Ezagutzatik ekintzara
Ezagutzaren ingurukoak ziren berriki arte AAri buruzko eztabaida gehienak: ulertzen ote du? Ba al daki arrazoitzen? Kontzientzia izatera iritsi ote liteke? Turingen testa gaindi lezake?
Orain, aldiz, fokua ekintzara pasatzen ari da. Galdera ez da honezkero “zer dakien”, baizik eta “zer egiteko gai den”. Adierazgarria da gure albisteko AA ez zela mugatu informazioa ekoiztera; gainera, bere helburuak lortzeko ingurunea aztertu zuen, ahultasun bat aurkitu eta, bere alde erabilirik, ekintza-kate bat osatu zuen.
Aristotelesek bezala, Hannah Arendtek ere garbi bereizten zituen pentsatzea eta jardutea. AAren bilakaeran ere antzeko jauzia ikusten ari gara: hizkuntza-sistema huts izatetik agente eragile izatera igarotzen ari da.
Humboldtek, Wittgensteinek, Heideggerrek, Mitxelenak, Txillardegik eta Azurmendik hizkuntza ez zuten informazioa transmititzeko tresna soil gisa ulertzen; munduarekin jarduteko eta munduan bizitzeko gizakiaren modua ere badela azpimarratu zuten. Hein batean, gaur egungo AA eragileak ere ekintzak antolatzeko darabil hizkuntza. Erdigunean dugu berriro ere hizkuntzaren filosofia, teknologia berrien eskutik oraingoan.
