Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Filosofia irakasteko jarduera egoki pare bat

Filosofia irakasteko jarduera egoki pare bat

Markos Zapiain 2024/12/12 12:55

Filosofo Euskaldunen Lehen Bilkura egin genuen iaz Eibarren. 2025ean egingo dugu bigarrena. Ikasgelan erabiltzeko moduko praktika on edo jardunbide egokiren bat proposatzea egokitu zitzaidan Bilkuran, teknologiei loturiko mahaian.

Filosofia helenistikoan erabiltzen ziren eskuliburuen tankerako bat idatzarazi izan diet ikasleei, eta ez du txarto funtzionatzen. Horren berri ematea erabaki nuen. Egia da teknologiarekin lotura ez dela agerikoa, informatika eta adimen artifiziala iradokitzen du gehiago “teknologia” hitzak gaur egun irakaskuntzan, baina ia edozertarako balio du filosofiak, eta eskuliburu helenistikoak Michel Foucaultek “Niaren teknologiak” deitu zituenaren baitan koka daitezke. Halako aitzakia merkeak onartzeko orduan eskuzabalak izaten dira gainera UEUkoak eta Agorakoak, batez ere gainbehera doan pentsionista baldin bazara.

Eskuliburua nia zizelkatzeko tekniketako bat zen eta da. Erruz darabilte psikologo kognitiboek, eta mugimendu psikologikorik garrantzitsuenetakoa da kognitibismoa gaur egun. Funtsean, ez dute egiten estoikoak eta Epikuro hartu eta kopitsatsi baizik; hori bai, beroketa klimatikoa, Internet eta Vladimir Putin han-hemenka aipatzen dituzte, ukitu garaikideaz mozorrotze aldera.

Ordu erdi neukan. Eskuliburuari buruzkoarekin, hala ere, ez nituen bete hogeita bost minutu baizik. Ordu erdira iristeko, bigarren praktika on honen berri eman nuen: azterketako galderak formulatu ondoren, ordu laurden egon behar du ikasleak idatzi barik, bolaluma ukitzeke, egonean. Ezin du pentsatu baino egin: oroimena piztu, erantzunaz hausnartu, erantzuna egituratu. Bizialdi osoan lehenbiziko aldiz egon dela hain luzaro deus egin gabe jakinarazi izan dit ikasle batek baino gehiagok.

Gaurko gazteen arazo psiko-filosofikoetako bat da hutsari eta deusezari etengabe ihes egin beharra, bakarrik gelditu bezain laster mugikorra piztu beharra, sekula ez egotea benetan bakarrik eta ezer egin gabe eta isilik. 

Jarduera egoki hori ez zitzaidan niri bururatu: Biologiako irakasle Idoia Pujana arratiarrak ezagutarazi zidan, eta berari Biologiako irakasle suediar batek.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.