Hautsaren jatorri tamalgarria
Hautsa gogaikarria dela frogatzeko ez da argudio korapilatsuen beharrik: bistan da hautsa kentzen ordu gehiegi galtzen dela eta hautsak ez duela inongo funtzio praktikorik, ez ditu altzariak Gaizkitik babesten. Bikote modernoetan liskar-iturri garrantzitsua izaten da: “Garbitu dezagun egongela!”, “Berriro?, etzi hautsak estaliko du, ez du merezi!”, “Urde zikina!”
Orain badira robot berri batzuk, etxean piztuta utzi eta gelaz gela joaten omen direnak guztia garbitzen, irensgailu adimentsuak. Hala ere, oraindik ez daude aski aurreratuak, eta jendeak, nire izeko batek bai behintzat, atzetik jarraitzen dio makurtuta, norabidea zehaztuz eta hurbildik zainduz, eta gero eta okerrago dauka lunbagoa.
Etxeko hautsa, bulegoetakoa, txokoetakoa, gizakiak berak eraginikoa da neurri handi batean, azaleko zelulen desitsastearen ondorio. Giza azaleko zelula hilez dago osatua etxeko hautsaren % 70. Hauts-kopuru jakin bat pilatzen delarik, bixarra edo peluxa osatzen da. Lehergailu atomikoa asmatu dugu, halaber gerra eta tortura, beroketa globala; baina, gainera, hautsa eta peluxa guri darizkigu! Ulergarria baita hainbat pentsalari argi gizaki izateagatik lotsatu izana.