Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Hizkuntza pentsatzea kontrarioak pentsatzea da (III)

Hizkuntza pentsatzea kontrarioak pentsatzea da (III)

Markos Zapiain 2026/11/24 18:49

Subjektiboa eta objektiboa

Itxuraz, hizkuntzak objektibotasunetik urrutiratu beharko gintuzke. Hizkuntza bakoitzak bere historia, bere kategoriak eta mundua artikulatzeko bere modua baditu, nola irits gaitezke ezagutza objektibora?

Baina Humboldtengan hizkuntza ez da soilik subjektibotasunaren adierazpena; subjektibotasunetik irteteko bitartekoa ere bada.

Pentsamendu bat hitzez adierazten dudalarik, nolabaiteko kanpokotasuna ematen diot. Neure aurrean jar dezaket, aztertu, kritikatu eta zuzendu. Besteek ere gauza bera egin dezakete.

Hizkuntzak nire esperientzia subjektiboa besteekin partekatzeko eta kontrastatzeko aukera ematen dit. Nire pentsamendua, hizkuntzaren bidez, beste subjektu batzuen azterketaren eta kritikaren objektu bilaka daiteke.

Hortaz, objektibotasuna ez da nahitaez hizkuntzaren subjektibotasuna ezabatzearen emaitza. Subjektibotasunak elkarrekin harremanetan jartzearen emaitza ere izan daiteke, mundu partekatu baten aurrean.

Davidsonenganainoko zubia eraikitzen zaigu horrela. Davidsonen triangulazioan hiru elementu behar dira: subjektu bat, beste subjektu bat eta biek partekatzen duten mundua. Objektibotasunaren kontzeptua ez da subjektu bakarti baten eta munduaren arteko harreman soilean eratzen. Beste subjektu batekiko harremana ere beharrezkoa da.

Humboldt eta Davidson ez datoz bat beti, baina biek problematizatzen dute subjektu bakartiak bere kabuz objektibotasuna eratzeko aukera.

Polaritate horrek argitzen du, azkenik, hizkuntzen aniztasunaren eta gizateriaren batasunaren arteko harremana. Mundua ikuspegi partikular batetik artikulatzeak ez du zertan objektibotasuna eragotzi. Ikuspegi partikular horiek komunikatzeko eta kontrastatzeko ahalmena objektibotasunaren baldintzetako bat izan daiteke.

Gogamenaren errepresentazio eta kateatzaile: mundu-ikuskera, askatasuna eta autoritatea

Humboldt mintzo delarik hizkuntza bakoitzaren mundu-ikuskeraz (Weltansicht), beste polaritate bat ageri da: hizkuntza gogamenaren errepresentazioa da, baina gogamena bera baldintzatzen duen indarra ere bada. Mundua ikusteko aukera ematen digu hizkuntzak, baina ikusteko modu jakin bat baldintzatzen digu halaber.

Ederto datorkigu hemen leihoaren metafora: kanpoko mundua ikusteko aukera ematen digu leihoak, baina leihoaren kokapenak eta formak ikusten duguna baldintzatzen dute.

Edozelan ere, hizkuntza ez da kartzela hermetikoa. Beste hizkuntza bat ikasteak, metafora berri bat edo kontzeptu filosofiko bat asmatzeak gure mundu-ikuskeraren mugak zabaltzeko aukera ematen digu.

Are gehiago, hizkuntzaren bitartez ohartzen gara hizkuntzak berak ezartzen dizkigun mugez. Paradoxa deigarria barren: hizkuntzak ezarritako kateez jabetzeko hizkuntza behar dugu, eta kate horiek askatzeko ere bai.

Horrek bereizten du Humboldt hizkuntza-determinismo muturrekotik. Hizkuntzak pentsamendua baldintzatzen du, baina pentsamenduak ere hizkuntza eralda dezake.

Oposizio horren beste formulazio bat da Azurmendik aipatzen duen azken polaritatea: hizkuntza une oro nire esku dagoen sorkaria da, baina gatibu naukan autoritate eta bortxa ere bada. Nire esku dago hizkuntza, baina hizkuntzaren esku nago ni.

Hiztun gisa, askatasun handia daukat. Esaldi berriak sor ditzaket, hitzen esanahiak aldatu, metaforak asmatu, erabilera tradizionalak irauli. Hala ere, ezin dut hizkuntzarekin edozer egin. Besteek ulertzea nahi baldin badut, partekatzen dugun hizkuntzaren arauak errespetatu behar ditut, neurri batean bederen. Humboldten askatasuna ez da araurik eza, baizik eta arauak era sortzailean erabiltzeko gaitasuna.

Kanten eskematismoa azaltzeko bezala, xakearen adibidea erabil genezake hemen ere. Xakeko arauek mugatu egiten dute jokalariaren jarduna; baina, aldi berean, haren jardun sortzailea ahalbidetzen dute. Arau guztiak ezabatuz gero, jokalariak ez luke xakean jokatzeko askatasun handiagoa izango: inondik inora ezingo luke xakean jokatu.

Hizkuntzaren eta xakearen arteko muntazko alde bat: xakea, sortu zenez geroztik, oker ez banago, ez da lar aldatu. Aitzitik, hiztunek, hizkuntza erabiltzean, eta historian zehar, hizkuntzaren arauak eraldatzen dituzte. Adibide xume bat: dirudienez, "-he" zen orain dela bi mila urte datiboa euskaraz, eta orain berriz "-ri".

Humboldtenean, halatan, hizkuntzaren autoritateak eta hiztunaren askatasunak ez dute elkar baztertzen; aldiz, elkarren baldintza dira. Hizkuntzaren arauek ahalbidetzen dute hiztunaren sormena, eta hiztunaren sormenak eraldatzen ditu hizkuntzaren arauak.

Humboldti esker, beraz, askatasunaren eta determinazioaren arteko arazo filosofiko orokorrari heltzeko manera berri bat aurkitzen dugu hizkuntzan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.