Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Gizonaren eta andrearen arteko desberdintasuna, zehazki

Gizonaren eta andrearen arteko desberdintasuna, zehazki

Markos Zapiain 2008/07/11 16:53

Hainbat haritik tiraka saiatu izan gara gizonaren eta emakumearen arteko desberdintasun psikologikoa adierazten: gizona erasokorra ei da, harroa, adimena erabiltzen du, proiektua; andrea berriz emozioen munduan dabil gehiago, pasiboa da eta intuitiboa. Gizona eguzkia eta andrea ilargia, lurra edo leizezuloa. Gizonak urrutira begiratzen du baina ez da gai aurrean duena ikusteko ere; aldiz, emakumeari dendako erakusleihoa eta oro har hurbila irresistiblea zaio, gizonak ez bezala jendea nola doan jantzita garbi ikusten du, hautemateko gaitasun handiagoa baitu oro har.

Zaila da hori guztia onartzea. Inor gutxi dago bereizketa horrekin erabat ados. Agian izaeran eta goi mailako ezaugarrietan bilatu beharrean egunerokotasunera jaitsi eta jarduera eta ohitura zehatzak hartu beharko genituzke aintzat.

Eta hor garbi nabaritzen da edozeinek onartzeko moduko desberdintasun bat, gizonaren eta emakumearen arteko aldearen esentziatzat har genezakeena: gizona, tabernan eta nonahi, komuneko txirristan kaka-pusketa bat itsatsita ikusten duelarik, pixa bertara zuzendu eta gogor ahalegintzen da desitsasten. Ostera, emakumeak eseri eta oso bestelako kontuei buruz hausnartzen du. Azpian ukan lezakeen kaka itsatsiaz ez da arduratzen, beste norabide batera zuzentzen baitu soa.

Sarritan, komunera lagundu duen adiskidearekin hitz egiten du. Beti galdetzen diogu gizonok gure buruari zergatik ote doazen binaka neskak komunera. Berriki jakin dut andreak mundu mailako konfabulazio bat antolatzen ari direla gizonak suntsitu eta desagerrarazteko. Hain zuzen, komunean egitasmo esterminatzaile horren xehetasunak eztabaidatzen eta erabakitzen omen dituzte.

markos zapiain
markos zapiain dio:
2008/07/26 12:09

bai, jakingarria ibon arrizabalagak dioena; eta uxue alberdik primeran darama elkarrizketa, hasiera eta amaiera bilduz eta abar

john stuart mill-ek ere, "emakumeen menpekotasuna" idatzi ahal izateko ("klasikoak" bilduman dago, doan jaitsi daiteke internetetik bai pdf eta bai word, eta bestalde edgar allan poeren kasuan bezala "stuart" hori izenaren bigarren atala da, beraz "m" apalean kokatu beharko genuke) ibon arrizabalagarenaren antzeko autoanalisia egingo zuen

millek salatzen du (1869an) emakumea bizimoduari dagokionez esklabo dela (ez da metafora, esklabo gisa bizi da egitez): egun osoa zerbitzari, atsedenaldirik gabe: menpekotasun sexuala, domestikoa, politikoa (ez da hiritarra, ezin gizonen postuak eskuratu), intelektuala (derrigortuak daude inkultu izatera eta gero gizonek inkultukeria leporatzen diete), hezkuntzari dagokiona;

errotiko menpekotasuna: andrearen ongizatea, etortzekotan, senar, haur, etxekolan, gizarte eginbehar eta izen on burgesaren tiraniaren ostean letorke

millen proposamena: erabateko berdintasuna; aukeratuak izateko eskubidea, gobernatzekoa eta gizonen ordezkeri izatekoa

(michel onfrayren laburpena da; caen-go unibertsitate popularrean 2007ko urtarrilaren 30ean eman zuen eskolan ageri da: http://pagesperso-orange.fr/michel.onfray/programme_up_Michel_Onfray.htm#2006-2007

leire
leire dio:
2008/07/12 15:38

Ez nago ados ia ezergaz. Heziketak egiten gaitu. Arroparena, adibidez, gezurra da: ia jostun-diseinatzaile guztiak gizonezkoak dira. eurtek diktatzen (aditz egokia) moda. Komunean jartzen garenean -jar gintezkeenean- beti begiratzen dugu nolako komuna den, edo nola dagoen komuna. Bestela, makurtu eta jesarri barik egiten dugu. Eta lagunarena. Zergatik ematen dizue horrelako morboa binaka joatearenak? Hainbeste urtetan binaka joaten eta ez dugu lortu zuek desagerraraztea! Estretegia txarra darabilgun seinale :-) Luistxoren erantzunarekin ere ez nago batere konforme. Gizonezkoak ez zarete hain basikoak. niri inguruan tokatu zaizkidan asko, behintzat, konplikatuak, alrebesak eta ulertezinak dira. iZenak ere eman nitzake :-) Pentsa, emakume bat baino gehiago ezagutzen dut, ni barne, eskatu izan duena gizonezko normal bat, mesedez, sinplea, konplikaziorik gabea! Pentsa!

leire
leire dio:
2008/07/18 16:22

Gizonen gaineko elkarrizketa interesgarri bat, Markos http://tinyurl.com/65zyxk Disfrutaizu!

Luistxo
Luistxo dio:
2008/07/12 10:31

Teknikak argitu du azkenean zein den desberdintasuna: argi geratu da

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.