Hizkuntza gatazka eta erabaki etiko bat
Sarah Colwillen kasuak frogatu du gaixotasunak lagun diezagukeela gure baitan aurkitzen eta pizten ezezagunak eta irudikagaitzak zitzaizkigun ahalmenak.
Itxuraz, burmuineko zati jakin bati dagokio mintzamena. Ordea, eta ez dakit neurolinguistek honetaz zer dioten zehazki, susmoa dut hizkuntza desberdinak erabiltzean burmuinean pizten direla esparru eta muga berdin-berdinak ez dituzten zatiak, hurbil eta are nahasirik egon daitezkeen arren. Sakoneko egitura desberdina duten hizkuntzek pizten dituzte zati desberdinak: frantsesak, italierak eta espainolak zati berdina pizten dute, euskararenarekin bat ez datorrena. Ingelesak eta alemanak berdina; ingelesak eta gaztelaniak desberdina.
Zenbait jendek hizkuntzak ikasteko dituen zailtasunak utzikeriaren aitzakia baino zerbait gehiago dira, neuronalak izan baitaitezke hein batean.
Batzuetan oharkabean alboko ezezagunari igarri egiten diozu zein hizkuntzaz diharduen, eta aiseago joko duzu zeurea darabilenarengana arrotzarengana baino.
Hori dela eta, Bilbon, edo Gaztelugatxe inguruan, maizegi, erdaldunek ez gaituzte ikusi ere egiten. Ikus gaitzaten helburu, borondate oneko asmo pedagogikoz, atzo, Bilbon bakarrik nenbilela, erabaki bat hartu nuen, irmo: baldin ezezagun batek gaztelaniaz galdetzen badit zerbait, aurrena neurtuko dut ea bere biografiak arazo ekonomikoen hobenaz gaztelania baizik ez ezagutzera behartu ote duen; hala balitz, gaztelaniaz erantzungo nioke, orain arte bezala.
Aldiz, bistakoa bada euskaldunen berri ez duen atzerritar bat dela, edo bestela inperialista linguistiko bat, orduan erantzungo diot: “Sorry, I’m Basque, I don’t speak Spanish, only Basque and English”.
Hori bai, ahal bezain adeitsuki, amorru izpirik gabe, batez ere zapaltzailea zuzentzen zaizularik. Izan ere, bihozbera eta zintzoa zatzaizkio erantzun horren bidez, ez baita soilik defentsazkoa: bere burmuineko zati elbarriak pizten laguntzen ari zatzaizkio, bere gogoa eta jakintza osatzen eta biribiltzen, migraina onbera bat bazina bezala.
Tamalez, erabakia irmo hartu eta ordu laurdenera espainol harroputz tipikoak Guggenheimera nola iritsi galdetu zidan eta inertziaren erruz eta ordurako erabaki irmoa ahaztua nuelako gaztelaniaz erantzun nion, baina zin dagit aurrerantzean etikokiago jokatuko dudala.
Denbora daramat kontu horrekin bueltaka: ea gaztelaniari uko egitea izan daitekeen bide eraginkorra. Eraginkorra izateaz duda gutxi dut egia esan, erabakiari eusteko nire ahalmen urria da arazoa. Izatekotan, ekimen kolektiboa izan behar duelakoan nago: diskurtso argi eta aldi berean malgu eta askotarikoarekin, proiekzio publikoarekin, babesarekin. Uste dut geroz eta jende gehiagoren buruetan pizten ari dela hizkuntz inperialismoari hizkuntz intsumisioarekin erantzuteko beharra... ea nola azaltzen diodan nire amari :)