Giza hizkuntzaren berezitasuna: artikulazio bikoitza
Ondo zekien Txillardegik noraino heltzen diren primateak pertsona gorren zeinu-hizkuntza erabilita. Artikulu gogoangarri bat eskaini zion, Hizkuntzalaritza hiztegian jasoa: “Mintzamena gizonetik at”. Txillardegik garbi zuen ez dela errotikoa gizakien eta gainerako animalien arteko aldea. Animalia guztiok ditugu geure bereizgarriak. Darwinista zen. Hizkuntzari dagokionez ere, gradualtzat zuen primateen eta gizakion komunikazio-sistemen arteko bilakaera, ez jauzi absolututzat. Harrigarria zitzaion txinpantzeen gaitasuna aurretik ezagutzen dituzten hitzak konbinatuz hitz berriak sortzeko: adibidez, “ur” eta “txori” ezagututa, lehenbiziko aldiz ahate bat ikusi eta “ur-txori” bataiatzekoa.[1]
Dena den, esanguratsua zeritzon, halaber, giza mintzamenaren eta txinpantzeenaren arteko aldeari. Primateen zeinu-hizkuntzak ez darabilen artikulazio bikoitzean kokatu zuen alde horren funtsa. André Martinet hizkuntzalariak asmaturiko kontzeptua da. Eta, Txillardegik dioenez, «giza mintzairaren oinarria bera artikulazio bikoitza baldin bada, antropoideek ikasi duten mintzabidea ez da giza mintzaira».[2]
Txillardegiren gisa berean, Martinetek uste du mintzabidea dela funtsean hizkuntza. Esaldiak esanahia sortzen du, eta transmititu egin nahi izaten du. Alta, berez esanahirik bideratzen ez duten hotsak darabiltza giza hizkuntzak, bokalak eta kontsonanteak. Ez dira soinuak baizik. Esanahira iristeko, artikulatu egin behar dira. Eta Martineten esanetan, giza hizkuntza naturalak –formalak edo primateenak ez bezala–, bikoitza du artikulazioa. Zertan da artikulazio bikoitz hori? Txillardegiren hitzetan,
«artikulazio bikoitzaren teoriaren arabera, ahozko kate mintzatua da hizketa; eta kate mintzatuan agertzen diren soinuak bi mailatan zati daitezke. Lehenengo mailako atalek (“monemek”) bi izari dituzte: fonetikoa eta semantikoa; bigarren mailako atalek (“fonemek”), berriz, izari bakar bat dute: fonetikoa. Monemek zerbait adierazten dute; fonemek, berriz, ez dute ezer adierazten».[3]
Hortaz, esanahia duen edozein unitate konplexu, hala nola esaldia edo hitza, osagai txikiagoetan bana daiteke. Maila bitan sailka daitezke osagairik txikienak. Maila batean monemak daude: esanahia duten elementu minimoak dira monemak; eta bestean fonemak: esanahirik ez duten baina esanahiak bereizteko balio duten elementuak. Jakobsonen esanetan, fonemak dira “quanta linguistikoak”. Zenbait fonema elkartuz sortzen dira monemak.
Hori bai, ez dira monema eta hitza nahasi behar: “bernazaki” izenak ez du monema bakarra, hiru baizik: “berna”, “zahar” eta “ki”. “Harrigarriak” hitzak, berriz, lau monema dauzka: “harri”, “garri”, “a” eta “k”.
Mugatuak dira fonemak kopuruz, baina, fonemen arteko konbinazioari esker, monema, hitz eta esaldi kopuru mugagabea sor dezakegu: bitarteko finituen erabilera infinitua baita, Wilhelm von Humboldtek zioenez, edozein hizkuntzaren funtsa.[4]
Monema mota bi dauzkagu: batetik independenteak, hitz oso gisa ageri daitezkeenak, “zuhur”, “eta” edota “gauza” legez; eta, bestetik, mendekoak, ezinbestez doazenak beste monema bati lotuak, hala nola “-tasun”, “-keta”, “-garri” atzizkiak, edo deklinabideko “-tik” eta “-ra”, edota aditzetako “-t” eta “-ke”.
Primateak hizkuntza ez-artikulatuaren jabe dira, non seinale bati gauza bat dagokion.[5] Txinpantzeen esku dago, orobat, lehenbiziko artikulazioa, esanahiari lotua, “ur-txori” horrek frogatzen duenez.
Bigarren artikulazioa soinu bereizgarriei dagokie. Esan bezala, fonema bik formalki bereizten dituzte esanahi propioak dituzten unitateak: “hutsa” ez da “hotsa”, /u/ eta /o/ euskaraz ez dira-eta fonema bera. Are, berezko esanahirik ez dutenetarik ere bereizten dituzte (“lor”, “lur”, *“lir”).
Giza hizkuntzaren ezaugarri bereizgarria artikulazio bikoitza izateak esan nahi du bai fonemak eta bai monemak ezin konta ahala moldetan konbina ditzakegula, mugagabeki sor ditzakegula esanahi berriak. Martineten adibidea: sekulako buruko mina jartzen bazait, garrasi egin dezaket. Hori ez da giza hizkuntza; bai ordea “buruko mina daukat” esatea.[6] “Min” eta “buru” monemak dira. Lehenbiziko artikulazioari esker, milaka bestelako esalditan artikula ditzaket beste monema batzuekin: “herrimina sentitu zuen”, “mindua dauka bizkarra”, “lehengusua jarri dute enpresako buru”, “buru hainbat aburu”, etab. Era berean, /i/ eta /n/ fonemak dira, eta, bigarren artikulazioa erabilirik, milaka eta milaka monema, hitz eta esaldi sor ditzaket beste fonema batzuekin konbinatu eta artikulatuz gero. Hitz gutxi batzuetara mugatzearren: “min”, “jin”, “zin”, “pin”, “fin”, “gin”, “din”…
Washoo, Moja, Lucy, Booce eta Txillardegik “Mintzamena gizonetik at” zoragarrian aurkeztu zizkigun gainerako primate berritsuek lehenbiziko artikulazioa bai, baina bigarrena ez zuten egundo erabili. Behar handirik ere ez zuten sumatuko. Txillardegi:
«Giza hizkuntzaren ezaugarri nagusia artikulazio bikoitza baldin bada, primateek ez dute hitz egiten; baina sinbolizatzea eta ideiak kate batez adieraztea baldin bada, primateek badute mintzamena (oinarrian bederen). Badirudi, beraz, mintzaira izan dela hominizazioaren katean pausorik inportanteena eta erabakigarriena».[7]
Hemen ere konplikazioa, haatik: Jaques Monod eta François Jacob biologoek –Txillardegiren erreferentzia nagusiak Natur Zientzian– erakutsi dute kode genetikoaren idazkerak ere artikulazio bikoitza darabilela. Beraz, hizketan ez baina geneetan bai, Txillardegi bezain bikoizki artikulatua legoke Washoo txinpantzea.
[1] Hizkuntzalaritza, 320. or.
[2] Ibidem, 17. or.
[3] Ibidem, 316. or.
[4] Carlos P. Otero, La revolución de Chomsky, Tecnos, Madril, 1984, 110. or.
[5] TXILLARDEGI, Euskal kulturaren zapalketa 1956-1981, Elkar-AEK, Donostia, 1981, 11. or.
[6] Éléments de linguistique générale, 5. argitalpena, Armand Colin, Malakoff, 2008, 37-39. orr.
[7] Euskal kulturaren zapalketa 1956-1981, 11. or.