Gramatika, arreta-iragazki oharkabea
Hautematean, gogoetan eta adimenean gramatikak izan lezakeen eraginaren ingurukoa da eztabaidarik interesgarrienetakoa hizkuntzalaritzan. Nolako eragina du jendearen mundu-ikuskeran darabilen hizkuntzaren deklinabide-taulak, kasurako, eraginik baldin badu, bederen? Erlatibista linguistikoek uste dute baduela, eta zehaztasunak jakinarazi dizkigute.
Mitxelenak pasioz eta goitik behera irakurri zuen Roman Jakobsonek 1959an idatzi zuen “On Linguistic Aspects of Translation” artikulua. On Translation liburuan argitaratu zuen gero.
Deszifratu beharrekoa da horko esaldi garrantzitsu bat, osteko hamarraldietako hizkuntzalaritzan eragin nabarmena izan zuena: “Languages differ essentially in what they must convey and not in what they may convey”.
Gutxi gorabehera: funtsean dira desberdinak hizkuntzak ezinbestez adierazi beharrekoari dagokionez, baina ez adieraz dezaketenari dagokionez; alegia, hizkuntzak ez dizu pentsa dezakezuna mugatzen, pentsatzeko aukera ezin zabalagoa ematen dizu; hala ere, gramatikak gauza batzuk markatzera behartzen zaitu.
Deklinabideak ez du erabakitzen zer pentsatu behar duzun; bai haatik zertan jarri behar duzun nahi eta nahi ez arreta: horra hor Jakobsonen tankerako erlatibista zuhurren ikuspuntua. Gramatikak adimena estutzen ez dizun arren, hala ere, Dan Slobin-en esanetan, “arreta-iragazki automatizatu” gisa jokatzen du.
“From ‘Thought and Language’ to ‘Thinking for Speaking’” izeneko artikuluan zehaztu zuen Slobinek ideia hori. J. Gumpertz-ek eta Stephen C. Levinson-ek 1996an argitaratu Rethinking Linguistic Relativity liburuan jaso zuten Slobinen artikulua.
Slobinen esanetan, hizkuntzak ez du pentsamendua espetxeratzen; dena den, mintzo zarelarik, hizkuntzak entrenatzen zaitu arreta eta atentzioa dimentsio jakin batzuetan jartzeko: kodetu beharreko aldeei erreparatzera ohitzen du hizkuntzak hiztuna. Hitz egiteko orduan, automatikoki monitorizatzen ditu hiztun bakoitzak bere hizkuntzari loturiko arretagune eta joera jakin batzuk.
Jakobsonen eta Slobinen uberan, Guy Deutscher-ek ere, 2010eko Through the Language Glass honezkero klasikoan, espresuki baztertu zuen erlatibista gogorren determinismoa, eta hizkuntzak adimenean zenbait arreta-molde ohiko bilakarazten dizkizula erakustera mugatu zen: izaki eta egoera jakin batzuei atentzioa emateko ohitura automatikoa sortzen du hizkuntzak. Esan liteke Deutscherentzat ere, Slobinentzat bezala, arreta-iragazki oharkabea dela gramatika.
Kasu espazialen sistema erraldoia duen hizkuntza batean mintzo bazara —lehen aipatu Kaukasoko hizkuntzetan, adibidez, edota hungarieraz—, objektuek espazioan beteriko posizio zehatza kalkulatzera behartuta zaude, mintzatzen hasi orduko. Euskaldunak edo frantsesak “katua kutxan dago” esan dezake, kontuan hartzeke flotatzen dagoen, edo ertzean, edota hondoa ukitzen. Aitzitik, Tsez hiztuna behartuta dago kokagune horietako bakoitzari dagokion kasu zehatza hautatzera, eta horrek gurea baino arreta topografiko eta memoria espazial askoz ere zorrotzagoa garatzera bultzatzen du, eguneroko bizitza arruntean gainera.
Deklinabideak ez ezik, generoak ere badu eragina hiztunen garunetan. Gramatikan genero-markak dituzten hizkuntzen hiztunak sarriago “ohartzen” dira gauzen “sexu” metaforikoaz. Euskarak ez du generorik, baina latinak eta hizkuntza erromanikoek badute. Errusiar Itziar Laka dugu Lera Boroditsky psikolinguista. Haren ikerketek erakutsi dutenez, hitz bat hizkuntza batean maskulinoa baldin bada (adibidez, gaztelaniazko “el puente”), hiztunek “sendo”, “luze” edo “astun” legezko adjektiboekin deskribatzeko joera izaten dute. Aldiz, femeninoa izanez gero (alemanezko “die Brücke”), “dotore”, “polit” edo “hauskor” bezalako adjektiboetara jotzen dute gehiago. Ez biribilki ez sendoki, baizik aski sotilki koloreztatzen dute gauzen gure hautematea deklinabideak eta generoak; edozelan ere, koloreztatu egiten dute.
