Ez betetzeko legeak
Hiritar eredugarri izateko ez da aski legea txintxo-txintxo betetzea. Elkarrekin bizitzen ikastea, legea goitik behera betetzea baino askoz ere konplikatuagoa eta interesgarriagoa da. Herri bateko kide peto izateko ez da aski legedia esplizitua ezagutzea, ezinbestekoa da jakitea legeak debekatzen duen arren denda jakin batek jai-egunetan ere irekitzen duela, eta legea gorabehera guztiok onartzen dugula. Gure gizartean bizitzen jakiteak eskatzen du ondo bereiztea ez bakarrik legea noiz bete behar den eta noiz ez, baizik halaber kontuan hartzea eta ez ahaztea legea bete dadila eskatzea sarritan umekeriatzat jotzen dela; are gehiago, eskakizun horretan tematzeak agintariekin arazoak ekar diezazkizukeela.
Nik ezagutzen ditudan herri guztietan, guzti-guztietan gero, badago igandez estraofizialki zabaltzen duen dendaren bat, denoi inoiz primeran etorri izan zaigunez, konpetentziakoei barne, inork salatzen ez duena. Eta aise irudika liteke ze bekozko iluna jarriko luketen alkateak edo udaltzainek, hiritar batek legea betearazteko eta denda horiek igandeetan itxiarazteko exijitzen tematuko balitzaizkie.
Hortaz, hiritar jator izatekotan zenbaitetan legea betetzea ez da batere komeni. Alde batetik, desobedientzia obedientzia baino etikoki zintzoagoa izan daitekeelako. Bestetik, agintariak, legea bete dadin nahi izanik ere, badakielako legea berez, edo bizi dugun egoeragatik, ezin dela bete (eskatu bestela autogintza 120 kilometro orduko baino lasterrago joaterik ez duten autoetara muga dadila, edo paper ofizialetan erosi duzun etxearen benetako salneurria ager dadila, edo presoak etxetik hurbil espetxera ditzatela…). Azkenik, legea edo agindua aldarrikatzen duenak legea ez dadila bete nahi izan dezakeelako, nahi hori ezkutatzera behartuta dagoen arren.
Azken konplikazio hau ez da Estatura mugatzen. Guraso naizen aldetik, maiz gertatu izan zait alabei zerbait agindu eta nahiago izatea agindua ez dezaten bete. Batzutan ikaragarria litzaidake obedituko balidate eta biziki pozten naiz aginduari muzin egiten asmatu dutela ikusten dudalarik, aitortzen ez diedan arren, horrek adierazten baitu gure gizarte korapilatsu honetan bizirauten ikasten ari direla.
Hainbat legek eta aginduk hauxe iradokitzen diete azpitik hiritarrei edo seme-alabei: “ez ezazu bete, ez zaitez ergela izan, baina konpondu zaitez ni ez konturatzeko. Konturatzen banaiz eta zu ez bazara konturatzen ni konturatu naizela, ezikusia egingo dut beharbada. Baina argi ibili, zu harrapatu eta gainera konturatu naizela ohartu zarela garbi balego, zigortu beharko zintuzket”.
Txikitandik eta pixkanaka-pixkanaka ikasten goaz zein den ezinbestez bete beharreko legea edo agindua, zein legek ez duen garrantzirik, zein agindu ahal den ez obeditu (baina kontuz, baliteke gurasoek nahiago izatea ez-obeditze horren berririk ez jakin), zein den agintariek ez betetzea nahiago duten legea, aitortu ez dezaketen arren…
Lege eta aginduekin bezalaxe gertatzen da adierazpen arruntekin ere. Baieztapen askoren helburu bakarra kontrakoa gerta dadin bideratzea da. Demagun bihartik aurrera Euskal Herrian bazkalostean “neuk ordainduko dut” aldarrikatzen duten guztiei “ados, abante, egizu” erantzuten zaiela, eta ez ohiko “ezta pentsatu ere, kendu paretik, nire txanda da”. Erreka joko luke berehala gure herriak, harridurak akabatuta.