Hizkuntzak izendatzeko konplikazioak
Orain dela 3.400 urteko mizenastarrek beren hizkuntza idazteko lineal B idazkera zerabilten. Joan den mendeko erdialdean Michael Ventris britainiar arkitektoak deszifratu zuen, eta filologoek greko gisa identifikatu zuten. Jendeak ez du ulertzen, baina filologoek bai. Halatan, filologoen ulermena berme, JAC batek Trifiniumen dio normala dela orain dela 3.400 urtekoari ere “greko” deitzea.
Bestelakoa ei da euskararen kasua. Eskasa da Irulegiko Eskuko testuaren ulermena, baita filologoen artean ere. Beraz, ezin zaio “euskara” deitu. Akitaniera omen da euskara historikoaren arbaso zuzen izateko hautagairik sendoena. Garbi ikusiko genuke, baldin akitanierazko testu luzeak agertuko balira.
Alta, Trifiniumen idazten duen Orkeikelaur adituaren ustez, espekulazio hutsa baino ez da pentsatzea akitanierazko testu bat izango bagenu, Irulegiko Eskuaren garaikoa, hobeto ulertuko genukeela. Gauzak apur bat konplikatzeko, Irulegiko Eskuko izenik ezagunenak akitanierazko itxura argia dauka. Orkeikelaurren iritziz, goizegi da Irulegiko Eskutik ondorio gehiegi ateratzeko. Dena den, Irulegiko testua euskara historikora osorik itzultzeko ezgaitasuna ez da behin betikoa, denborak alda lezake.
Aurkikuntza berriei esker, hala nola testu luzeagoak edo elebidunak, goitik behera alda liteke panorama ulergarritasunari eta itzulgarritasunari dagokionez. Aski ohikoa izaten da filologia historikoan hipotesi itxuraz sendoenak ere baztertu edo berrantolatu behar izatea, corpusa handitzearen eraginez.
Mikel Martinez-Aretak ere zuhurtzia aristotelikoa darabil Eskuari dagokionez, antzeko distantziara euskara dela duda barik baieztatzen dutenengandik eta euskara izatea ezinezkoa dela diotenengandik.
Edozein gisaz, ematen du behar bezala eztabaidatu ahal izateko ea hizkuntza bera ote diren orain dela hiru mila urteko grekoa eta gaurkoa, latina eta gaztelania, gure euskara eta Irulegikoa, aldez aurretik erabaki beharko litzatekeela ea zenbat aldaketa eta zenbat eten, eta zer-nolakoak, kontuan hartzen ditugun, hizkuntza jakin batek historian barrena identitateari eutsi diola baieztatzeko edo ukatzeko.
Eta hor filologoek ez dute irizpide erabat objektibo eta bakarra erakusten. Handiagoa da mizenastarren grekoaren eta egungoaren arteko aldea, Zizeronen latinaren eta Jovellanosen gaztelaniaren artekoa baino.
Grekoaren kasuan, tradizioak eta prestigioak jarraitutasuna indartu dute. Euskararen kasuan, berriz, dokumentazio urriak zuhurtzia handiagoa eragin du, eta zenbait adituk bestelako izendapenak erabili dituzte “euskara” saihestearren ("baskonikoa" eta).
Dena den, ematen du gero eta euskalari gehiagok onartzen duela Irulegiko hizkuntza euskararen forma zahar gisa deskribatzea ez dela batere zentzugabea.
Hiztun arruntak ez bezala, filologoak Irulegiko Eskuaren garaiko grekoa ulertzeko gai baldin badira, kontuan hartzekoa da ia etenik gabekoa izan dela grekoaren jarraitutasun idatzia aurreko aroko X. mendetik aurrera, zer esanik ez VIII. mendetik aurrera. Urratsez urrats azter ditzakete filologoek aldaketa fonetikoak, morfologikoak eta sintaktikoak. Aldiz, idazkirik gabeko mendeak eta mendeak izan ditugu euskaraz, eta horrek, ulergarritasuna ez ezik, jarraitutasunaren kontzientzia ere zailtzen du.
Antzeko hutsuneak eta itzalaldiak izan balitu greko idatziak, nekez ulertuko lukete ez bakarrik mizenastarren lineal B-a; orain dela 2.100 urtekoa ere, gatx. Adituek diotenez, orduz geroztik goitik behera aldatu baita grekoaren bokalismoa, kasu batzuk galdu dira, infinitiboa ia desagertu da, azentu tonala azentu intentsibo bilakatu da eta sintaxia ikaragarri sinplifikatu.
Hala ere, jarraitutasun literarioak “greko” izen berari eustea erraztu du. Gainera, greziarrek berek beren hizkuntza historian barrena hizkuntza beratzat hartu izan dute. Ordea, esan bezala, inor gutxik jartzen du zalantzan handiagoa dela mizenastarren grekoaren eta gaur egungo grekoaren arteko aldea, “greko” izan arren biak, Zizeronen latinaren eta Jovellanosen gaztelaniaren artekoa baino, bata “latina” eta bestea “gaztelania” badira ere.
