Hitzen hiria
Bigarren Wittgensteinek dio gure hizkuntza hiri zahar baten antzekoa dela. Batetik alde zaharra, kalezulo eta plazen nahaspila, etxe zahar eta berriena, hainbat mendetako eraikinak pilaturik; bestetik, badaude auzo berriak ere, kale zuzen eta erregularrez osatuak, atxikiriko etxeekin. “Likine abuloraune ekien bilbiliars” eta “erresonantzia magnetiko nuklearra”.
Wittgensteinen galdera: zenbat etxe edo kaletik gora hasten da hiri bat hiri izaten? Noiz osatzen da hiria, noiz osatzen da hizkuntza? Hizkuntzaren aldirietan dialekto berriak eta neologismoak sortzen dira, hala nola kimikaren sinbolismoa edo kalkuluaren idazkera.
Edozelan ere, periferiak erantsi baino lehen, hiria ez zen osoa ala? Bukatzeke ote zegoen orain dela 50 urteko Irun? Hala balitz, esan beharko genuke gaur egungo Irun ere ez dela osoa. Osatuko ote da inoiz?
Bigarren Wittgensteinen iritziz, kimikaren sinbolismoa jaso baino lehenagoko hizkuntza gaur egungoa bezain osoa edo osatugabea zen, orain dela 50 urteko Irun bezalaxe.
Bigarren Wittgensteinentzat, hizkuntza hizkuntza izaten hasten da testuinguru jakin bateko komunikazio-baldintzak betetzen dituenean. Ordutik aurrera, etengabe aldatzen da, ahozko adierazpena etengabe aldatu den bezala hizkuntza gisa kontsideratua izaten hasi arte. Era berean, esan liteke, Carla Carmonarekin batera, biztanleen beharrak asetzen dituenean hasten dela hiri izaten aurrerantzean etengabe aldatuko den hiria.