Ezagunetik ezezagunera
Ez dago hizkuntzek mamituko luketen Logika bakar bat; aitzitik, bere logika propioa du hizkuntza bakoitzak. Bost fonema bokaliko bereizten ditu euskarak, hiru inuiterak, hamahiru ingelesak, hamasei frantsesak. Gizajoak frantsesak; guk, berriz, esker ona zor diegu Santimamiñeko eta Anatoliako arbasoei, aski erosoa baita bost bokaleko sistema.
Blanca Urgellek Berrian: «Munduko hizkuntzetan badirudi rotokas (Ginea Berria) dela hots gutxien dituena: bost bokal eta zazpi kontsonante; eta taa (Botswana) gehien daukana: 58 kontsonante, 31 bokal eta lau tono omen».
Soinu-kate infinituan, hizkuntza bakoitzak inkontzienteki bereizten, nabarmentzen, ebakitzen eta erabiltzen ditu soinu jakin batzuk fonema bokaliko gisa.
Bost bokal izatea eta ez hemeretzi, ez zen deliberamendu kontziente baten ondorio izan. Euskara asmatzen ari ziren ehiztari-biltzaileak ez ziren xirula jo ondoren Isturitzen asanbladan bildu eta eztabaidatu, batua sortzeko Arantzazun bezala:
“Nire uste apalean, ez da egitura txarra bost bokalek osatzen dutena, hats hets hits hots huts”.
“Eta ü?”
“Jainko laztana, hasi gara...”.
Azkenik, adostasunera heldu eta
"Konforme, bost bokal izango ditu gure hizkuntzak, hau poza!”
Ez bada.
Geldika-geldika modu inkontzientean iristen dira hizkuntzak estruktura fonologiko horiek sortzera eta erabiltzera.
Fonema-kopuru mugatu batek konbinazio mugagabeak ahalbidetzen ditu. 28 fonema artikulatuz amaigabe asma ditzakegu esaldi eta liburu berriak, eta egundo entzun eta irakurri gabekoak ulertu. Hizkuntzaren giltzarria, Humboldtek zioenez, bitarteko finituen erabilera infinitua baita. Zentzurik gabeko elementu gutxi batzuen arteko konbinazioek sortzen dituzte zentzu eta forma infinituak. Horixe da genoma eta giza mintzaira berdintzen dituena, eta horri deitzen dio Txillardegik hizkuntza. Hizkuntza da logika ere, eta ezaguna konbinatuz heltzen da logika ezezagunera, dakigunetik abiatuta ez dakigunera.
