Hizkuntza pentsatzea kontrarioak pentsatzea da (eta V)
Humboldten polaritateak eta Azurmendiren eszeptizismoa
Kontrarioak pentsatzeko modu hori Azurmendiren sakoneko eszeptizismoarekin lotu liteke.
Azurmendiren eszeptizismoa ez litzateke soilik norberaren tesien aurkako argudioak begirunez hartzeko jarrera intelektuala. Errealitatearen beraren konplexutasunari erantzuteko pentsamolde bat ere izan liteke.
Errealitatea kontrarioen arteko tentsioz osatuta baldin badago, alde bakarreko azalpen batek, logikoki koherentea izan arren, fenomenoaren alderdi garrantzitsu bat ezaba dezake.
Hizkuntzari buruzko teoria instrumentalak, deterministak, naturalistak, konbentzionalistak edo formalistak ez dira faltsuak beren baieztapen guztietan. Haien akatsa egia partzial bat egia oso bilakaraztean legoke.
Humboldtek, eta haren eskutik Azurmendik, egia partzial horiek elkarrekin pentsatzeko ahalegina egiten dute.
Filosofo batek kontrarioetako bat absolutizatzen duelarik, Azurmendik beste poloaren eskubideak aldarrikatzeko joera duela esan liteke. Ez nahitaez lehenbiziko filosofoak esandakoa faltsua delako, egia partzial bat absolutizatu duelako baizik.
Naturalismo erredukzionistaren aurrean, historizitatea aldarrika dezake; historizismo erradikalaren aurrean, giza natura. Unibertsalismo abstraktuaren aurrean, partikularraren aberastasuna; muturreko erlatibismoaren aurrean, gizateriaren batasuna.
Testuinguru horretan uler daiteke, halaber, Azurmendik Malcolmen zakurraren inguruko Davidsonen arrazoibideari erakusten dion begirunea.
Zentzu komunak eta animalien adimenari buruzko gure esperientziak zakurrak uste faltsu bat duela onartzera bultzatzen gaituzte. Davidsonen arrazoibideak, aldiz, uste proposizionalak izateko beharrezkoak diren baldintza kontzeptualak aztertzera behartzen gaitu.
Azurmendik ez du zertan Davidsonen ondorioa onartu haren arrazoibidearen sendotasuna aitortzeko. Zentzu komunaren ebidentzia eta arrazoibide filosofikoaren eskakizunak batera hartzen ditu serio, bietako bat presaka sakrifikatu barik.
Zenonen paradoxen aurrean gertatzen zaigunaren antzeko zerbait da: Akilesek dortoka gainditzen duela jakiteak ez digu eskubiderik ematen mugimenduaren kontzeptuak ezkutatzen dituen arazo filosofikoak baztertzeko.
Azurmendiren eszeptizismoa ez litzateke zalantzaren filosofia hutsa, ezta ere pentsamenduaren ahuleziaren ondorio edo aldarrikapena, baizik eta aldebakartasunaren kritika sistematikoa eta errealitatearen konplexutasunarekiko leialtasuna.
Hizkuntzaren filosofiatik antropologiara eta ontologiara
Azurmendik Humboldtengan identifikatzen dituen oposizioak ez dira hizkuntzari bakarrik aplikatzekoak. Gizakiari berari ere aplika lekizkioke.
Gizakia naturala eta kulturala da, historikoki eratu eta historiaren sortzaile, bere buruaren jabe eta bere inguruaren eta baldintzen mendeko, gizabanako singular zein komunitate baten ekoizkin, mugatu bezain bere mugak gainditzeko gai.
Hizkuntzaren filosofiak, beraz, antropologia filosofiko oso bat dauka bere baitan. Eta antropologia horren azpian ontologia dinamiko bat sumatzen da: izatea ez da bakarrik behin betiko eginiko substantzia; etengabeko eratze-prozesu bat ere bada. Identitatea eta aldaketa, batasuna eta aniztasuna, natura eta historia ez dira ezinbestean elkar baztertzen duten kategoriak.
Humboldten berritasuna honela laburbil genezake: hizkuntza ez da aurretik eratuta dauden kontrarioen arteko bitartekari hutsa, kontrarioak elkar eratzen diren jarduera bera baizik. Hizkuntzan eratzen dira subjektua eta objektibotasuna, gizabanakoa eta komunitatea, tradizioa eta berrikuntza, araudia eta libertatea.
Horregatik, Humboldten eragina Azurmendirengan aztertzean, ez genuke soilik galdetu behar zein tesi bereganatzen dituen Azurmendik. Galdetu beharko genuke, halaber, zenbateraino bereganatzen duen Humboldten pentsatzeko modua bera. Eta beharbada kontrarioak pentsatzeko metodo filosofikoa da Azurmendik Humboldtengandik bereganatzen duen ondarerik sakonenetakoa. Baliteke Azurmendi humboldtiarra izatea ez bakarrik hizkuntzaz pentsatzen duenagatik, baizik eta, orokorrago, pentsatzen duen guztia pentsatzeko eragatik.
Eta, beharbada, horixe da Azurmendik Humboldtengan aurkitutako ikasgai filosofikorik sakonenetakoa: pentsatzea ez dela beti bereiztea eta aukeratzea; zenbaitetan, pentsatzea zentzu komunak edo tradizio filosofikoak elkarren aurkakotzat jotzen dituen bi egia batera pentsatzeko gauza izatea da.
Hipotesi horren arabera, Humboldten eragina Azurmendirengan ez litzateke doktrinala izatera mugatuko, metodologikoa litzateke orobat; eta Azurmendiren eszeptizismoa kontrarioak batera pentsatzeko metodo horrekin lotuta egon liteke. Hipotesia da, dena den, ez Azurmendik berak esplizituko formulaturiko tesia.
