Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Nork bere planoa

Nork bere planoa

Markos Zapiain 2024/02/13 12:25

Hiriek eta hizkuntzek ez diote aldatzeari uzten, bertan bizi eta bertatik igarotzen diren lagunen jardueren ondorioz. Etengabe sortzen dira esamolde eta karrika berriak, noranzko bakarreko kaleak eta kalezulo itsuak. Noranzko bakarrekoak edo itsuak direla, hala nola euskara zeharo garbia edota txokokeria, eskarmentuarekin batera ikasiko du erabiltzaileak, beranduegi agian.

Ataka larrian egotearekin alderatzen du arazo filosofikoa Bigarren Wittgensteinek, kale itsuan galdurik. Ez da batere zaila hizkuntza bezalako hiri konplexuko kalexka estuetan galtzea. Wolfram Eilenbergerren ustez, atsegina ere izan liteke.

Filosofatzearen eginkizunetako bat hiri horren planoa marraztea litzateke, paseatzaile galduak jakin dezan zehazki non dagoen eta, hortik abiatuta, aurrera jarraitzeko bidea bere kabuz eta argitasunez aukeratu ahal izan dezan.

Honelaxe pintatzen zien Wittgensteinek ikasleei bere irakasle-eginkizuna:

“Filosofia irakasten dizuedanean, gidari baten gisakoa naiz, Londresen nola mugitu erakusten dizuena. Iparraldetik hegoaldera eramango zaituztet, ekialdetik mendebaldera, Eustondik Embankmentera eta Picadillytik Marble Archera. Hainbat ibilbide egin ondoren hirian barrena, norabide guztietan, kale jakin batetik zenbait bider igaroak izango gara, eta ibilbide desberdinen zati gisa izango dugu zeharkatua aldi bakoitzean. Azkenean, Londres ezagutuko duzue: benetako londrestarrak bazinete bezala aurkituko duzue edozein bide.

Jakina, gidari onak kalerik garrantzitsuenetatik eramango zaituzte, bigarren mailakoetatik baino sarriago; kontrakoa egingo du gidari txarrak. Filosofian, aski gidari txarra naiz.”

Edonola ere, eskoletako gidaritza horiek gorabehera, Wittgensteinek berak dio norberak aztertu behar duela hiria, plano txukuna sortuko badu gero gogoan. Norberak pentsatu ez dituen gogoetek ez dute gauza handirik balio. Inork ezin du nire txapela bere buruan jantzita nire burua estali; era berean, inork ezin du nire pentsamendua bere buruan nire ordez pentsatu. Hiria bere kasa korritu eta aztertu baino lehen, inork ez du behar bezalako planorik buruan. Eta balu ere, nahasgarria litzaioke. Hori bai, goitik behera eta xehero-xehero behar da hiria aztertu. Eta zauden lekutik abiatuta galdetuko diozu gero zeure buruari zer norabide hartu nahi duzun. 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.