Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Galera estrukturalak

Galera estrukturalak

Markos Zapiain 2024/02/29 13:10

Inkontzienteraino iristen den inbasio linguistikoaren aurka jo zuen beti Txillardegik. Euskararen senari eustearen alde ageri da eskuarki, fonologian, gramatikan, sintaxian zein lexikoan.  

Txillardegirentzat, estrukturalisten ildotik, hizkuntzaren estrukturetan terminoa ez da ezer berez: betetzen duen tokiak ematen dio izatea, gainerako terminoekin duen harremanak. /p/ fonema beste leherkariekin duen harremanak definitzen duen bezala, kolore urdina grisaren eta berdearen artean dagoena litzateke, eta arreba genuke ez dena ez ahizpa, ez anaia eta ez neba. Estrukturako termino bat aldatu edo desagertuz gero, sistema osoa berregituratzen da, oreka berri baten bila.

Adibidez, semantikari gagozkiola, “urdin” kolorearen esparrua askoz ere zabalagoa zen euskara zaharrean egun baino; indoeuroparrek grisa eta berdea sartu zizkigutenean, flakatu behar izan zuen urdinak, kolore berriei tokia egiteko. Sistema osoa berrestrukturatu zen. Era berean, “anaia” “neba”ren esparruaz jabetu zelarik. Txillardegi:

«Euskara zaharrak badu horrelakorik asko; gaur askoz ere gutxiago, gure hizkuntza «bitxikeria » horietarik «garbitu» bait dugu, «razionalago» eginez (alegia: erdal estrukturen eta logikaren arabera...)».[1]

Morfologian ere, gauza bera gertatzen da. Eta hemen Txillardegik erabakigarritzat duen Whorfen ideia bat kontuan hartzea komeni zaigu:

«”Gauzen” munduari dagokionez —dio Whorfek— etxe, zakur, zubi, hosto, eta abar, hizkuntza guztietan funts berbera, edo oso antzekoa, aisa aurki daiteke. Baina bilakaera, aldakuntza, EBOLUZIOA eta etengabetasuna diren fenomenoetan (alegia: DENBORAN BARRENA gertatzen diren fenomenoen azterketan; eta berboaren mailan, beraz, oso bereziki) taxuketa egin behar dute hizkuntzek, horietan benetan hemendik edo handik ebaki-beharra dago, elementuak ez bait dira inola ageri. Whorfen ustez, beraz, DENBORAREN AZTERKETA da hizkuntzen funtsaren argitzaile nagusia».[2]

Azter ditzagun, beraz, euskal aditzetan denborari dagokionez gertatu diren aldaketa batzuk.

Frantsesek eta espainolek ez dute “etorriko litzateke” eta “etorriko zen” bereizten (“vendría”, “viendrait”), eta gure artean ere “etorriko zen” nabarmen ari zaio aurrea hartzen “etorriko litzateke”ri.[3]

Hainbat kasutan erdal estrukturak zeharo barneratu zaizkigu dagoeneko, eta euskararen berezkoa aienatu. Adibidez, Txillardegik, Euskal gramatika liburukoteko orrialderik ederrenetan, Resurreccion Maria Azkuerekin eta René Lafonekin bat datorrela erakusten digu: aspektua zen giltzarria euskal aditz zaharrean, hau da, ekintza burutua ala burutugabea denetz, denboraren egiazkoa ala alegiazkoa, eta ez ekintza iraganekoa, oraingoa ala gerokoa ote den.[4] Ordea, auzoko erdaren eraginez, euskal hizketan zein gramatiketan iragana/oraina/geroa, atzo/gaur/bihar estruktura bilakatu da aditzaren denbora-molde nagusi[5]. Aspektuak ez du lehen zeukan garrantzia gaur. Are, Lafonen esanetan, desagertua da hainbat paradigmatan burutuaren eta burutugabearen arteko oposizioa. Espainolek eta frantsesek beren azter-moldeak kutsatu dizkigute, eta galdu egin ditugu geure aspektu zahar gehienak. Hurrengo testuan zenbait kasu zehatz aztertuko ditugu, Txillardegiren eskutik.



[1]  Hizkuntza eta pentsakera, 53. or.

[2] Ibidem, 62-63. orr.

[3] Ibidem, 25. or.

[4] Euskal gramatika, Ediciones Vascas, Donostia, 1978, 23. atala: “Aspektua eta denbora”, 212-231 orr. 

[5] Ibidem, 228. or.; iIkus orobat TXILLARDEGI, Lingua navarrorum, Orain, Hernani, 1996, 35-36 orr.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.