Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Ezusteko erasoak kontrolatzeko zailtasunak

Ezusteko erasoak kontrolatzeko zailtasunak

Markos Zapiain 2026/07/25 19:19

Guk dakigula behintzat, orain arte AA ez da matxinatu; baina ahalmena izan du berriki hutsune bat aurkitzeko eta bere alde ustiatzeko.

Ez da hor deus misteriotsurik. Ez du egin zibersegurtasuneko ikertzaile on batek egingo lukeena baino; hori bai, askoz ere eskala handiagoan: hipotesi ugari aldi berean probatu, kode mordo izugarria sortu, milaka bide baztertu, eta ahultasuna detektatu arte aurrera jarraitu.

Arriskua ez dakar AA gaizto bilakatu izanak, baizik segurtasun-neurriak baino azkarrago hazi izanak helburuak erdiesteko bitartekoak optimizatzeko gaitasuna.

Hainbat bider gertatu da antzekorik azkeneko mendeotan: XIX.ean, adibidez, lehenago garatu zen industria kimikoa segurtasun-arauak baino; energia nuklearrarekin ere berdin, XX. mendean; eta segida bereko katebegia dirudi XXI. mende honetan AArekin jazotzen ari dena.  

Arazoa ez da guk sorturiko teknologiak kontzientzia erdietsi ote duen, ezpada botere teknologikoaren eta kontrolaren arteko desfasea.

McLoughlinek mugak argiro definitzeaz dihardu. Zer arraio da ordea muga AArentzat?

Zentzu etiko, sozial eta juridikoa izaten du gizakiontzat debekuak. Aldiz, AAn debekua ez da optimizazio-funtzioan kontuan hartu beharreko osagaietako bat baino. XXI. mendeak dakarkigun arazo filosofiko berri bat dugu hor.

Baldin eta gai bazara hain maila altuko iskilu erasokorra sortzeko, gai izan beharko zenuke orobat sendotasun berdineko defentsa-mekanismoak asmatzeko. Ez legoke txarto perpaus hori hastapen etiko gisa; eta ez bakarrik AArako, baizik eta edozein teknologiarako.

Autoak egiten badituzu, orobat behar dituzu balaztak egin. Erreaktore nuklearrak eraikitzen badituzu, berehalako itzaltzeak bezalako babes-sistemak ere erabilgarri jarri behar dituzu. Eta AAren eredu autonomoak asmatzen badituzu, haiek kontrolatzeko arkitekturak ere sortu beharko dituzu.

McLoughlinek iradokitzen du AAk hiru urte barru bere kabuzko ziberesaroak egingo dituela. Gutxitan asmatzen dute ordea halako iragarpenek. Hiru urte? Beharbada bai, beharbada ez. Dena den, ezin ukatu joera bat sumatzen dela: galderak egiten genizkion lehen AAri; helburuak ipintzen hasi gatzaizkio arestian. Hutsala dirudi aldaketa horrek, baina hortxe egon liteke iraultza berri baten gakoetako bat, arras bestelakoak baitira galdera bati erantzutea eta helburu jakin bat zeure kabuz gauzatzen saiatzea.

Nahiko garbi dago datozen urteetako eztabaida nagusia ez dela izango AAk pentsatzen dakien ala ez. Praktikari eta eraginkortasunari begiratuko dio gehiago. Horrelako zerbait: nola diseinatu sistema bateko helburuak, murriztapenak eta gainbegiratzea, gara ez ditzan espero gabeko estrategia instrumental kontrolagaitzak?

Txillardegik zein Azurmendik azpimarratzen zuten arrazoimen instrumentala ez dela nahikoa; helburuen balioaz eta zentzuaz ere eztabaidatu beharra dago. Hain zuzen, eta paradoxaz, AAren aroan ari da ideia hori inoiz baino aintzat hartu beharrekoagoa bihurtzen. Dena den, eztabaida horren ondorioz hartuko balira erabakiak, ez dirudi Txillardegiren eta Azurmendiren munduan hartuko direnik. Ez bakarrik ez direlako euskal munduan hartuko; gainera, helburuen balioaz eta zentzuaz futitzen den botereak hartuko ditu. Ez al da ia beti horrela gertatu?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
Ondo ekarria. Adibidez, ez Mitxelena ez Brassens ... Markos Zapiain, 2026/06/16 10:25
Georges Brassens (1921-1981) kantari ... Amatiño, 2026/06/11 14:50
Mila esker, Urko! Irakurri ditiat Mastodonen gai ... Markos Zapiain, 2026/06/10 21:03
Txillardegik eta Jorge Luis Borgesek hizkuntzari ... Urko Azpitarte Zubizarreta, 2026/06/09 18:42
Beharbada bai, Amatiño. Hori bai, ... Markos Zapiain, 2026/05/28 07:35
Ebidentziaren bost paradigma horiek egia ... Amatiño, 2026/05/27 18:16
Arrazoia, Amatiño, kar-kar-kar.   Josu Goikoetxea ... Markos Zapiain, 2026/05/02 22:56
Von Neumannek, matematiko eta informatiko ... Amatiño, 2026/05/02 12:11
Euskal abeslari ospetsu batek pertsona ilegabeen ... Markos Zapiain, 2026/03/12 17:55
Andoni Ortuzar zara? Markos Zapiain, 2026/01/07 17:50