Hasperen
Joakin Gorrotxategi eta Mikel Martinez-Areta adituek diotenez, hasperenagatik eta hitz-amaieran afrikatuak erabiltzeagatik bereizi izan da euskara inguruko hizkuntzetarik, erromatarrak etorri aurretik ere. Fonologia, nolabait, fonetika funtzionala dela irakasteko orduan, adibideak jarri behar eta hats, hets, hits, hots eta huts dira esanahiak bereizteko gure bost bokalak ageri diren bost soinu-segida; eta hara, hitza osatzeko soinu- edo letra-kopuru txikiena erabilirik hasperen eta amaierako afrikazio gehien duen seriea da, fonema bokalikoak bereizteko serie osoen artean ekonomikoena. Ez dirudi kasualitate hutsa. Are gehiago, litekeena da bost bokalak barnebiltzen dituen serie bakarra izatea, soinu-segida luzeko eleak kontuan izanik ere.
(Eulogia, Eustakio, Eufrasio, Eulalio, Laurentzio, Aurelio, Aureliano eta Audeliok ere bost bokalak dauzkate, baina izen berezi banatan. Zaila da, grekotik edo latinetik ez datozenen artean, bost bokalak barne hartzen dituzten izenak aurkitzea.)
Andolin Eguzkitza hizkuntzalari eta poeta haserretu egiten zen poeta euskaldunak jendaurreko errezitaldian hatxea ahoskatzen ez zuenean. Atzo Axularren testu bat ozenki irakurri behar izan nuen. Bizitzan lehenbiziko aldiz ebaki nituen hatxeak, eta inoiz baino euskaldunago sentitu nintzen, Caupolicán handia bezain garaiezin.