Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Fededunen eta ekologisten eragozpenak. Desiraungiriko hibridoen inguruko hutsune legala

Fededunen eta ekologisten eragozpenak. Desiraungiriko hibridoen inguruko hutsune legala

Markos Zapiain 2024/07/25 21:10

Hainbat arazo etiko-politiko aipatu da edizio genetikoa erabilirik mamut iletsua desdesagerrarazteko George Churchen proiektua zalantzan jartzeko. Interneten kuxkuxeatuta edonork egiazta dezake zalaparta itzela piztu dela. Churchen etsaiek transhumanismoaren aurkako Francis Fukuyamaren, Julian Sandelen eta Jürgen Habermasen kritikak baliatu dituzte.[1] Hona hemen argudioetako batzuk:

Aurrena, animalien ongizatea: sortuko liratekeen mamutek bizimodu egoki eta osasuntsua izango ote luketen kezka dago. Ez ditugu geneen manipulazioaren ondorioak zehazki ezagutzen, arriskutsuak izan litezke. Eta gizakien zaintzapean bizitzera behartuta egongo lirateke mamut horiek, aspaldi desagertu baitzen haien habitat naturala. Gainera, edizio genetikoak ez luke mamut iletsu purua berpiztuko, zeren asiar elefantearen zeluletan txertatuko bailirateke mamut iletsuaren ezaugarri espezifikoak ematen dituzten geneak. Editatutako zelulekin enbrioi hibridoak sortzen dira laborategian. Mamut iletsuen kasuan, enbrioiak elefante eme baten uteroan ezarriko lirateke, haurdunaldi artifizial hori aurrera eramateko. Horrenbestez, zehazki hitz egitera, kumea ez litzateke mamut iletsua izango, baizik eta elefante-mamut hibridoa, mamut iletsuaren ezaugarri batzuekin.

Hurrena, proiektuak baliabide zientifiko eta ekonomiko handiak eskatzen ditu: anitz ezkertiarren iritziz, haatik, bestelako premiak dauzka munduak, hala nola gosea, migrazioa eta gerra, eta Churchenaren tankerako proiektuek arreta eta sosa desbideratzen dute. Ekologiara mugatuta ere, baliabide horiek beste ikerketa edo kontserbazio-proiektu batzuetara bideratu beharko lirateke; horien artean, hain zuzen, klima-aldaketaren aurkako borrokara. Churchen argudioa —mamutek beroketa globala geldiarazten lagun dezaketela— ez dago zientifikoki frogatua; dirua eta denbora alferrik galtzen arituko ginateke.

Hirugarrenik, ekologisten aldetik argudiatu da desagertutako espezie bat egungo ekosistemetan berriz sartzeak izan ditzakeen ondorioak ez direla ezagunak, eta biodibertsitatea eta ingurumenaren oreka arriskuan jar ditzakeela. Hobe genuke ahalegin horiek bideratzea gaur egun arriskuan dauden espezieak salbatzera.

Azkenik, gizakia ez da Jainkoa, eta iraungiriko espezieak berpiztuta Jainko izatera jostatzen ariko ginateke. Fededun askok uste du gizakiak ez lukeela esku hartu behar espezieen desagertze naturalaren prozesuan. Ildo berean —batzuetan parekagarriak baitira sinestunaren Jainkoa eta ekologistaren Natura—, ekologista askok giza harrokeriatzat jo du proiektua, naturaren legeak menderatu nahi izateagatik. Espezieen benetakotasuna kordokatuko genuke, sortuko litzatekeen animalia ez bailitzateke betiko mamuta, esan bezala, baizik eta elefante-mamut hibrido bat. Arazo juridiko bikoitza genuke horrela: espezie berpiztuen estatus legala ez baldin badago batere argi, are ilunago dago artifizialki sorturiko hibrido iletsuena.

Bai nahasgarria mundu arrano hau! Garaiz joan hintzen, Jose Luis!



[1] Sarea ez ezik, hurrengo orrialdeak idazteko Luc Ferryren La révolution transhumaniste ere erabili dut, Plon, Paris, 2016.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.