Hegel/Kojève eta Humboldt/Azurmendi (I)
Autonomoa zen garai batean metafisika hutsa, baina aspaldion beti ageri da bestelako jakintzei lotua, gaur egun agian batez ere biologiari eta ekonomiari. Filosofiak ez du aurkikuntza berririk egiten, baina adi dago, zertan ibiliko ote diren bestelako jakintza horiek, eta kontuan hartzen ditu. Are gehiago, esan izan da filosofiaren zeregina izan litekeela zehaztea kimika, fisika, biologia, ekonomia eta gainerako jakintzen arteko loturak, eta oinarri kategoriko komunak. Funtsean litzateke filosofia gaur egun zeharkakoa eta transbertsala.
Zehazkiago planteatzen zuen Alexander Kojévek: biologoak bizitza edo animalien organismoak aztertu, deskribatu eta azaltzen ditu. Hala ere, biologiak berak ez du azaltzen nor den mintzo den biologo hori, zer esan nahi duen egia zientifiko horiek adierazteko zeinuak erabili behar izateak, ezta egia horiek adierazteko darabilen hizkuntzaren edo diskurtsoaren egitura zein den ere. Zientzialariak mundua zeinuz eta mintzoz argitzen du, baina bere metodo zientifikora mugatuta behintzat ezin du azaldu egia zientifikoak zer zerikusi duen zeinuak eta mintzoa erabili beharrarekin, zertan den egia azaltzeko zeinuak eta mintzoa erabili beharraren funtsa.
Halatan, selbsbewusstein edo autokontzientziari lotzen dio Kojèvek filosofia. Bere buruaz kontziente izateak bereizten du Kojèverentzat filosofia zientzia partikularretatik. Filosofiaren lana edozer jakintzaren edukia azaltzea da, baina azalpen horretan sartzen du halaber filosofoa bera, egia osoa bereganatzearekin batera filosofo izateari utzi eta jakintsu bilakatua. Filosofiaren ondoriozko jakintza absolutuak azaltzen du biologoaren adimena nola iritsi den bizitzari buruzko egia adieraztera. Gogoaren fenomenologian Hegelek giza kontzientziaren bidaia darakutsa, jakintza absolutua erdietsi arte. Odisea hori ibili beharrekoa du jakintsuak, Logikaren zientzia edo jakintza absolutua behar bezala ulertu eta adieraziko badu. Hori da, Kojèveren ustez, Spinozak ments izan zuena: Etikan, tanpez kokatu zuen amsterdamdarrak bere burua Jainkoaren ikuspuntuan, baina ez zigun jakinarazi nola iritsi zen horraino. Gogoaren fenomenologiarik gabeko Logikaren zientzia da nolabait Etika.
Gai horiek loturik, Humboldt, Hegel, Kojéve eta Azurmendi harremanetan jartzeko bide emankorrak irudika litezke. Hegel eta Kojève kokatuko lirateke alde batean, eta bestean Humboldt eta Azurmendi, nahiz eta, beti bezala, letra txikia aztertuta bistan den bereizketa zorrotz hori irmokerian jausten dela.
Loturaren muina honela formula liteke: Kojèverentzat, filosofiak, jakintza oro azaltzeaz gain, jakintza hori ekoizten duen subjektua ere azaldu behar du. Humboldt eta Azurmendi kontuan hartuz gero, beste urrats bat egin beharra dago hemen, ezin baita ahaztu egia zientifikoa hizkuntza jakin batean adierazten dela ezinbestez. Alegia, panorama osoari hobeki antzemateko, egia dioen subjektu horrek bere burua eta mundua ulertzeko darabilen hizkuntza historikoaren nondik norakoa ere azaldu beharra dago, eta zertan eragiten dion hizkuntza horren sakoneko egiturak egia dioen subjektuaren mundu-ikuskerari.
Berez pizten da horrela galdera hau: posible ote da zinez hizkuntza zehatz baten bidez bere burua ulertzen duen subjektuak bere hizkuntza gainditzea eta Hegelenaren tankerako jakintza absolutua bereganatzea? Besteak beste, galdera horrek berak bereizten ditu Kojèveren hegelianismoa eta Humboldtengandik Azurmendiraino doan pentsaeraren ildoa.
