Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Gezurtia bikotekide

Gezurtia bikotekide

Markos Zapiain 2010/12/14 13:39

Feminist Economics aldizkariak dakar: Ingalaterran 3.500 bikote inkestatu ditu London School of Economics delakoak, eta frogatuta geratu da dibortzio-kopurua izugarri murrizten dela baldin gizonak etxeko lanetan esku hartzen badu: umeak zaindu, garbiketak, erosketak, eta abar. Berdin dio emakumea etxeko andre den edo etxetik kanpo lan egiten duen. Gizonak irensgailua erabiltzeak sendotzen du bikotea, ez bikotekideen arteko konfiantzak. Konfiantza, hori atzerapausoa.

Platonek, eta Platonen ondoren beste askok, maitasuna gabezia dela adierazi dute, ezin duzula maite falta zaizuna baino. Bestalde, zoriona maite duzun hori erdiesten duzunean pizten omen da, eta halatan ezin luzaz iraun. Behin maitea lortuta, ez zaizu falta, etxean duzu, bere burua eskaintzen dizu. Alta, maitasuna falta baldin bada, eta emaztea ez baldin bazaizu falta, egunero bertan baituzu, orduan ezinezkoa duzu emaztea maitatzea. Abiapuntu honekin, Platonek ezin du azaldu nola gerta daitekeen munduan noizean behin agertzea elkar luzaro maite duen bikote bat. Mirari hori gerta dadin, ezinbesteko baldintza dateke konfiantzak gurean duen gehiegizko ospeaz mesfidatzea.

Gure gizartean behin eta berriro errepikatzen baita lelo faltsu bezain kaltegarri hauxe: bikoteak konfiantza behar du oinarri. Tratu txarra ematearen eta onartzearen azpian maitasun-eredu erromantikoa dagoela salatzen dute adituek, baina ez dute konfiantzaren laudorioa eta premia zalantzan jartzen.

Gezurtiak ez du bikotea osatzeko eskubiderik ala? Konfiantza deritzon hori ez ote da sarritan utzikeriaren pareko, ezintasun halako bat? Zuk zeuk gezurrerako joera baduzu debekatu behar al diozu zure buruari, konfiantza eragin ezinaren izenean, bikote-bizitzarako eskubidea, bistan den arren konfiantza hori sarritan hipokresiak edo ahuleziak ekarria dela?

Bikote gehienetan egitez funtzionatzen duena da nork bere buruari gezurra esateko eskubidea ematea, atzeman ez zaitzaten ahaleginduz, eta aldi berean bikotekidearen markaketa zorrotza eta, gezurretan harrapatuz gero, espantua eta errieta. Nekez eta oker altxatuko dugu Euskal Herria hainbesteko itxurakerian oinarrituta.

Gezurti batekin bizi bazara eta “zer moduz Gasteiz aldean?” galdetzen badiozu, edota “zelan masajistarekin?”, badakizu erantzunak apika zerikusia izango duela enpirikoki gertatuarekin, baina apika ez. Ziur dakizuna da erantzuteko orduan bikotekideak erantzun dizun hori entzunarazi nahi zizula, kito. Eta hori ez da eragozpena amodioz eta laztantasunez bizitzen jarraitu ahal izateko. Hori bai, gezurtiak ganoraz bete beharko luke bere lana. Lardaskeria hutsa litzateke ezustean hirugarren batengandik adarren berri edukitzea, ohiko xehetasun mingarriak. Nolanahi ere, txapuzero horrek ez luke “gezurti” izen ohoretsua mereziko.

Bikotekidea gezurtia atera bazaizu, ezaugarri hori barne behar duzu maite. Alde on ugari ditu gezurtiak: gezurtiaren aldean, beti eta nonahi egiara mugatu beharra duena ezindu antzeko bat da, kamutsa, edo bestela alferra. Egia esateak ez du ahaleginik eskatzen; aitzitik, gezurrak asmamena ez ezik gero asmatuari eusteko irudimenaren etengabeko lana ere eskatzen du. Ariketa horren ondorioz, gezurtia irudimentsuagoa izaten da, barregarriagoa izan daiteke, libreagoa, eta, egiati beti ere zozoagoak ez bezala, ustekabez bete diezazuke ohea.

 

 

 

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.