Hizkuntza pentsatzea kontrarioak pentsatzea da (I)
Zer ote zuen George Steinerrek gogoan Humboldtek hizkuntza pentsatzeko modu berri bat dakarrela baieztatzeko?
Joxe Azurmendiren Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua liburuko pasarte hau Humboldten hizkuntzaren filosofia osoa ulertzeko giltzarrietako bat da:
«Hizkuntza pentsatzea kontrarioak pentsatzea da: mugatua eta mugabakoa, instantekoa eta aspaldidanikoa, zerbait egina eta bukatua beti, eta beti hasten ari dena aldi berean; kontzientziaren ekoizpena eta haren ekoizlea; subjektiboa eta objektibitatearen zimendua, adimenaren jarduneko zeinu “arbitrarioa” (jada hobe: artifiziala) eta berdenboran naturala, gogamenaren errepresentazioa soil eta botere bat haren beraren kateatzailea, une oro nire esku dagoen sorkaria eta gatibu naukan autoritate edo bortxa». (110)
Azurmendik ez diosku bakarrik hizkuntzak ezaugarri kontrajarriak dituela, baizik eta hizkuntzaren izateko modua bera dela kontrarioen aldiberekotasuna. Kontrario horietako bat ezabatuz gero, hizkuntza bera behar bezala ulertzeko aukera galtzen dugu.
Liburuaren aurkibidearen egiturak berak indartzen du interpretazio hori. IX. kapituluak «Higiezin eta garakorra: bat eta askotarikoa» du izenburu; X.ak, berriz, «Naturala eta historikoa». Azurmendik, horrenbestez, kontrarioen aldiberekotasuna Humboldten filosofiaren ezaugarri puntualtzat aurkeztu beharrean, haren hizkuntzaren filosofia sistematikoki azaltzeko printzipio antolatzaile gisa darabil.
Mendebaldeko filosofiak sarritan pentsatu izan du oposizio kontzeptualen bidez: izatea eta bilakatzea, bata eta askotarikoa, subjektua eta objektua, natura eta kultura, askatasuna eta determinazioa, gizabanakoa eta gizartea, gorputza eta gogamena. Oposizio horiek ezarri ondoren, bi poloetako bati eman izan diote lehentasuna filosofoek, bestea haren bitartez azaltzeko.
Bestelakoa da Humboldten estrategia. Hizkuntzaren fenomenoa aztertzean, ohartzen da bi poloak elkarren baldintza izan daitezkeela. Hizkuntza ez da naturala ala artifiziala, subjektiboa ala objektiboa, askatasuna ala determinazioa. Biak da batera, eta, are gehiago, sarritan bata bestearen bitartez da.
Humboldten pentsamolde horretan Kanten filosofia kritikoaren, Goetheren morfologiaren eta idealismo alemanaren aztarnak ikus ditzakegu. Hala ere, hizkuntzaren fenomeno historiko eta antropologikoan gauzatzen du Humboldtek pentsamolde hori.
Higiezin eta garakorra: egitura, historia eta jarduera
Hizkuntzak egitura sendoa behar du, hizkuntza izango bada. Etengabe eta goitik behera aldatuko balitz, ezinezkoa litzateke hiztunen arteko komunikazioa. Aldiz, erabat higiezina balitz, ez litzateke organismo bizia izango.
Halatan, Mendebaldeko filosofiaren oposiziorik zaharrenetako bat aurkitzen dugu hizkuntzaren baitan: izatearen eta bilakatzearen artekoa, Parmenidesen eta Heraklitoren arteko oposizioaren bidez irudikatu ohi dena.
Oposizioei gagozkiela, ezin Humboldten adiskide min Goetheren morfologiaren eraginari ezikusia egin. Goethek, landareen metamorfosiaren bere teorian, eratze-printzipio beraren agerpentzat ditu forma desberdinak. Organismoaren identitatea ez datza haren osagai material guztien iraunkortasunean, baizik aldaketen bitartez mantentzen den antolaketan. Humboldtentzat ere, hizkuntzaren forma ez da jarduerari kanpotik ezarritako molde zurrun bat, ezpada jardueran bertan ageri den eratze-printzipioa.
"Higiezin" hitza, beraz, ez da erabateko aldaezintasun gisa interpretatu behar. Hizkuntzaren egiturak berak ere aldatzen dira historian. Kontua da aldaketaren barruan nolabaiteko jarraitutasun formala dagoela. Hizkuntzak ez dio identitateari eusten aldatu arren; hein batean, aldatuz gordetzen du bere identitatea. Ez ditugu urruti Saussureren sinkronia eta diakronia, nahiz eta Humboldten interes nagusia bi dimentsioen barne-lotura pentsatzea izan.
Polaritate horren barruan koka ditzakegu Azurmendik aipatu beste bi oposizio: hizkuntza instantekoa eta aspaldidanikoa izatea batera; eta zerbait egina eta bukatua, eta aldi berean beti hasten ari den zerbait.
Esaldi bat ahoskatzen dudalarik, singularra da jazotzen dena. Esaldi hori une jakin batean, egoera jakin batean eta gizaki jakin batek ekoitzi du. Baina esaldi horretan mendeetako historia dago metatuta. Darabiltzadan hitzak, bereizketa semantikoak, egitura sintaktikoak eta metaforak ez ditut nik asmatu. Iragan luzea da ene hitzetan mintzo.
Aldi berean, ordea, iragan horrek ez du hiztunengandik aparteko existentzia bizirik. Hizkuntza historikoak hiztunen jardunean baino ez dirau bizirik. Hizkuntza iragana orainaldi bilakatzeko eta orainaldia etorkizuneko iragan bihurtzeko jarduera da.
Hemen kokatzen da Humboldten ergon eta energeia arteko bereizketa ospetsua. Hizkuntza ez da obra burutua, ergon, jarduera baino, energeia. Goetheren organismoaren kontzeptuak argitzen du hemen ere Humboldten intuizioa. Organismo bizia ez da forma estatikoa, baizik bere burua etengabe eratzen eta eraldatzen duen batasuna. Orobat, hizkuntza ez da behin betiko sortutako zerbait, etengabe sortzen ari den zerbait baino.
Dena den, Azurmendiren pasarteak bereizketa horren interpretazio sinpleegia eragozten digu. Humboldtek hizkuntzaren jarduera-izaerari ematen dio lehentasuna, baina horrek ez du esan nahi jarduera horren emaitza historikoak baztergarriak direla. Hizkuntza jarduera izan daiteke aurreko jardueren emaitzak bereganatzen dituelako, eta aurreko jardueren emaitzek hizkuntza izaten jarraitzen dute jarduera berrietan txertatzen direlako.
Hizkuntza heredatua eta sortzen diharduen hizkuntza, egitura eta prozesua, egonkortasuna eta eraldaketa, egina dagoena eta egiten ari garena: guztiak dira errealitate beraren alderdi banaezinak.
