Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Ez dakizun tren baten zain

Ez dakizun tren baten zain

Markos Zapiain 2025/09/24 11:25
Joxe Azurmendiren heriotzaren harira

Hil egin zaigu Joxe Azurmendi. Heriotzari buruz ere idatzi zuen, batez ere Azken egunak Gandiagarekin liburuan, doluetan batek baino gehiagok lagun izan duena. Ez du hil-beilarik eta hiletarik nahi izan: ezohiko ukoa gurean, enigmatikoa bezain esanguratsua itxuraz.

Joan zaigu Joxe, heriotzaz pentsatu nahiak eragiten dituen zailtasunen berri inork ez bezala eman duen euskalduna. Heriotza ez baita filosofiako gai bat besteen artean, besteen tankerakoa: gorputzaren eta arimaren arteko lotura, zer ote den gizakia gainerako animaliengandik bereizten duena, botere politikoaren legitimazio moldeak, edertasunaren eta simetriaren arteko harremanak... Gai horietako gehienek ez dute erakarri filosofoen arreta baizik. Aitzitik, kirolariak, txikiteroak, dendariak eta edonork du heriotza bere. Horregatik joko zuen beharbada Joxek maizago poetengana  filosofoengana baino, heriotzaz aritzeko orduan: Gilgamesh, Carmina Burana, Shakespeare, Gandiaga...

Etenik gabe dugu heriotza alboan. Senideen eta ingurukoen heriotzak, albistegietakoak eta fikzioetakoak, txikitandik eta ezinbestez garamatzate heriotza kontuan hartzera. Ordea, ez da gauza bera kontuan hartzea eta pentsatzea, fundamentuzko zerbait esatea. Sarritan, heriotza kontuan hartu eta erremediorik gabe ahultzen, isiltzen eta desagertzen da pentsamendua. Horregatik ere izan bide dira barnekoiagoak heriotzaren gaineko poeten esanak filosofoenak baino.

Gure tradizioetan, erlijioak ase du oroz gain heriotzari nolabaiteko zentzua emateko behar humano sakona, baina halako batean erlijioaren hizkera hori galdu egin zuen Joxek, eta  ez du alternatibarik aurkitu. Heriotzaz gaur egun ganoraz aritzeko ezina azpimarratu du heriotzaz gurean ganora handienaz aritu den filosofoak.

Azurmendiren esanetan, heriotzaren agerpenik gogor eta gordinena azkeneko unea baldin bada ere —eta hildakoek joandakoan uzten duten hutsunea—, nabarmentzekoak dira halaber bizialdian barrena sufritzen ditugun heriotza txikiak; abiatzea pittin bat hiltzea dela diote frantsesek, eta partieraz beterik izaten dira bizitzak. Azurmendik bere esperientzia propioaz diharduela dirudi hemen:

“Haurtzaroko eskola lagunak, batzuk gero sekula gehiago ikusi ez ditugunak; estudiantetako hiriak atzerrian, edo han alditxo bat inoiz bizi izan zarenak, eta orduko hainbat lagun edo ezagun, gero sakabanatu, haiekin ez baituzu harremanik gorde, etab., zenbat aldiz ez dituzu gogoratu! Joanak joan”.

Pertsonalak ematen dute honako adibide hauek ere, heriotzaranzko denboraren joanak ez duela atzera bueltarik darakutsatenak:

“Hitz batekin laguna kontsolatzeko izan zenuen posibilitatea, eta esan ez zenuena, ez zenuelako momentuan asmatu, edo ez zinelako ahalegindu behar bezala, ez da txarkeria kontua edo ez, baina ja ez da inoiz izango. Ez dauka zerikusirik moralarekin edo erlijioarekin. Bakarrik, ez da. Izan zitzakeen ondorioak, ez dira izango munduan. Ez dago bigarren aukerarik. Entzun nahi izan ez zenuen telefono dei angustiazkoa, inon ez da sekula entzungo. Itxaropen ketu bat da. Eta egin duzuna ere, pasea da ja, itzali da, sekula egin ez balitz bezala da nolabait. Gogoratzen duzu, baina ez da, beste denbora bat da orain. Ez dago iraupenik. Ez dago errepikarik. Ez dago aldatzeko modurik, iragana berregiterik”.

Metafora ikaragarri honekin adierazten du Azurmendik giza kondizioa:

“Beti geltoki batean bezala zaude, ez dakizun tren baten zain, denak joan eta gero”.

Hain zuzen, trenari loturiko hipotesi jakingarri hauxe adierazi du Amatiñok Joxek hil-beilarik nahi ez izanaz:

“Ohikoa egiteko ez dago pentsatu beharrik. Ezohikoa egiteko, ordea, sakon eta luzaro pentsatu behar da. Eta Joxe, lehen eta behingoz, pentsalaria zen. Baina paradoxa bada ere, sumatzen dut kasu honetan ez zuela lar pentsatu beharrik izan. Segurutik aspaldidanik zekien zer egin. Hor ez dago enigmarik. Trena hartu eta kitto”.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.