Herder, Humboldtenganako bidean
“Herder: planteamendu antropologikoa” kapitulua dugu Humboldt-liburuan, eta Klasikoak bilduman hizkuntzari buruzko Herderren liburu nagusia, Hizkuntzaren jatorriari buruzko tratatua, Anton Garikanok euskaratua. Kanten ikasle izan zen Herder, eta harreman estua izan zuten hasiera batean, baina hainbat auzitan erakutsi zituen gero Kantenak ez bezalako ikuspuntuak, eta idealista kritikoaren kritikorik zorrotzenetakoa bilakatu zen. Herderren ikuspuntu horietako batzuk bere egin zituen Humboldtek; orobat Azurmendik.
Azurmendiren kapitulua ekarriko dut hona, maizetan hitzez hitz.
Descartesek ez hizkuntzan baizik eta ariman jartzen du gizakiaren eta animalien arteko diferentzia: “raison”, “âme”, “esprit” delakoan, hizkuntza baino haragoko eta hizkuntzaren menpeko ez omen den “subjektu puru hilezkorrean, eta horren ahalmen handien manifestazio bezainbatean bakarrik balio du hizkuntzak gizakiaren bereizgarri gisa.” (Azurmendi, 55) Descartesentzat, beraz, gizaberea eta beste abereak zinez bereizten dituena ez da hizkuntza, arima baizik.
Herderrek hizkuntzaren jatorriaren planteamendu antropologiko iraultzaile bat egiten du, arrazoimena eta adimena hizkuntzarekin identifikatuz. Horrela, eskola modernoen gainetik, logos grekoaren hizkuntzaren eta arrazoizkotasunaren batasunera itzuli da. Humboldtek ere bildu egingo ditu hizkuntzalaritza eta antropologia; eta arrazoimena hizkuntzarekin identifikatuko du.
Herderren antropologiaren alde bat bere egin du Azurmendik. Platon, Pico dela Mirandolla eta Rousseaurengandik zetorren, eta Nietzschek, Simone de Beauvoirrek, Gehlenek, Blumenbergek, Derridak eta Stieglerrek ere onartuko dute, beste askoren artean: Herderrek hizkuntzaren jatorria gizon-emakumeak «gabezietako izaki» izatean kokatu du.
(Gutxi dira era esplizituan gizakiaren funtsa gabeziari lotzeari uko eginikoak: Spinoza, Deleuze, Vinciane Despret datozkit gogora. Askoz ere gehiago izango dira ziur aski, baina ohiko filosofiaren historietan ez dituzte nabarmentzen.)
Harira: bere natura osatubako horrengatik garatu behar izan du gizakiak hizkuntza. Naturala zaio gizabereari hizkuntza garatu behar izateko disposizioa. Eta hizkuntza garatzea eta arrazoimena garatzea bat eta bera da, arrazoimenaren aplikaziorik apalena ere ezinezkoa baita hizkuntzarik gabe. Hizkuntza edota arrazoimena ez da gizaberearen sortzetiko jabetasun bizigabe, inerte bat, estatikoa, baizik eta hura lantzeko disposizio bat, horrela bere gizatasuna garatuz. Humboldten hitzetan, ez da ergon, baizik eta energeia. Hizkuntza garatzea, beraz, ez da giza natura garatzea baizik. Naturala da gizakiak hizkuntza asmatzea. Gizaberearen disposizio natural horretan datza Herderrentzat hizkuntzaren jatorria.
Edozein abereren aldean da gizakia «gabezietako izakia», haien instintu seguru eta trebeziarik gabekoa. Herder-Garikano: “Biluzi eta soil, ahul eta behartsu, herabe eta armarik gabe; eta, bere oinazeen laburbilketa dena, gidaririk ez bizitzan. Hain sentikortasun sakabanatu eta ahuldua, hain gaitasun zehazgabe eta lokartuak, hain sen zatitu eta akituekin jaioa, hamaika premien menpe, esparru zabalean kokaturik, eta hala ere, hain umezurtz eta abandonaturik dago, non ez den hizkuntza bat beraren jabe ere, bere gabeziak jaulkitzeko”.
Hain natura eskaseko izaki horri, «naturgaineko» zeozer eman zaio, bere gabezia guztiak gainditzeko: adimena, arrazoimena, bereizmena, gogoeta, edo nahi den bezala deitzekoa, nahiz funtsean ez den ahalmen berezi bat, baizik eta giza ahalmentxo guztien antolaketa bat, disposizio bat.
Herderrek Kantek bezala polemizatzen du «arrazoimen huts» geometrikoarekin aurka, baina arrazoimena eta sentikortasuna bat bihurtu ditu. Kanten kritikak arrazoimen hutsari sentigarrizkoaren ekarpena gehitu dio, ezer ezagutzeko posibilitate-baldintza bezala: zentzumenen ekarpenik gabe, ez dago adimenaren ezagutzarik. Hala ere, ez adigarrian ez sentigarrian ez dio Kantek lekurik egin hizkuntzari ezagutza-prozesuan. Aski kartesiar jarraitu du alde horretatik.
Hizkuntzari buruzko Herderren testuen argitaratzailea mintzo zen Herderren «horroreaz gogoeta transzendentalarekiko». Herder, adimenaren eta sentigarriaren bakantze eta isolatze kantiarra osotoro ukatzeraino da erradikala hizkuntzaren exijentzian. Sentitzea, pentsatzea eta hitz egitea bat eta bera da dena harentzat: «gizakiak adimenaren bidez sentitzen du, eta pentsatzen duen neurrian hitz egiten du». Zenbait pentsalarik ikusia zuen hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko kausa-efektuzko lotura, Herderrek lokarri esentziala bihurtu du: gizakia, pentsamendua eta hizkuntza, bat dira; baina ez dira hor egon dauden zer estatikoak, garatuz doan osotasun dinamikoa baizik.
Herderren planteamendu antropologiko-historiko hori, Kanten transzendentaltasunaren aurka jotzen duena, Humboldtek, mende erdiren buruan, antropologiko-transzendental bilakatuko du.
Eta, handik bi mende eskasera, bere egingo du Azurmendik Humboldten antropologia transzendentala, baina Herderren antropologia historiko eta naturalistaren norabidean birkokatuta. Ez da Herderrengana itzulera hutsa, Humboldten gainetik, baizik eta transzendentalaren historizazio bat. Ez dakit oso zuzena den Azurmendiren antropologia transzendentala dela esatea. Noski, ez du gizakiaren esentzia transzendental bat ezartzen. Baina hori bai, gizaki historikoaren hizkuntza-jardueran aurkitzen ditu pentsamenduaren eta munduaren ulergarritasunaren baldintzak. Zentzu horretan beraz transzendental: baldintzak bilatzen eta aurkitzen dituelako epistemologian.
Aurrekoa laburtzeko, eta Humboldtenganako bidean Herderri esker irabazitakoa zerrendatzeko, zortzi puntu:
1-HIZKUNTZALARITZAK BAT EGIN BEHAR DU ANTROPOLOGIAREKIN
2-ARRAZOIMENA ETA HIZKUNTZA BAT DIRA, LOGOS
3-GIZA HIZKUNTZA SORTU BEHAR IZAN DA GIZAKIA FUNTSEAN DELAKO OSATUBAKOA, GABEZIA
4-HIZKUNTZA EDOTA ARRAZOIMENA EZ DA GIZABEREAREN SORTZETIKO JABETASUN INERTE ESTATIKOA, EZPADA HURA LANTZEKO DISPOSIZIOA. HORRELA GARATZEN DU BERE GIZATASUNA. HUMBOLDTEN HITZETAN, EZ DA ERGON, BAIZIK ETA ENERGEIA.
5-ADIMENAREN ETA ZENTZUMENEN BEREIZTE ETA ISOLATZE KANTIARRA UKATZEN DU
6- SENTITZEA ETA PENTSATZEA ETA MINTZATZEA BILDURIK DATOZ: «GIZAKIAK ADIMENAREN BIDEZ SENTITZEN DU, ETA PENTSATZEN DUEN NEURRIAN HITZ EGITEN DU».
7- GIZAKIA, PENTSAMENDUA ETA HIZKUNTZA BAT DIRA; BAINA EZ DIRA HOR EGON DAUDEN ZER ESTATIKOAK, GARATUZ DOAN OSOTASUN DINAMIKO BAT BAIZIK. HEGELEK BAINO LEHEN NABARMENTZEN DU HERDERREK GIZAKIAREN ETA PENTSAMENDUAREN HISTORIKOTASUNA
8-HERDERREN PLANTEAMENDU ANTROPOLOGIKO-HISTORIKOA, ANTITRANSZENDENTALA (ZENTZU KANTIARREAN), HUMBOLDTEK ANTROPOLOGIKO-TRANSZENDENTAL BILAKATUKO DU
