza betetzea eskatzen du, baina aldi berean ekintzaren emaitzekiko atxikimenduari uko egitea. Hegelen ustez, Indiako pentsamenduak ez du kontraesan hori behar bezala gainditzen.
Edozein gisaz, Hegelen 1827ko kritikak argi frogatzen duen arren Humboldten lana irakurri eta serioski aztertu zuela, hortik ezin da ondorioztatu Humboldten hizkuntza-filosofiak Hegelen sisteman eragina izan zuela. Beste norabidean ere, zuhurtzia komeni: Humboldtek Hegelen pentsamendua ezagutzeko aukera izan zuen, baina lehenagotik hasia zen garatzen bere hizkuntza-filosofiaren oinarri nagusiak, Kant, Fichte, Herder eta beste hainbat pentsalarirekin elkarrizketan.
Hala ere, nork bere kabuz pentsatu arren bere hizkuntzaren filosofia, bistan da jakingarriak direla bien arteko zubiak. Biek aztertu zituzten hizkuntza, pentsamendua, historia eta herrien izaera. Alta, adostasun filosofiko sakonak aurkitzen badizkiegu ere, are sakonagoak dituzte desadostasunak.
Bientzat da hizkuntza pentsamenduaren garapen historikoaren adierazpena. Gainera, pentsamendua bera ahalbidetzen eta eratzen duen jarduera da hizkuntza. Bigarren ideia horri, edozelan ere, ez diote modu berean antzematen.
Galdera honi emaniko erantzunak erabakitzen du bien arteko aldea: beste kultura baten pentsamendua bere kontzeptuen arabera ulertu behar dugu, ala filosofiaren irizpide unibertsal baten arabera epaitu?
Egia da ez Humboldtentzat ez Hegelentzat, hizkuntza ez dela pentsamendua adierazteko tresna pasibo hutsa. Hegelentzat, funtsezko bitartekoa da hizkuntza, Izpiritua edo Gogoa mamitzeko orduan, pentsamendua ez baita subjektuaren barruan itxita geratzen: hizkuntzan adierazten eta objektibatzen da.
Humboldtentzat ere hizkuntzak pentsamendua eratzen du, baina bestelakoa da azpimarra: hizkuntza bakoitzak mundua artikulatzeko modu propioa dauka. Ez dago mundu-ikuskera bakar eta neutralik, hizkuntza guztien gainetik kokaturik.
Hemen ageri da bien arteko tentsio nagusia: Humboltentzat, funtsezkoa da hizkuntzen aniztasuna, baita filosofikoki ere. Gainera, hizkuntza bakoitzak mundu-ikuskera berezia eratzen du, eta desberdintasun linguistikoak ikertzeak ezagutza aberasten du.
Hegelek, berriz, Izpirituaren edo Gogoaren garapenaren barruan ulertzen du hizkuntza, Geist-aren mamitzearen une gisa. Pentsamenduaren egitura logiko unibertsala nabarmentzen du Hegelek, eta zinezko filosofiak pentsamenduaren determinazioak sistematikoki ulertu nahi dituela.
Kontrastea ez da erabatekoa: Hegelen Izpiritua ere historikoa da, eta Humboldtek ez du unibertsaltasuna ukatzen. Hegelen sisteman, historia eta kultura desberdinak Izpirituaren edo Gogoaren garapen orokorraren barruan uler daitezke. Humboldtek, berriz, hizkuntza bakoitzaren berezitasunak ikertzera bultzatzen gaitu, eta uste du okerreko bidetik garamatzala hizkuntza baten egitura beste baten arabera epaitu nahiak.
Horrek ez du esan nahi Humboldtek kultura guztiak berdin baloratzen zituenik, ezta ere Hegelen unibertsalismoari uko egiten zionik. Baina haren metodo konparatiboak unibertsalismo abstraktuaren aurkako zuzenketa indartsua eskaintzen du.
Eta horrek Joxe Azurmendiren ikuspuntura hurbiltzen gaitu. Humboldti buruzko Azurmendiren interpretazioan, hizkuntza ez da gizakiaren pentsamendu unibertsalari eransten zaion jantzi partikularra; aitzitik, hizkuntza historikoetan gauzatzen da pentsamendua bera. Irudi luke Azurmendirentzat, Humboldten hizkuntza-filosofia Hegelen idealismo absolutuaren alternatiba dela, idealismo alemanaren barruan bertan sortua. Dena den, ez da komeni Humboldten eta Hegelen arteko oposizioa larregi zorroztea, Humboldtek ere baduelako gizateriaren batasunaren eta unibertsaltasunaren ideia sendo bat.
