Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Humboldt eta Borges (I)

Humboldt eta Borges (I)

Markos Zapiain 2026/10/14 12:47

Jorge Luis Borgesek nik dakidala Wilhelm von Humboldt sekula aipatu ez arren, hauxe dio Conferencias reunidas-en:

Los jóvenes poetas dicen que el lenguaje es una traducción. Los diccionarios han difundido la idea de que los idiomas son juegos y sinónimos. Pero no es así. Yo diría que cada idioma es un modo de organizar todo lo que es más importante de sentir: el universo. Por eso hay ciertas palabras que se dan en ciertos idiomas y en otros no.

Hizkuntzak hortaz ez dira beste hizkuntzetako hitzen baliokideen bildumak, ezpada unibertsoa antolatzeko modu bereziak. Mundua ikusteko era propioa du hizkuntza bakoitzak. Esaldi horrek aukera ematen digu lotzeko batetik Humboldten eta Joxe Azurmendiren hizkuntzaren filosofiak, eta bestetik Borgesek hizkuntzaz adierazitakoa edota ipuinetan zeharka iradokitakoa. 

Esperimentu filosofikoak egiten ditu Borgesek zenbait ipuin eta saiakeratan goiko aipuko ideia horrekin. Hemen dugu hain zuzen Humboldten eta Borgesen arteko aldeetako bat: hizkuntza naturalen jarduera historikoa hartzen du Humboldtek batez ere kontuan; Borgesek, aldiz, hizkuntza artifizial baten bidez jartzen du azpimarra hizkuntzaren eta ontologiaren arteko loturan. Adibidez, Tlön, Uqbar, Orbis Tertius-en, erlijioa, metafisika eta literatura hizkuntzaren deribazioak direla iradokitzen du, eta hizkuntzak sortzen duela ontologia. 

Asmatua da noski Tlön izeneko mundua. Gramatikaren bidez irudikatzen du ipuinak Tlöndarren idealismo filosofikoa. Mundua ez dute objektuen bildumatzat espazioan, baizik eta gertaera independenteen serie heterogenotzat. Denborazkotzat dute mundua, segidazkotzat, ez espazialtzat. Horrela, Tlöngo Ursprache edo jatorrizko hizkuntzan ez zegoen sustantiborik; aditz inpertsonalak ziren nagusi. Proto-Tlöngeratik eratorririko gaur egungo hizkuntzek ere ez dituzte objektuak eta substantziak oinarri. Horrenbestez, gurea ez bezalakoa da Tlöngo hizkuntzen eta hiztunen mundu-ikuskera. Adibidez, ipuinean deskribatzen den hemisferio bateko hizkuntzetan, izenek baino gehiago aditzek antolatzen dute errealitatea. Beste hemisferio batean, ostera, adjektiboen pilaketak betetzen du eginkizun hori.

Esaterako, guretzat ilargia objektu bat da, eta ilargiak argia ematen duela esaten dugu, eta distira egiten duela. Tlönen, ordea, ez dago “ilargi” edo “moon” hitzekin bat letorkeen hitzik.

(Bidenabar esanda, ez al da polita berdinak izatea ilargiaren eta hilabetearen arteko harremana, zein moon eta month-en artekoa?)

Guk “ilargi” deritzoguna gertaera edo prozesu gisa ikusten eta adierazten dute Tlönen: “ilargitzen du” edo “ilargiaren gisako distira gertatzen da”. Borges:

No hay palabra que corresponda a la palabra “luna”, pero hay un verbo que sería en español lunecer o lunar. “Surgió la luna sobre el río” se dice hlör u fang axaxaxas mlö o sea en su orden: “hacia arriba (upward) detrás duradero-fluir luneció”. (Xul Solar traduce con brevedad: “upa tras perfluyue lunó”. Upward, behind the onstreaming it mooned.)

Halatan, guk ia ezinbestekotzat hartu izan dugun objektu iraunkorren ontologia bera gelditzen da airean zintzilik. Tlönen ez da soilik mundua beste era batera esaten; gainera, beste era batera pentsatzen da.

Hurbil dugu hemen Humboldt: hizkuntza ez da aurretik osaturik dagoen munduko gauzen etiketa-sistema, baizik eta mundua egiteko eta ulertzeko jarduera eratzailea.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.