Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Gizakiaren heriotza, Foucaulten Jakintzaren Arkeologian

Gizakiaren heriotza, Foucaulten Jakintzaren Arkeologian

Markos Zapiain 2023/02/25 13:20

Foucaulten obra hiru arotan sailkatu ohi da. Jakintzaren Arkeologia deitzen diote lehenbizikoari.

Hemen kokatzen dira:

-Eromenaren historia (1961). Eromenaz eta psikiatrikoaz dihardu.

-Klinikaren sorrera (1963). Ospitalea, eritasuna eta heriotza ditu aztergai.

-Hitzak eta gauzak (1966). Hizkuntzalaritzaz, biologiaz eta ekonomiaz. Liburu honetan aldarrikatu zuen gizakiaren heriotza.

-Jakitearen arkeologia (1969). Aurreko liburuetan erabiliriko metodoez (badugu euskaraz, Klasikoak bilduman, Xabier Arregik euskaratua eta Xabier Apaolazaren hitzaurre mamitsu batekin).

Frantzian, 50 eta 60ko hamarraldietan, marxismoa, existentzialismoa eta fenomenologia ziren nagusi Filosofian, subjektu librean oinarrituriko humanismoa, Jean-Paul Sartre buru. Gizakiak askatasunez sortzen duela Historia zioten, ekonomiak edo geneek determinaturiko orainetik libre. 

Ikuspuntu horren aurka altxatu ziren “estrukturalista” deitu zituztenak (Foucaultek berehala egingo zion uko etiketari): Lévi-Strauss, Althusser, Lacan, Barthes eta Foucaulten iritziz, egitura inkontziente kontrolagaitzen sareetan harrapatua egoten da jendea preso eta itsu, eta subjektua edo gizakia oinarri gisa hartzeak dakartzan zenbait ondorio gaitzetsi zituzten. Foucaultek uste du askatasunari begira hobe dela subjektu libre aizun hura eta giza zientzietako “Gizakia” hiltzea. Humanismo biguna nagusi zen sasoi hartan zarata handia atera zuen Foucaultek “gizakiaren heriotza” aldarrikatu izanak. 

Aro arkeologiko honetan "jakintza" zeritzona ikertzen saiatu zen Foucault, “episteme” ere izendatu zuena. "Jakintza" hori, kultura eta garai jakin batean egiten eta esaten diren guztien azpian legokeen pentsamendu inkontziente ezkutua litzateke, agerikoa baldintzatzen duena. Ohiko zientzia, filosofia eta erlijioaz bestelakoa da jakintza hori, baina haiek agertu ahal izateko ezinbestekoa.

Foucaultentzat, libre ez da dakiena, ikaslea eta asmatzailea baizik, dakiguna batzuetan inkontzientea baita, eta besteetan ikaste-prozesuak atzean utzitako hilotza. Hala eta guztiz ere, libreago gara ohartzeke jakintzat ematen genuenaz jabetu ostean, aurretik baino. Jakintza anonimo baten sareetan gaude harrapatuak gizarte orotan: esaten den guztia (ideiak, epaiak, iritziak, bazterketen zuriketak), alde batera, eta, bestera, egiten den oro (erakundeak, ohiturak, salerosketak, poliziaren makiladak), jakintza-sistema inkontziente horri dagozkio. Hortaz, garai eta hizkuntza bateko pentsamendu inkontzientearen baitan pentsatzen dugu nahitaez. Aske izateko, horrenbestez, garrantzitsuena ez da gizakiok pentsatzen duguna, baizik eta pentsatzen duguna pentsatzea ahalbidetzen digun jakintza pentsatu gabeaz ohartzea.  

Arkeologian bezala, azpiko geruzetara iritsi beharra dago. Arkeologiarekin batera, Foucaultek “arche” grekoari bestelako erreferentzia bat ere egiten dio: ez soilik Filosofiaren Historiako testu kanonikoak, “artxiboa” ere arakatu beharra dago, hots, poliziaren eta epaitegietako txostenak, bazterrean gelditu diren egunkariak, edozein testu. 

Foucaultek ez du geure iragana zientifikoki zehaztu gura, historialari eta pentsalari gehienen antzera, ez du gure iraganaren egia azaldu nahi, baizik eta geure orain arteko egiak iragan egin direla azpimarratu, geure oraina etorkizunaren iragan bezala ikusten baitu batez ere. Foucaulten azken helburua oraina kritikoki ulertu, garena ganoraz diagnostikatu eta izanarazi gaituztena aldatu eta ahaztea da. Horretarako da beharrezkoa geure garaiko "jakintza" zuzen aztertzea. 

Amaraun hori deseraiki beharra dago, ikasle eta asmatzaile bilakatuko bagara. Horrenbestez, askatasunari bagagozkio, garaiz eta tentuz apurtzea lagungarriagoa da betikoan lasai aritzea baino. Arazoa soluzioa baino inportanteagoa denez gero, Sokratesen «dakidan gauza bakarra deus ez dakidala da», eta Kanten «ez da filosofia ikasten, filosofatzen baizik» berpizteko, gizakiak hil egin behar du. Hauxe litzateke Foucaulten gizakiaren heriotza sonatuaren beste esanahi bat: jakintza-gizakiak (hau da, aldi berean dakien gizakia eta jakintza-objektu den gizakia) zendu egin behar du, ikaslea, asmatzailea, abenturazalea, esperimentatzailea sortuko badira. Preso gauzkan jakintza-itxitura hautsi eta jarrera esperimentatzaile eta libreagoa sortu ahal izateko, hortaz, aurrena indarrean dagoenaren derrigorrezkotasunaren justifikazioak deseraiki beharko ditugu.

Jakintzaren arkeologiaren aroan, idazketa eta eromena uztartu zituzten zenbait idazleren obrak ere aztertu zituen, hala nola Roussel, Artaud edo Nietzscherenak. Foucaultek nabarmendu zuen idazleok eromena mintzarazi eta entzuleria bat sortzen diotela. Ordu arte, aldiz, zentzudunak bakarrik mintzatu ohi ziren eromenaz, eroa bera isilarazirik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.