Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Gogamenera ez da aski (I)

Gogamenera ez da aski (I)

Markos Zapiain 2026/09/07 11:55

Jerry Fodorrek 1975ean The Language of Thought argitaratu zuen, “Pentsamenduaren hizkuntza”. Modu informalagoan, “mentalese” ere deitzen dio pentsamenduaren hizkuntzari. Gerora Steven Pinkerrek ere erabili zuen "mentalese" hori. Joxe Azurmendik “mentalesa” zein “gogamenera” darabiltza. Giza adimenaren berezko hizkuntza esan nahi du, hizkuntza naturalek errealitatera dakartena. Humbolt: hizkuntza eta pentsamendua liburuko azkeneko atalean azaltzen eta eztabaidatzen du Azurmendik, “Jerry Fodor eta beste” izenekoan. Atal horretako benetako korapiloa da. Azurmendiri ez zaio Fodorren teoria aski iruditzen.

Fodorren iritziz, ez dugu ezinbestean hizkuntza natural batean pentsatzen. Gogoak badu berezko irudikapen-sistema bat. Honelakoa litzateke giza hizkuntzaren ibilbidea: errealitatetik letozke gogoko irudikapenak, gogoko irudikapenetatik pentsamendua, eta pentsamendutik hizkuntza naturalak.

Mentalesa, hortaz, gogamenera, hizkuntzatzat du Fodorrek, baina ez da gure hizkuntza naturalen modukoa.

Imajinatu ordenagailu baten barneko kodea. Ordenagailuak ez dizu esaten: “orain argazki hau gorde egingo dut”. Horren ordez, sinbolo batzuk manipulatzen ditu, arau jakin batzuen arabera. Fodorrek uste du antzera dabilela giza pentsamendua ere: kontzeptuak, sinboloak, sintaxia eta arauak darabiltza.

Adibidez, “zakurra+zaunka” ez da esaldi bat, baizik eta buruko egitura bat. Baina “zakurra+zaunka” bezalako egitura batek, aukera ematen du informazioa konbinatu eta “zakurraren zaunka” lortzeko.

Hiru egitate edo arazo azaltzeko darabil Fodorrek gogamenera, liburua atera zuenean eztabaidagai zirenak, eta halaxe izaten jarraitzen dutenak:

Lehenik, gizakiok pentsamendu berriak sortzen eta ulertzen ditugu, eta inoiz entzun gabeko esaldiak: “nire auzoko elefante moreak Beethovenen sonatak jotzen ditu”. Esaldi hori inoiz entzun ez arren, hala ere badakizu zer esan nahi duen. Nondik nora? Fodorren esanetan, osagai mentalak konbinatzen ditugulako, edo zaizkigulako. Baditugu elefante, more, auzoko, Beethoven, sonata, jotzea; eta adimenak konbinatu egiten ditu. Horregatik dio Fodorrek pentsamendua konposizionala dela.

Bigarrenik, pentsamenduak inferentziak egiteko balio du: zakur guztiek arnasa hartzen dute, Pintto zakurra da, beraz Pinttok arnasa hartzen du.

Fodorrek dio giza gogoa ez dela mugatzen irudi solteak gordetzera; gainera, egitura logikoak erabiltzen ditu. Horregatik behar du gogamenerak sintaxia. Pentsamendua, neurri batean, kalkulu batda. Eta hortik dator Fodorren kognitibismoaren ideia nagusietako bat: gogamena informazioa prozesatzen duen sistema konputazional bat da. Burmuina litzateke hardwarea eta adimena softwarea. Fodorren ustez, Azurmendiren azalpenaren arabera, "zuzenean hardwarea nola muntatua dagoen deus jakiteke, zientzia kognitiboek ikas dezakete eta deskriba dezakete, softwareak nola diharduen eta zer ekarpen dakarren, ikasketa horretan hardwarea deusetarako aintzat hartu gabe, nahiz beti jakin, softwarea esaniko jardun guztian hardwarearen menpeko dela guztiz". (406)

Hirugarrenik: nola pentsa dezake haurrak hitz egin aurretik? Haur txikiak ez baitu hizkuntza naturalaren gramatika menderatzen. Hala ere, gauzak ezagutzen ditu, gurariak ditu, itxaropenak eta helburuak, eta objektuen arteko erlazioak ulertzen ditu.

Eta animaliek, antzera: zakurrak badaki atea irekitzen, katuak badaki janaria armairuan dagoela, txinpantzeak tresna bat darabil helburu jakin baterako. Ez dira euskaraz edo ingelesez mintzo, baina badute nolabaiteko pentsamendua. Horrenbestez, ezin dira pentsamendua eta hizkuntza naturala berdindu. Pentsamendua ezin da hizkuntza naturalaren ondorio izan.

Fodorren ikuspuntuak dakarren paradoxa: pentsatzeko ez dugu hizkuntza naturalik behar, ados. Gogamenera hizkuntza da, alabaina. Halatan, Fodorrek pentsamendua hizkuntza naturaletik askatzen du, zertarako eta beste hizkuntza batean sarrarazteko. Jakingarria deritzo Azurmendik paradoxa horri. Azurmendiren galdera Fodorri: “Zergatik deitzen diozu hizkuntza?”

Egia baita Fodorren gogamenerak badituela hizkuntza naturalen zenbait ezaugarri: sinboloak, sintaxia, egitura konposizionala, arauak, konbinazioa. Ordea, ez ditu hizkuntza naturalaren beste ezaugarri batzuk, hala nola historia, jendartea, komunikazioa, kultura, erabilera, mundu-ikuskera. Halatan, Azurmendik ez du kategorikoki baieztatzen “ezinezkoa da gogamenera”; aitzitik, mugatzen da Fodorri galdetzera: “pentsamendua azaltzeko darabilzun hizkuntzaren kontzeptua ez ote da murritzegia?”

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
Ondo ekarria. Adibidez, ez Mitxelena ez Brassens ... Markos Zapiain, 2026/06/16 10:25
Georges Brassens (1921-1981) kantari ... Amatiño, 2026/06/11 14:50
Mila esker, Urko! Irakurri ditiat Mastodonen gai ... Markos Zapiain, 2026/06/10 21:03
Txillardegik eta Jorge Luis Borgesek hizkuntzari ... Urko Azpitarte Zubizarreta, 2026/06/09 18:42
Beharbada bai, Amatiño. Hori bai, ... Markos Zapiain, 2026/05/28 07:35
Ebidentziaren bost paradigma horiek egia ... Amatiño, 2026/05/27 18:16
Arrazoia, Amatiño, kar-kar-kar.   Josu Goikoetxea ... Markos Zapiain, 2026/05/02 22:56
Von Neumannek, matematiko eta informatiko ... Amatiño, 2026/05/02 12:11
Euskal abeslari ospetsu batek pertsona ilegabeen ... Markos Zapiain, 2026/03/12 17:55
Andoni Ortuzar zara? Markos Zapiain, 2026/01/07 17:50