Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Etikaren mendeko teknozientzia

Etikaren mendeko teknozientzia

Markos Zapiain 2024/07/26 11:10

Johnny von Neumann ez zen gero ikerketa eta sormen teknozientifikoa kezka moralen mendean jartzen duten bigun horietakoa. Sistema autoerreplikatzaile ororen oinarrian dagoen joko logiko-matematikoa desestali eta erakutsi zuen: biologikoa, zibernetikoa, edozein. Handik pixka batera antzeman zioten sistema horietako bati, DNAren helize bikoitzari. Sistema posibleetako bat baino ez da, ordea.[1] Bere burua ugaltzeko gai diren izaki guztien azpiegitura ulertu eta ezagutarazi zuen, biziaren eta artifizioaren sakonuneak parekatuta. Zirraragarria da irudikatzea zelan erabil dezakeen biziaren eta hilaren gaineko botere hori eskrupulurik gabeko ekimen handiko jakintsuak.

Hizkuntza genetikoaren letrak editatu ahal izateak inoizko aukerarik harrigarrienak ekarri baitizkio biologiari. Orain arte, gizartean sorturiko desberdintasunak murrizten saiatu gara gehienez ere, aberatsen eta txiroen arteko aldea kasu, loteria ekonomikoaren bidegabekeria zergen edo iraultza sozialistaren bitartez zuzentzen. Aurrerantzean, gizarteari ez ezik biologiari ere eragin ahalko diogu, loteria genetikoa ere zeharo injustua izaten baita: zergatik naiz ikaskideak edo bizilagunak baino itsusiagoa eta ergelagoa? Genomako letrak aldatuta loteria genetikoaren krudelkeria ere zuzendu liteke. Zoriaren apeta pairatzetik igaro ninteke nire eta nire ondorengoen izaera eta bizimodua neuk aukeratzera eta kontrolatzera. Zergatik ez?  

Oraingoz, egia da, eritasunen prebentzioan, ekosistemen babesean eta bizitzaren ulermenean zentratu da. Horietako batzuk aipatu ditu Lluís Montoliuk: sendagai eta txerto eraginkorragoak sortzea, biomedikuntzari esker tratamenduak pertsonalizatzea, eritasun genetikoen prebentzioa, uzta erresistenteagoak sorturik elikagaien balio nutritiboa hobetzea, kutsadura garbitzen duten organismoak sortzea, gene-editatzeari esker mehatxaturiko espezieak babestea biodibertsitateari eusteko, biziaren oinarrizko printzipioak hobeto ulertzea… [2]

Ordea, giza ahalmenen areagotzeari ere ekin dio edizio genetikoak, giza bizialdiaren batez bestekoa 150 urte arte luzatzeari, iraungiriko espezieak desiraungitzeari, eta batek daki zer gehiagori. Genomaren manipulazioak itxura siniestroa hartzen du maiz, eta hortxe dugu Von Neumann eta Txillardegi bereizten dituen bigarren afera: Txillardegiren ustez, zientziak eta teknologiak etikaren mendean behar lukete, balio zentzudunetara egokitu beharko luke ikerkuntzak, xede zuhurren zerbitzari beharko luke zibernetikak. Bioteknologiak dakarzkigun aukera txundigarriek dilema etiko sakonak planteatzen dituzte; eta, Txillardegiren iritziz, garrantzitsua da teknikaren garapena eta aplikazioa arretaz aztertzea, onurak eta arriskuak ondo neurtzea, eta jendartearen behar eta balioekin bat datozen erabakiak hartzea:

«Zibernetika zerbait ezagutzen dutenek badakite ordenadoreek aisa ebazten dituztela problemak; baina batño ere ezin dezaketela proposa. Hau oso inportantea da: xedeak, baloreak eta giza helburuak, beraz, Zientziatik at daude.»[3]

Balio etikoen arabera funtzionarazi behar dugula adimen zibernetiko neutroa azpimarratzen du Txillardegik, bere buruari helburu onargarriak jartzeak eta helburu horiek mamitzen saiatzeak ematen baitio zentzua giza patuari.[4] Badugu ordua datozkigun munstrozko hondamendiak galgatzeko eta teknozientzia bizitzaren alde jartzeko:  

«Baina gizonarentzako funtsezkoena ez da izan Zibernetika jainkosaren araberako “adimen” hotz hori, gizakiaren HELBURUEN zerbitzuan erabili behar den zibernetika laguntzailea baizik. Zailena ez baita problema bat askatzea edo garbitzea, problema bat SUMATZEA baizik. Hots, gaur modan dagoen adimena zibernetikoa da, analitikoa; eta hortaz BIZIERATIK ETA SINTESITIK AT. Gizakiaren kakoa, gizakiaren patuari zentzua ematen diotena, baloreak dira, helburuak, jatorrien berri ematen duten hitzak. Eta xede hauek ez dira Adimen huts eta hotzaren sorkari, beste maila bateko bilakizuna baizik».[5]

 



[1] The Man from the Future, 231. or.

[2] Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu, passim.

[3] “Monod mintzo”, Zeruko Argia, Lasarte-Oria, 1971-01-24, 3. or.

[4] “Fonfuruak”, in Zeruko Argia, Lasarte-Oria, 1971-09-05, 3. or.

[5] “Monod mintzo”, 3. or.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.