Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Humboldt eta Fodor ez daude galdera berean (II)

Humboldt eta Fodor ez daude galdera berean (II)

Markos Zapiain 2026/09/07 13:15

Fodorren eta Azurmendiren arteko aldea, hizkuntzari antzemateko orduan, adibide pare batekin azal liteke. Demagun umeari sagarrak gosea piztu diola. Fodorren ereduan: sagarra>gogameneko irudikapena>SAGAR kontzeptua. Ondoren: SAGAR + NAHI. Eta hortik: “sagarra nahi dut”. Gero etorriko litzateke hizkuntza naturala.

Aldiz, Azurmendik beste galdera bat egingo luke: zer da “sagar” hori? Ez da objektu biologiko hutsa. Sagarra izan daiteke fruta, janaria, gozoa, sagardoaren lehengaia, oroitzapen bat, debekuaren sinboloa, Newton, herriko sagarrondoa. Hitzak eta kontzeptuak bizimodu batean baitaude txertaturik. Ordea, gogamenerak, berez, ezin digu hori argitu. 

Beste adibidea: zer da etxea? Fodorrentzat, euskarara igaro baino lehen, adimeneko kontzeptua da etxea. Azurmendiren ikuspegitik, ostera, “etxea” ez da definizio formal bat bakarrik. Euskarazko “etxe” kontzeptuak eta hitzak historia sozial eta kultural bat daukate. “Etxea” izan daiteke bizi naizen eraikina, baina orobat familia, jatorria, baserria, etxekoak, etxera itzultzea, “etxekoandrea”, “etxeko jauna”. Hizkuntzak kontzeptua sare batean kokatzen du, eta sare hori ez da soilik burmuineko kode formala.

Humboldtek esango luke: hitzak ez dira gauzei itsatsitako etiketak. Ildo berean, Azurmendiri ez zaio iruditzen kontzeptuak gogoan gordetako fitxategi isolatuak direnik. Hizkuntza batean erabiltzen ditugunean, mundu bateko harreman-sare batean sartzen dira. Hortxe dago Fodorren eta Humboldt/Azurmendiren arteko distantzia. Fodorrentzat, gogoaren pentsamenduak du lehentasuna, eta gero datoz hizkuntza naturalak. Azurmendiren ustez, berriz, batera garatzen dira.

Azurmendik Fodorri ez dio ihardesten edozein pentsamendu dagoela hizkuntza naturalari lotua, edota pentsamendu oro datorrela hizkuntza naturaletik. Bere ohiko zuhurtziaz dioenez, “tesi defendagaitza bazen, hizkuntza naturalik gabe pentsamendurik batere ez dagoela, pentsamenduak hizkuntza naturalarekin batere zerikusirik ez duela ere, gehiegitxo dirudi”. (408)

Zeren hor baitaude lehen aipatu egitateak: haurra, animalia, irudi mentala, pentsaera prelinguistikoa, ekintza praktikoa. Mentalesak errealitate garrantzitsu baten berri ematen du. Gizakiok baditugu hizkuntza naturaletik independenteak diren prozesu mentalak. Azurmendik ez du hori ukatzen; baina erantsiko du horrek ez duela azaltzen giza pentsamenduaren dimentsio linguistiko, historiko eta kultural osoa.

Azurmendi: Humboldt, Fodor, adiskideok; biok daukazue arrazoiaren zati bat, baina ez zaudete galdera berean. Fodorren galdera da ea pentsamenduak zelan funtzionatzen duen. Eta erantzunean sinboloak aurkitzen ditugu, konbinazioa, sintaxia, inferentzia, prozesamendu mentala. Ostera, Humboldten galdera da ea zelan bilakatzen ote den pentsamenduaren hizkuntza gizaki konkretuaren mundu; eta hor aurkitzen ditugu hizkuntza, historia, komunitatea, kultura, zentzua eta mundu-ikuskera.

Ez baita komeni “pentsatzea” eta “pentsatutakoa” berdintzea. Fodorrek kontzeptuak zelan konbinatzen ditugun argitzen du. Baina Azurmendik galdetzen du ea nondik datozen kontzeptu horiek, nola eratu diren, zer esanahi duten, zergatik antolatzen diren modu batean eta ez beste batean.

Konparazione, gogamenerak beharbada azal dezake nola konbinatzen diren A eta B; baina ezin du esplikatu zergatik kultura batean “A baino handiagoa izateak” duen lehentasuna mundua antolatzeko orduan, eta beste batean, berriz, “A-rekin erlazio egokia izateak”. “Mundu-ikuskeraz berriro, edo erlatibismo erlatibo bat” izeneko XVI. atalean erakutsi dizkigu Azurmendik desberdintasun horiei loturiko adibide ikusgarriak, Japonieratik eta Txineratik abiatuta. Eta zubi handi bat eraiki liteke XVI. eta XVII.4.2 atalen artean; alegia, Japoniatik eta Txinatik Fodorrenganaino.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
Ondo ekarria. Adibidez, ez Mitxelena ez Brassens ... Markos Zapiain, 2026/06/16 10:25
Georges Brassens (1921-1981) kantari ... Amatiño, 2026/06/11 14:50
Mila esker, Urko! Irakurri ditiat Mastodonen gai ... Markos Zapiain, 2026/06/10 21:03
Txillardegik eta Jorge Luis Borgesek hizkuntzari ... Urko Azpitarte Zubizarreta, 2026/06/09 18:42
Beharbada bai, Amatiño. Hori bai, ... Markos Zapiain, 2026/05/28 07:35
Ebidentziaren bost paradigma horiek egia ... Amatiño, 2026/05/27 18:16
Arrazoia, Amatiño, kar-kar-kar.   Josu Goikoetxea ... Markos Zapiain, 2026/05/02 22:56
Von Neumannek, matematiko eta informatiko ... Amatiño, 2026/05/02 12:11
Euskal abeslari ospetsu batek pertsona ilegabeen ... Markos Zapiain, 2026/03/12 17:55
Andoni Ortuzar zara? Markos Zapiain, 2026/01/07 17:50