Gurutziltzaturiko irakaslea
Bagenuen irakasle bat ebaluazioa joan ebaluazioa jin ikasleak oro suspenditzen zituena. Ikasleak, lankideak, gurasoak kexu, zuzendaritzatik komentatu genion bazela hor ondo ez zebilen zerbait. Eta erantzun zigun ezen “gurasoen presioari amore emanda berehala jaisten dituzue zuek prakak, koldarrak zarete, eta dotoreziarik batere gabe zabiltzate gainera afektu bila, ikasleen bihotzak merezi ez dituzten notak jarririk irabazi nahian, maitasun eske lerdea darizuela, duintasuna aspaldi galduta. Ederki dakigu guztiok gaur egungo ikasleek ez dutela gainditzeko moduko maila ematen. Eta ni zuzena naiz. Eta, Jesu Kristoren antzera, bakar-bakarrik nago, Golgotako gurutzean iltzaturik; eta ikasleek, lankideek, gurasoek, lantzak sartzen dizkidazue saihetsetan. Baina zeinek zuen arrazoia? Jesu Kristok ala erromatarrek?”.