Gizona bakarrik abere huts?
Ez dago ikuspuntu eta jarrera absolutuki neutralik; aitzitik, kokatua dakusa beti Azurmendik behatzailea. Ez historialariak, ez filosofoak, ez zientzialariak ezin du bere burua denboratik eta espaziotik kanpo kokatu historia edo existentzia behatzeko. Ezagutza oro baldintzatzen dute gure oinarri eta zerumuga historiko eta linguistikoek.
Hans Blumenbergen metafora ezagunaren arabera, itsasontzia portutik itsaso zabalera doalarik, kostaldean daudenentzat itsasontzia ari da urrutiratzen; aldiz, itsasontzian daudenentzat kostaldea da aldentzen ari dena. Ez bata ez bestea ez dagokio “inondik begiratzen ez duen” ikuspuntuari: biak dira behatzailearen kokapenari lotutako egia kokatuak, behatzailearen kokapenetik eraikitako deskribapen zuzenak.
Gisa berean, Azurmendirentzat, gizaki guztiok pentsatzen dugu hizkuntzaren baten barrutik.
Tentuz, haatik: horrek ez du esan nahi hizkuntzak espetxeak direnik. Hori ondorioztatu dute Benjamin Lee Whorfen zenbait jarraitzailek, baina Azurmendik gehiegizkotzat jotzen du interpretazio hori.
Azurmendik ez ditu hizkuntzak espetxe gisa ikusten, baizik eta etxe gisa, ate eta leiho ugariko etxeak. Horregatik dira itzulpenak posible. Bestela, ez genuke ezta Humboldti buruzko Azurmendiren liburua ere.
Itzulpena ez da mirari. Meritu handiko lan gisa dakusa Azurmendik, ez baita soilik jatorrizko hizkuntzako hitzak xede-hizkuntzakoekin berdintzea, baizik eta mundu baten eta beste baten arteko negoziazioa. Horregatik dio itzulpena posible dela, baina ezin dela mekanikoa izan, hizkuntza batetik bestera eraman beharrekoa ez baita soilik hiztegia, baizik eta mundu-ikuskera, pentsaera eta bizimodua. Izugarrizko lana da literatura lan handiak zinez itzultzea. Zer ez ote digun ihes egingo Gargantua eta Pantagruel-etik, aski berria den arren.
Irekiak dira beraz Azurmendirentzat hizkuntzak, aldakorrak, elkar kutsatzen dute, maileguak hartzen dituzte. “Esku” bezain euskara duzu honezkero “trigonometria”. Horrenbestez, mundu-ikuskerak ere ez dira bloke itxiak. Ez dauzkagu porlanez bereiziriko euskal mundua, alemaniar mundua eta txinatar mundua, porotsuak baitituzte mugak.
Mitxelenak ere sarritan nabarmenduriko hizkuntzen aldakortasunari dagokionez, ez dugu ohartzea baino gaur egungo gazte askok —eta areagotu egingo da noski joera hori datozen urteetan—, tratatu feminista bat dutela aurrean ziurtzat jotzen dutela Azurmendiren “Gizona abere hutsa da” izenburua irakurrita, emakumea humanoagoa dela ulertaraziko balu bezala inplizituki.
