Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Hannah Arendtengana hurbiltzeko

Hannah Arendtengana hurbiltzeko

Markos Zapiain 2022/10/09 12:10

Simone de Beauvoirrekin batera, munta handia izango du aurrerantzean Hannah Arendtek EAEko Bigarren Hezkuntzako Filosofiaren Historian (Batxi 2); baita Filosofian ere (Batxi 1), irakasleak hala erabakiz gero. Iparraldean Arendt aspalditik da garrantzitsua Terminal Orokorrean, eta ezinbestekotzat jotzen da Justizia eta Askatasuna nozioak azaltzeko orduan. Arendti buruz askoz ere material pedagogiko ugariago dago frantsesez gaztelaniaz baino. 

 

BIOGRAFIAK

Lau dabiltza nagusi gure artean:

1-Elisabeth Young-Bruehl, Hannah Arendt, for love of the world, 1982 (gaztelaniaz eta frantsesez ere badago)

2-Laure Adler, Dans les pas de Hannah Arendt, 2005; gaztelaniaz: Hannah Arendt: una biografía

3-Anne C. Heller, Hannah Arendt, A Life in Dark Times, 2015. Audioliburu gisa ere badago. Gaztelaniaz, Hannah Arendt, Una vida en tiempos de oscuridad. Ez dago frantsesez.

4-Ken Krimstein-ena biografia grafikoa da, komikia, The Three Escapes of Hannah Arendt, 2018, gaztelaniaz Las tres vidas de Hannah Arendt, frantsesez Les Trois Vies de Hannah Arendt. Oso polita, gustura irakurtzen da eta Krimsteinek gainera tentuz aukeratu eta nabarmendu ditu Arendten bizitzako pasadizorik erabakigarrienak, hala nola Gurs-eko egonaldia edo Walter Benjamin adiskidearen suizidioa.

Sendoena, ikerketa lan handi eta serioena erakusten duena, lehenbizikoa da, Arendten ikasle izaniko Elisabeth Young-Bruehlena. Adlerrek Arendten liburuen irakurketa pertsonalak emendatzen dizkio, eta literatura dei genezakeena: adibidez, Young-Bruehlek Arendt Königsbergetik Berlinera amarekin trenez joan zela kontatzen badu, Adlerrek irudikatzen du pentsalariak bihotz-gogoetan zeramakeena, eta leihatilatik ikus zezakeena.

Anne C. Heller-ena Young-Bruehelenaren laburpena da funtsean. Young-Bruehlenak 630 orrialde, Hellerenak, gure garaiari egokituago, 150 inguru. Dena den, biografia bakar bat aukeratu behar izanez gero, dudarik gabe Elisabeth Young-Bruehlenaren alde. Dirudienez, 1982az geroztik ez dute Arendten bizitzari buruzko datu esanguratsu berririk aurkitu, Heideggerrekiko harreman estuari dagozkionak izan ezik.

 

ARENDTEN PENTSAMENDUARI BURUZ, EGOKIAK SARRERA ETA AMU GISA

 

EUSKARAZ

1-Jakin aldizkarian, ale berezia, "Filosofiatik ezabatutako emakumeak", 2022, eta bertan artikulu bi, Yolanda Barriosen “Hannah Arendt: pentsatzeko ausardia”, eta bestea anonimoa, “Hannah Arendt, Gaizki absolutua”, biak irakaskuntzan erabiltzeko eta selektibitateari begira ezin praktikoagoak.

2-Arendten beraren “Eichmann Jerusalemen” (2008) liburuaren Sarrera ondo informatua, Amos Elon-ek idatzia, Arendten jarrera batzuek sortu zituzten arazoak ganoraz eztabaidatzen dituena; aspalditik dago agortua, eta, Klasikoak bildumako beste liburu batzuk ez bezala, ezin da epub edo pdf gisa jaitsi. Lehenbailehen konpondu beharreko arazoa.

3-Mario Zubiagaren sarrera aparta Arendten “Indarkeriaz” liburuari, Katakrak, 2021

 

GAZTELANIAZ

1-Antonio Campillo, El concepto de amor en Arendt, 2019

2-Nuria Sánchez Madrid, La filosofía frente al mal, 2021. Espainian gaur egun dagoen Arendti buruzko berezilaririk garrantzitsuena da Nuria Sánchez, hitzaurre mamitsuak egin dizkie Alianzak argitaratu dituen Desobediencia civil eta La mentira en política-ri. 

 

FRANTSESEZ

1-Julia Kristeva, Le génie féminin. 1-Hannah Arendt, 1999; gaztelaniaz: El genio femenino 1-Hannah Arendt. Batzuetan Arendti zeharo arrotzak zaizkion kategoria psikoanalitikoak badarabiltza ere, interesgarria da nola joaten den obraz obra Arendten ideia nagusi zenbait atzematen eta azaltzen, hala nola bizitza, jaiotza, kontakizuna, politika...

2-Jean-Claude Poizat, Hannah Arendt, une introduction, 2013. Dijon-go filosofo gazteak biografia baztertu eta zuzenean ekiten dio Arendten pentsamendu politikoa aztertzeari. Ederto baten dago antolatua Arendten paradoxa nagusietan barneratzen gaituen liburu distiratsu hau. Ez dezala irakurri lehenbailehen, argi eta garbi eta kosta lain kosta erabaki nahi lukeenak Arendt ezkertiarra ala eskuindarra ote zen, sionista ala antisionista, feminista ala antifeminista, batuaren ala euskalkien aldekoa.  

Zori oneko gabiltza, zeren eta, euskarazkoak bezala, oso onak baitira erdarazko sarrera horiek ere.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.