Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Hotza (eta III)

Hotza (eta III)

Markos Zapiain 2026/10/13 12:00

Markus Wolf Alemaniako Errepublika Demokratikoaren kanpo-espioitzaren burua izan zen, Hauptverwaltung Aufklärung erakundearena, 1952tik 1986ra. Sare ikaragarri eraginkorra eraiki zuen Mendebaldeko Alemanian. Hain zen ezezaguna Mendebaldeko zerbitzuentzat, ezen urte luzez argazki fidagarririk ere ez baitzuten lortu. «Aurpegirik gabeko gizona» deitzen zioten.

Hainbat ziren Mendebaldeko Alemaniako zerbitzu sekretuetako goi-karguak, Ekialdeko Alemaniarentzat lanean zihardutenak. Aski ohikoa zen Gabriele Gast bezalako kontraespioitzaren goi-funtzionarioa, BNDko Sobietar Batasunari buruzko analista garrantzitsua, Ekialdeko Alemaniarentzat espiatzen ibiltzea.

Deigarriagoa izan zen Heinz Felfer-en kasua: BNDko kontraespioitzako goi-funtzionarioa zen —beraz,  sobietar espioiak atzematea zuen eginkizun nagusi— eta, aldi berean, KGBren agente. Alegia, sobietarren espioia zen, hain zuzen, Mendebaldeko Alemanian espioi komunistak harrapatzeko ardura zuen gizona.

Are oihartzun zabalagoa izan zuen beste kasu honek: Stasiren agentea zen Günter Guillaume, Willy Brandt kantzilerraren laguntzaile pertsonaletako bat. 1974an ohartu ziren, eta eskandaluak Brandten dimisioa ekarri zuen. Hanning auzia azaltzen duten kronikek Guillaumena aipatzen dute aurrekari historiko nagusi gisa.

Bestalde, 1989an argitaratu zuen Elkarrek John Le Carréren Hotzetatik etorri zen espia, Koro Navarrok euskaraturik. 1963koa zen ingelesezko jatorrizkoa. Britainiar zerbitzu sekretuetan zegoela idatzi zuen le Carrék. Alec Leamas da hotzetik etorririko espioi hori, MI6ko agente beterano eta nekatua. Eleberriaren hasieran, azken misio bat eskaintzen dio bere nagusiak: Ekialdeko Alemaniara desertatu duen itxura egitea, hango inteligentzia zerbitzuetan infiltratu eta barrutik deuseztatzeko. Leamas da “hotzean” —alegia, itzaletan, arriskuan eta babesik gabe— denbora larregi daraman eta “hotzetik etortzeko” —zerbitzu aktibotik erretiratzeko— aukeraren zain dagoen espioia.

Hans-Dieter Mundt du Leamasek antagonista. Ekialdeko Alemaniako kontrainteligentziaren zerbitzuburu gupidagabea da. Leamasen misioaren helburua Mundt harrapatzea eta boteretik kentzea da, Fiedler izeneko Mundten menpekoari informazioa emanez, eta informazio horrekin Fiedlerren susmoak sendotuz, gero eta argiago ikusten baitu Mundt britainiarrentzat lanean diharduen espioi traidorea dela.

Eta zuzen dabil! Erabat aldatzen da gertaeren perspektiba eleberriaren amaieran: Mundt zinez da britainiarren espioia, eta Leamasen misio osoa britainiarrek antolatutako tranpa izan da, ez Mundt erorarazteko, baizik eta Mundt babesteko. Fiedler Mundt susmagarritzat jotzen hasi denez geroztik, britainiar zerbitzu sekretuek Leamas erabili dute, berak jakin gabe, Stasikoek Fiedler bera traidoretzat jo eta garbitu dezaten. Goi-aldean salbu mantenduko dute Mundt horrela.

Luzaro esan izan da Markus Wolf izan zela le Carréren zenbait protagonistaren eredua, batez ere Tinker Tailor Soldier Spyko Karla ospetsuarena. Markus Wolfek berak uste zuen le Carrék bere ezaugarri batzuk erabili zituela Fiedlerren pertsonaia sortzeko. Eleberrian, inteligentzia-zerbitzu komunistako kide judua da Fiedler. Errealitatean, inteligentzia-zerbitzu komunistako buru Markus Wolf ere judua zen. Paralelotasun horrek ez ezik, susmoak piztu zituen halaber le Carrék Stasiren barne-funtzionamendua deskribatzeko erabiliriko zehaztasun harrigarriak. Markus Wolfek pentsatu zuen le Carrék Stasiko informatzaile baten bidez bere profila lortu eta Fiedler sortzeko erabili zuela.

Aldiz, idazleak hainbat elkarrizketatan aldarrikatu zuen kasualitate hutsa izan zela hura guztia. Bazekien espioien munduak nola funtzionatzen zuen, baina eleberriko pertsonaiak asmatu zituen. Eleberria idatzi zuelarik, ez ei zekien Markus Wolf bazenik ere. Mendebaldeko inteligentzia osoari zitzaion Wolf ezezaguna. Le Carrék adierazi zuen Wolf nor zen jakinez gero, ziur aski ez ziola Fiedlerri eite hori emango, gerora etorriko ziren nahaste eta interpretazio okerrak saihesteko. 

Maizetan bezala, fikzioak errealitatea aurreikusi zuen; edo, zehatzago, errealitatearen logikari antzeman zion. Antz handia dute Alemaniako zinezko espioitza-munduaren eta le Carréren fikzioaren oinarrizko egiturek. 1963an le Carrék Mundt asmatu zuen, Ekialdeko Alemaniako kontraespioitzaren buruzagia, etsaiarentzat lanean. Gerora baizik ez zuen publikoak jakin Gerra Hotzeko Alemanian horrelako infiltrazioak ez zirela mugatzen le Carréren asmazio literarioetara.

Poliespioien historian, beste katebegi bat da egunotan desestali den Hanningen kasua: 1963ko le Carréren nobelaren ostean jakin zuen jendeak Gerra Hotzeko agente bikoitz alemaniarren berri; 1983an aipatu zituen Sloterdijkek agente hirukoitzak; eta Hanning dugu oraingoan. Galdera bera dabil lau aferen azpian: zer gertatzen da zerbitzu sekretu batean, ez dakigularik norentzat ari den nor? Sloterdijkek estutzen du koska muturreraino: zer gertatzen da agenteak berak ere ez dakienean? Euskal zerbitzu sekretuetan lan egiteko, gure bilobei ez zaie batere gaizki etorriko le Carréren eta Sloderdijken irakaspenak aintzat hartzea.   

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.